Berriak Osasuna
Eu

Argibiderako oharra: Lehen Mailako Arretako greba

2019.eko ekainak 17

Euskadiko Lehen Mailako Arretarako esparruan hainbat sindikatuk deitutako greba-egunaren aurrean, Osasun Sailak eta Osakidetzak honako hau azpimarratu nahi dute:

  • Osasun Sailak eta Osakidetzak langile guztiek mobilizaziorako eta grebarako duten eskubidea errespetatzen dutela berresten dute. Hala ere, grebaren bidea justifikatuta ez dagoela uste dute, Eusko Jaurlaritza Lehen Mailako Arretaren egoera bideratzeko “neurri zehatzak” hartzen ari delako.
  • Adibidez, ekainaren 14an, ostirala, Hauteskunde Mahaiak egindako bileran, Osakidetzak hiru ekintza nagusi proposatu zituen udan osasun-zentroen, kontsultategien eta EAGen antolakuntza hobetzeko eta kalitatezko laguntza bermatzeko: aldi baterako ezintasunen bajak lehen egunetik betetzea, opor-garaian estaldura handitzea —2018an baino 3.000 lanegun gehiagorekin, gutxienez, beteko dira—, eta kontratatuko dituzten administrazioko eta erizaintzako langileen prestaketa bermatzea.
  • Neurri horiek orain arte hartutakoei gehituko zaizkie. Azken horien artean daude Osakidetzako langileek erosahalmena berreskuratzea — lanbide-karreraren ondorioz zor zitzaizkien ordainketak itzuliko zaizkie—; eta horrela, sindikatuek egindako aldarrikapen garrantzitsuenetako bati erantzungo zaio, edo Familia Medikuntzarako eta Erizaintzarako 46 plaza sortzea. Gainera, 200 profesional baino gehiagoz osatutako 11 lantalde Lehen Mailako Arretarako Estrategian lanean ari dira. Bertan 35 neurri hartuko dira; horien artean daude baliabide pertsonalak eta materialak indartzea, pertsonal sanitarioaren lana desburokratizatzea edo Erizaintzaren papera indartzea.
  • Osasun Sailak eta Osakidetzak, gainera, azken hilabeteetan bilera gehiago egin dituzte sindikatuekin, elkarrizketarako eta negoziaziorako duten borondatea erakutsiz. Apirilaz geroztik lau mahai sektorial egin dira eta, aste honetatik aurrera, aldebiko bilerak egingo dira sindikatu bakoitzarekin, euren proposamenak zehaztasun handiagoz aztertu ahal izateko. Osasun Saila eta Osakidetza prest daude Lehen Mailako Arretan arazoak konpontzeko.
  • Amaitzeko, bai Osasun Sailak bai Osakidetzak sentitzen dute pazienteei grebak eragin ahal izan dizkieten eragozpenengatik.

GREBAREN SEGIMENDUA: LEHEN MAILAKO ARRETA (ekainaren 17a)

Gaur Euskal Autonomia Erkidegoko lehen mailako arretaren eremuan deitu den grebak, goizean, honako segimendu hau izan du: 31%. Aurreko deialdian, maiatzaren 17an, jarraipena %35a izan zen.

Lurralde historikoen arabera, grebak honako segimendu hau izan du:

  • Araba: 33% (maiatzaren 17an %36)
  • Bizkaia: 34% (maiatzaren 17an %37)
  • Gipuzkoa: 26% (maiatzaren 17an %31)

Eta, lanbide-kategorien arabera, intzidentzia honako hau izan da:

  • Langile fakultatiboak: 53% (maiatzaren 17an %56)
  • Erizaintzako langileak: 15% (maiatzaren 17an %19)
  • Gainerako kategoriak: 23% (maiatzaren 17an %27)
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak