Eu

Euskadi Energia Berriztagarrien LPS bat izapidetzen eta energia eolikoko etorkizun baterako prestatzen hasi da

2019.eko ekainak 18

 

  • Eusko Jaurlaritza Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial (LPS) berri bat lantzeko izapideak hasi ditu, eta, Plan horretan, energia eolikoaren plangintza bat bildu da eta energia fotovoltaikoaren, geotermiaren, biomasaren eta itsas energiaren garapena areagotu da.
  • Tapia sailburuak energia-arloko euskal agendaren erronka berriak eman ditu ezagutzera Bruselan, eta 2030erako berrikusitako helburuak betetzen lagunduko duten proiektuak daude aurreikusita.
  • Helburuak energia berriztagarrien sorkuntza % 8tik % 15era igotzea eta guztizko kontsumoaren % 32 energia berriztagarriena izatea izango dira.
  • Helburu horiek lortzeko zailtasunak kontuan hartuta, sektoreko nazioarteko agenteek eta inplikatuta dauden Bruselako zuzendaritza nagusiek txalotu egin dute ekimen hori.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak, Europar Batasuneko Euskadiren ordezkari Marta Marinek eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak Energiaren Europako Astearen inaugurazio-ekitaldian parte hartu dute. Bertan, berritu egin da Europako Batzordeak klima-aldaketari aurre egiteko energia-trantsizio baten alde egindako apustua.

Eusko Jaurlaritzak, halaber, bere agenda eraman du Bruselara, Euskadik administrazioaren politika publikoetan lehentasuna duen erronka handi horrekin duen konpromisoaren erakusgarri.

Energia Berriztagarrien LPSa, energia eolikoarekin, erronka berriei erantzuteko

Testuinguru horretan, Tapia sailburuak iragarri du Euskadik Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial bat lantzeko izapideak aktibatu dituela, energia berriztagarrien mapa bat zehaztuko duen eta eskuragarri dauden teknologiek ahalbidetutako modalitate guztiak kontuan hartuko dituen plangintza-tresna bat edukitzeko. Oraingoan, gainera, gure lurraldean energia eolikoa sortzeko aukera berreskuratu da.

Europako Batzordearen ekitaldian parte hartzeaz gain, sailburua sektoreko hogei bat agente eta preskriptorerekin bildu da, eta aurtengo martxoan Gasteizko Legebiltzarrean egindako Euskal Energia Itunaren ondorioz Euskadik energia-efizientziari eta energia berriztagarrien sorkuntzaren aldeko apustuari dagokienez ezarritako helburuak berrikusteko duen borondatea helarazi die guztiei.

2030. urterako ezarritako helburu berriak, Europako Batzordearen 2018/2001 eta 2018/2002 zuzentarauen eta 2018/1999 Erregelamenduaren ildotik, honako hauek izango dira: efizientzia-neurrien bidez energiaren kontsumoa % 32,5eko proportzioan aurreztea eta energiaren guztizko kontsumoaren % 32 energia berriztagarriena izatea (energia hori gure lurraldean sortua zein inportatua izan daiteke).

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak sorkuntzari beste bultzada bat emateko borondatea adierazi du, eta, horretarako, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial berri bat izapidetzen hasi da. Plan hori energia berriztagarri mota guztien erreferentzia-mapa bat eskainiko duen ibilbide-orria izango da etorkizunean.

Energia berriztagarriak sortzeko etorkizuneko proiektu trinkoak

Etorkizuneko LPSak hainbat energia motaren garapena era esanguratsuan areagotzeko ekimen garrantzitsu berrien proiekzioa ahalbidetuko du. Izapideak hasi baino ez dira egin, eta administrazio prozedurak bi urte inguru beharko ditu, baina Eusko Jaurlaritza, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, dagoeneko hasi da lankidetza publiko/pribatuaren bidez bultzatuko diren etorkizuneko inbertsioak izango direnak proiektatzen.

Ildo horretan, adierazi beharra dago EEEk hainbat proiektutan parte hartu duela euskal enpresekin lankidetzan, formula publiko/pribatua lagungarria izan dadin herrialde-apustu hori gauzatzeko ezinbestekoak diren ekimenak egiteko garaian.

Proiektu horien artean, Arasur poligonoko EKIAN parke fotovoltaikoa azpimarratu beharra dago. Euskadiko eguzki-parke fotovoltaikorik handiena da, eta eguzki-energia elektrikoa sortzeko ahalmena bikoiztuko du bere 24 MW-ei esker. Azpiegitura hori egokitzeko obrak oso aurreratuta daude, eta aurki instalatuko dira eguzki-plakak. Jarduera, nolanahi ere, 2019. urte honen amaierarako egongo da prest.

Sailburuak, gainera, etorkizuneko Energia Berriztagarrien LPSaren emaitzazko mapa berrian proiektatzen eta ahalbidetzen diren aukerei jarraikiz Euskadin parke eolikoak garatu eta ezartzeko Iberdrola EERR-rekiko lankidetza-akordioa aipatu du.

Geotermiari dagokionez, etorkizun potentzialik handieneko proiektuak honako hauek dira: Zorrotzaurre proiektua (district heating geotermia/hidrotermiarekin), Gasteizko Koroatze proiektua eta Donostiako Txomin Eneko proiektua (biomasa bidez sortutako energia).

Adituen Batzordea

Eusko Jaurlaritzak, nolanahi ere, Legebiltzarrean lortutako Euskal Energia Itunaren esparruan ezarri ditu ekimen berri horiek. Bertan, euskal ekonomian 2050. urtean karbono-emisioak neutroak izateko ibilbide-orri integral bat diseinatuko duen Adituen Batzorde bat eratzea erabaki zen.

Adituen Batzordeko lan-taldeak Energiaren Euskal Erakundeak koordinatuko ditu. Batzordea, edonola ere, aurki eratuko da talde politikoek, Eusko Jaurlaritzak eta EEEk berak proposatutako profesionalekin.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @fco_granaino
    2019.eko ekainak 19

    Comentario de Twitter:
    @Gob_eus ¿En cuántos actos utilizarán la Ikurriña sin 🇪🇸?
    Ayer
    ✔️Bruselas, @MAECgob, https://t.co/eFA6TMWDQL
    ✔️Txur… https://t.co/z9y1884KUH

  • 2019.eko ekainak 18

    Dado que se utilizan las banderas vasca y europea, ¿por qué no está la bandera de España en el lugar de honor que por ley le corresponde, el central, según la ley 39/1981, https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-1981-26082?

Ekitaldiko kargudunak