
Espainiako Gobernu berria eratzea “premia bat izaten hasi” dela dio Eusko Jaurlaritzak
Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseilu ondorengo ohiko prentsaurrekoan.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka adikor agertu da inbestiduraren inguruko negoziazioen atzerapenaren aurrean, baina azpimarratu duenez premiazkoa izaten hasi da Espainiako Gobernu berri bat eratuta egotea. “Negoziazioa behingoz onestea espero dugu lehenbailehen Espainiako Gobernu berri bat edukitzeko, gobernatzen hasteko eta aurrean dituen erronka sozialei, ekonomikoei, lurraldekoei eta politikoei erantzuteko prest”, adierazi du.
AURREKONTUAK
2020ko Aurrekontuei buruz, Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, dagoeneko bi data itxi dira ekain honetan oposizioko alderdiekin bilerak egiteko. “Gobernuaren jarrerak errealismoari eta erantzukizunari erantzuten die”, gaineratu du. Erkorekaren hitzetan, lehenengo txanda horrek Gobernuak oposizioko hiru taldeei guztiak aintzat hartu nahi dituela adierazteko balio izango du, bai 2020ko Aurrekontuetarako bai Gobernu Programako gainerako planetarako eta proposamenetarako.
Erkoreka sailburuak nabarmendu du 2020ko Aurrekontuak funtsezko tresna direla ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko eta zerbitzu publikoei eusteko politikak martxan jarri ahal izateko.
Bestalde, luzapena “ez litzateke drama bat izango” azpimarratu du bozeramaileak. Nahiz eta azpimarratu duen Eusko Jaurlaritza azkeneko momentura arte ahaleginduko dela Aurrekontuak onetsi daitezen lortzeko. “Aurten, 2020ko Aurrekontuak ahalik eta akordio handienarekin onestea da gure erabaki irmoa”, gaineratu du.
ENPLEGUA
Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azpimarratu du suspertze ekonomikoa eta enpleguaren sorrera lehentasunezko helburua dela Eusko Jaurlaritzarentzat. “Enplegu gehiago eta hobea”, esan du. Helburu horrekin, “2020rako Enplegu Plan Estrategikoa” jarri zen abian; horrek hainbat ekintza jaso ditu, besteak beste, gaur onartu dituzten bi programa.
Alde batetik, Gazte Enplegurako Programa Operatiboa. Toki-erakundeek gazteak kontratatzeko helburua duen Programa honetarako, 6 milioi eta erdi euroko gastua egitea baimendu du Gobernu Kontseiluak. “Gure helburua da gure gazteei lan-garapenerako eta garapen pertsonalerako aukerak eskaintzea. Hori egiteko, enplegu-politiken toki-dimentsioa sendotu nahi dugu”, esan du Erkorekak.
Beste alde batetik, Autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programa onartu duGobernu Kontseiluak eta baimena eman dugu 4,1 milioi euroko gastua egiteko. Sailburuak azaldu duenez, 4,1 milioi euro horien bidez, ekintzaileei enpresa berria sortzeko prozesu osoan lagundu ahalko da: ideiaren garapenean edo jarduera berria abian jartzean, besteak beste.
PRESTAKUNTZA
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak 8,7 milioi euroko gastua egiteko baimena eman duela, doktorego aurreko ikertzaileen kontratuak finantzatzeko. Erkokekak esan duenez, zenbateko horren bidez, 384 euskal ikertzailek doktorego aurreko kontratua izan dezakete. “Gure helburua da beren lanbide-jarduera ikerketara bideratu nahi duten pertsonen prestakuntza sustatzea. Gainera, zientziaren eta teknologiaren arloan ikerketaren erreleboa bermatzen dugu”, gehitu du.
Bestalde, Erkoreka sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak baimena eman duela milioi erdi euroko gastua egiteko, Lanbide Heziketako zentroetan “Erasmus Plus Programa”ren beste edizio bat abian jarri ahal izateko. Erkorekaren esanetan, zenbateko horren bidez, urtero, Euskadiko LHko 700 ikasleren ikasketak finantzatuko dira eta 150 irakasleri atzerrian prestakuntza osatzen lagundu.
BERDINTASUNA
Josu Erkoreka sailburuak Eusko Jaurlaritzak emakume eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko lanean jarraitzen duela nabarmendu du. Izan ere, bere ustez, berdintasunean aurrera egitea da indarkeria matxista prebenitzeko modu bakarra. Ibilbide luze horretan, Eusko Jaurlaritzak, gaur, bi ekimen abiarazi ditu: alde batetik, 2019-20 ikasturterako Emakumeen kontrako Indarkerian Esku hartzeko Masterra egin nahi duten ikasleen matrikulak finantzatzeko bekak; eta, beste alde batetik, “Emakunde Saria”ren edizio berria, emakume eta gizonen berdintasunaren inguruan lan egiteagatik bereizi diren pertsona edo erakundeen jarduketa aintzatesteko.
EUSKADI BASQUE COUNTRY LAGUNA
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak kanpoan Euskadiren irudia sustatzen laguntzen duten pertsonentzako aintzatespen berria sortzea onetsi duela. “Euskadi Basque Country Laguna” da Eusko Jaurlaritzak sortu duen bereizgarria, kanpoan Euskadi Basque Countryren irudia sendotu nahi dutenak aintzatesteko. “Gure helburua da kanpoko euskal erkidegoarekin eta Euskadirekin kidetasuna sentitzen duten pertsonekin loturak sendotzea”, esan du.