Eu

Euskadik laguntza eskaini dio Europako Batzordeari Blue Economy estrategia definitu eta garatzeko

2019.eko ekainak 17
  • Arantxa Tapia sailburua DG MARE Zuzendaritza Nagusian bildu da, Euskadik itsas energietan eta akuikulturan egindako aurrerapenak aurkezteko.
  • Halaber, premiazko neurriak eskatu ditu Bruselan, hala nola euskal flotak diharduen eremuetan arraste-arrantza pelagikoa debekatzea.
  • Bihar Energiaren Europako Asteari hasiera emango dion ekitaldi ofizialean izango da; bertan, Euskal Estrategia 2030aren inguruko nobedadeak eta estrategia horren barruan energia berriztagarrien alde egindako apustua aztertuko dira.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak Euskadin Ekonomia Urdineko estrategia baten alde egindako apustua aurkeztu dute Itsas eta Arrantza Gaietako Zuzendaritza Nagusian (MARE); estrategia hori itsas energia berriztagarrian eta akuikulturan (arrantza-jardueraren osagarria den garapen ekonomikoko jarduera gisa) oinarrituta dago nagusiki.

Blue Economy izenekoak arrantzaz eta energiaz bestelako jarduketa-eremuak biltzen dituela kontuan hartuta, gaurko bilerak adierazitako arloak izan ditu ardatz (energia berriztagarriak, arrantza eta akuikultura). Izan ere, ahalmen teknologiko handian eta egungo azpiegituretan oinarrituta, itsas garapen ekonomiko jasangarria bultzatzeko aukera handiak sortu dira Euskadin.

Euskadi, aldez aurretik, Ikerketa Zentro Erkidearekin (JRC) lankidetzan aritu da DG MARE zuzendaritza Blue Economy izenekoaren eraginari buruz egiten ari den azterketan. Zehazki, itsas energia berriztagarriaren sektorearen azterketa espezifiko bat egin du, espezializazio adimendunaren eta eskualde arteko lankidetzaren testuingurutik abiatuta.

Euskal azpiegiturak, Europako estrategiarako inspirazio-iturri

Euskal itsasertzeko itsas azpiegiturak BIMEP/Biscay Marine Energy Plataform izenekoan txertatuta daude. Plataforma horretan dauden itsas energiako bi instalazioak erreferentzia bihurtu dira Europan eta Europako garapen teknologikoan.

BIMEP Armintza (Bizkaia)- itsas zabalean probak egiteko eremua, sarera konektatua, olatuen energiaren bihurgailuak eta plataforma eoliko flotagarriak probatzeko eta balidatzeko. Mutrikuko instalazioa (Gipuzkoa)- Probak egiteko eta olatuen energia sortzeko instalazioa, ur-zutabe oszilatzailearen teknologia erabiltzen duena eta aire-turbinen, kontrol-estrategien eta ekipamendu osagarriaren inguruko kontzeptu berriak probatzeko aukera paregabea eskaintzen duena.

Teknologia horrek eskaintzen duen ahalmen handia eta biltzen dituen helburuak (aurrerapen teknologikoak, ikerketa eta energia berriztagarrien aprobetxamendua) kontuan hartuta, horrelako azpiegiturak bultzatzen jarraitu behar dela azpimarratu du Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak DG MAREko zuzendartiza-taldearekin egindako bileran, eta ikerketa-esparru horretan aurrera egiteko planak sendotzera bultzatu ditu Europako agintariak.

Akuikulturako eta itsas bioekonomiako ekimenak Euskadin

Gaur goizean ezagutzera eman diren ekimen berritzaileak bultzatzeko konpromisoa hartu du Euskadik.

2018.urteaz geroztik, gizentzeko baimendutako akuikultura-enpresak honako hauek izan dira: NER BREEN Hondarribian (tilapiaren gizentzea), MATXITXAKO SL, Ondarroan/Lekeition (muskuiluaren gizentzea) eta NUSI Kanpezun (amuarrainaren gizentzea).

Aurki, Mendexako itsas poligonoan egiten ari den jardueraren prozesua eta emaitza emango da ezagutzera, eta Eusko Jaurlaritzak Lemoizko instalazioen inguruan akuikulturako produkzio eta ikerketako gune bat sortzeko ideiari eusten dio.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) eta Europako Batzordeak (DG-MARE) Europan eta munduan etorkizuneko itsas ekonomiaren zutabe izango diren sektore gisa identifikatu ditu Itsas Bioteknologia eta Itsas Akuikultura.

Dirudienez, sektore berri hori garatzeko Europako esparrua itsas eskualdeen inguruan garatuko da, eta ekintzailetza eta berrikuntza urdineko ekosistemak eskualdeetan sortuko dira.

Euskadik ekonomia bultzatu eta enplegua sortzeko proiektu berriak garatzea ahalbidetuko dion toki bat hartu nahi du.

Itsas bioekonomia garatzeko eta itsas baliabide biologikoak ustiatzeko, beharrezkoa da itsasoarekiko hurbiltasuna, eta itsasoa eta bertako baliabideak baliatzeko, beharrezkoak dira ingurunearekin kontaktuan egongo diren langile eta ekipamendu espezializatuak.

Arrantza jasangarri eta seguru baterako premiazko neurriak

Tapia sailburuak, halaber, euskal flotaren intereseko eremuetan arrantza pelagikoari mugak jartzeko eta 46 paralelotik behera esklusio-eremu bat sortzeko eskatu du bileran.

Halaber, atunketarientzako segurtasun handiagoa, Europar Batasunaren lidergo handiagoa eskualdeetako arrantza-erakundeetan (atunketarien flotaren alde egin dezan) eta Euskadikoak bezalako artisau-arrantzako itsasontzietarako estaldura handiagoa eskatu du, eta Itsas eta Arrantzako Europako Funts bat sortzearen alde agertu da, eskualdeek kudeaketa propioko agintaritza eta erakunde ordaintzailea izan dezaten (Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren antzera).

Euskal Agenda Energiaren Europako Astean

Euskal ordezkariek hainbat bilera egingo dituzte egun hauetan Bruselan, energiaren agente preskriptoreekin, eta Energiaren Europako Astearen inaugurazio ofizialean (EUSEW2019) izango dira bihar. Bertan, euskal Estrategiaren oinarriak, haren helburuen berrikuspena eta Euskadin energia berriztagarrien sorkuntzari bultzada berezia emango dioten ekimen berrien abiaraztea jakinaraziko ditu sailburuak.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2019.eko ekainak 18

    Comentario de Twitter:
    Euskadi ofrece colaboración a la Comisión Europea en la definición y desarrollo de la estrategia Blue Economy https://t.co/jRKujHb6uA

Ekitaldiko kargudunak