Eu

300.000 euro udalerrientzako laguntzetarako, pasaia babesteko eta leheneratzeko planak prestatzeko (Gobernu Bilera 2019-06-18)

2019.eko ekainak 18

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren aginduari; horren bidez, Euskadiko udal eta kontzejuei paisaien ekintza-planak prestatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin da. Aurrekontua, guztira, 300.000 eurokoa da.

Paisaiaren ekintza-planak lurralde-eremu zehatz batean interesekoak diren natura-, hiri- edo industria-arloak leheneratzeko eta/edo horien balioa nabarmentzeko esku hartzeko tresnak dira. Gutxienez, paisaiaren eta paisaia-dinamiken diagnostikoa eta analisia eman beharko dituzte eta, horretarako, ekintzak eta jardun-programak zehaztu.

Eusko Jaurlaritza Europako Kontseiluak 2000ko urriaren 20an onetsitako Paisaiaren Europako Hitzarmenari atxiki zitzaion eta, horrela, bertan ezarritako edukiak hartu zituen bere gain, paisaia lurraldearen antolamendu-politiketan sartu zuen eta gaiaren inguruko sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak jarri zituen martxan.

Laguntza horien bidez, hainbat pasaia balioetsi nahi dira, baina, aurreko deialdian bezala, eremu narraitu eta degradatuetan kokatuta dauden eta antolamendua behar duten eremuen planak bereziki baloratuko dira, batez ere, bizitegi-garapeneko eremuetan eta XX. mendeko eremu industrialetan kokatutakoak.

Onetsitako aginduaren arabera, ekitaldi honetan paisaien ekintza-planak idazteko ordainsarien % 90 diruz lagunduko da, zergak aparte, gehienez 30.000 eurorekin plan bakoitza, harik eta dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte. Aurreko 3 ekitaldietan dirulaguntza jaso duten erakundeak ezin izango dira onuradunak izan, salbu eta berariazko uko egitea egon bada.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko