Eu

Artolazabal´ek Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako gazteei: “Asian, Afrikan eta Amerikan giza garapenerako boluntariotzan egingo duzuena gero hemen aplikatuko duzue, Euskadin, gure gizartean”

2019.eko ekainak 17
  • Agurtzane Llano, Marcos Muro eta Paul Ortegarekin batera, txartelak eta dokumentazioa banatu dizkie aurtengo udan Amerikan, Asian eta Afrikan 19 GGKEren proiektuetan parte hartuko duten 100 gazteri

  • Hiru hilabetez, uraren eta saneamenduen horniduran, irakaskuntzan, haurtzaroan, emakumeen ahalduntzean eta prestakuntzan, osasunean, adinekoetan eta azpiegituretan lagunduko dute

  • Guztira, 620 gazte aurkeztu ziren Eusko Jaurlaritzak antolatu dituen Euskadiko Gazteak Lankidetzan udako programetara.

  • % 82,74 neska izan zen; proportzio hori hautaketa-prozesu osoan mantendu da.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak zorionak eman dizkie aurtengo udan Asiako, Afrikako eta Amerikako proiektuetan parte hartuko duten Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako ehun gazteei, eta honako hau esan du: “euskal gazteak Europan garapenerako lankidetzaren eta arreta humanitarioaren eredurik onenetako bat da. Hiru hilez bizileku izango dituzuen herrialdeetan giza garapen integralerako, gizarte arloko, medikuntza-osasunaren arloko, antolamenduaren eta ingurumenaren arloko garapenerako eta garapen jasangarrirako boluntariotzan egingo duzuena gero gure gizartean eta etorkizuneko lanetan aplikatuko duzue hemen, Euskadin. Hori bikaina da”.

Artolazabalek, Agurtzane Llano Gazteriako zuzendariarekin, Paul Ortega Garapenerako Lankidetzako zuzendariarekin eta Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordearekin batera, gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan, txartelak eta dokumentazioa banatu dizkie Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren barruan aurtengo udan Amerikan, Asian eta Afrikan GGKEren proiektuetan parte hartuko duten 100 euskal gazte kooperanteri. Gazte horiek abentura datorren uztailaren 4an hasiko dute; orduan hasiko dira lehen taldeak beren helmugetara joateko bidaiatzen.

Sailburuak, oraingoan, “euskal emakume gazteen inplikazio berezia” nabarmendu du, “gero eta gehiago dira”. Oraingoan, 100 gazte horietatik, 82 emakumeak dira eta 18 gizonak. Lurraldeen arabera, 20 Arabakoak dira, 55 Bizkaikoak eta 25 Gipuzkoakoak.

Ehun gazte kooperante horiek honako herrialde hauetara joango dira, besteak beste: Peru, El Salvador, Guatemala, Honduras, Bolivia, Kolonbia, Mexiko, Ekuador, Senegal, Kamerun, Ghana, Mozanbike, Nepal eta India.

Eusko Jaurlaritzak babestutako laguntza-proiektuak antolatzen dituzten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak honako hauek dira: Arquitectos sin fronteras; Asociación Africanista Manuel Iradier; Asociación Desarrollo Foro Rural Mundial; Asociación Egoaizia para Cooperación al Desarrollo; Asociación Servicio Solidario San Viator; Asociación Taupadak; Asociación Vasca Solidaridad Internacional; Asociación Xenofobiaren aurka taldea; Edex, Centro de Recursos Comunitarios; Fundación Ayuda en Acción; Fundación Ayuda Más; Fundación Benito Menni; Fundación Jóvenes y Desarrollo; Fundación Juan Ciudad; Fundación La Valmuza; Fundación Mozambique Sur; Haurralde Fundazioa; eta Hermanas Pasionistas; Medicus Mundi Bizkaia.

Guztira, 620 gazte aurkeztu ziren neguan Eusko Jaurlaritzak antolatu dituen Euskadiko Gazteak Lankidetzan programetara. % 82,74 neska izan zen; proportzio hori hautaketa-prozesu osoan mantendu da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak