Eu

Artolazabal: “Enplegu-zerbitzu publikoen etorkizunean bereziki gazteak izango dira erreferentzia nagusi”

2019.eko ekainak 17
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak UPV/EHUren “Zerbitzu pertsonalizatuak. Enplegu-zerbitzu publikoen etorkizuna” Udako Ikastaroa inauguratu du, Bilbon
  • Besteak beste, honako hauek parte hartu dute: Fons Leroy Flandriako Lanbide Heziketako eta Enpleguko Zerbitzuaren zuzendari nagusia, eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusia

 

Bilbo, 2019 06 17

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, beharrezkoak dira “gutxieneko adostasun-puntu batzuk, enplegu-zerbitzu publikoen etorkizuna bereziki gazteetara bideratzea, erreferente nagusira”. Artolazabalek UPV/EHUren “Zerbitzu pertsonalizatuak. Enplegu-zerbitzu publikoen etorkizuna” Udako Ikastaroa inauguratu du, gaur goizean, Bilbon.

 

Ikastaroa Lanbidek sustatzen du, eta bihar arte iraungo du, ekainaren 18ra arte, UPV/EHUren Abandoibarrako paraninfoan. Bertan, besteak beste, honako hauek parte hartuko dute: Inés Ezkerraldeko eta Enkarterriko ESIko Berrikuntza eta Kalitateko zuzendariordea; Fons Leroy Flandriako Lanbide Heziketako eta Enpleguko Zerbitzuaren zuzendari nagusia; Carlos Bargós CARITAS Bizkaiko zuzendaria; Manuel   Luis, Iraitz Montalbán; Xabier Abaroa, Cristina Muñoz, Antonio Martínez, Susana Porras, Ana Sofía Telletxea, Héctor Izquierdo; María Rodríguez de la Rúa, Patxi Juaristi, Javier Ramos, Ion Uriarte eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusia.

 

“Gero eta pertsonalizatuagoak diren enplegu-zerbitzuen plangintzan, garrantzitsuena da aurretiaz prest egoteko sentsibilitatea izatea. Egiteko modua dauzkagun informazioaren, kontzientziaren eta konpromisoaren araberakoa izango da. Ez dago zerbitzu publiko pertsonalizatuen garapen positiboan eragin dezaketen estrategia edo faktore posibleen eraginkortasunarekin zerikusia duen irtenbide bakarrik. Irtenbide sistemikoetan pentsatu behar dugu”, esan du Artolazabalek.

 

Erantzunkidetasuna

Sailburuak honako hau esan du: “dena ezin da administrazio babeslearen sistema baten esku utzi”. Erantzunkidetasuna gure jarduketaren oinarrizko printzipioa da. Bereziki, gazteek ardura horren erreferente izan behar dute. Etorkizuna beraiek biziko dutena da, eta hori presente izan behar dugu etorkizuneko zerbitzu publiko pertsonalizatuen apustu estrategikoan. Zerbitzu pertsonalizatuak eta enplegu-zerbitzu publikoen etorkizuna gaurkotasuneko beharrezko gaiak dira, enpleguaren munduan egoera eta joera berriak zehaztu eta kudeatzeko”.

 

Ikastaroan, zerbitzu publikoen eraldaketen esperientziak aurkeztuko ditugu, pertsonalizazioaren eta optimizazioaren eremuetan, eta eragin berezia izanik enpleguan. Halaber, erakunde publikoetan eta ekimen pribatutik gizarte-eragin handia duten sektoreetan garatutako erreferentziak aurreikusiko dira.

 

Artolazabalen hitzen arabera, “gizarte-, ekonomia-, teknologia-, ingurumen- eta politika-eremuetatik ikusten diren aldaketek eragina dute gugan, eta sakontasuna, azkartasuna eta osotasuna bereizgarri dituzten eraldaketak eragiten dituzte.  Testuinguru horretan, administrazio publikoak, oro har, eta gureak, zehazki, zerbitzuen eta antolamendu publikoaren egokitzapenari heltzen diogu”. 

 

“Osasunaren, hezkuntzaren, etxebizitzaren, enpleguaren, segurtasunaren, gizarte-zerbitzuen, energiaren, hondakinen birziklapenaren eta kudeaketaren, ura eskuratzeko bidearen, medikamentuen, posten, garraioaren eta komunikazioen edo pentsioen arloetako zerbitzu publikoek dagoeneko badituzte pertsonalizatu beharreko prestazioa eta kudeaketa, bai sektore publikoan, bai pribatuan; horretarako, gero eta zehatzagoak diren erabiltzaileen profiletara egokitu behar dira, eta horiei neurri bereziekin erantzun behar zaie. Zerbitzu optimizatu horiek arin eta denbora errealean kudeatu ahal izatea da asmoa”, esan du Artolazabalek, UPV/EHUko paraninfoan.

 

Artolazabalen hitzen arabera, “aurrerapen adimendunerako egiturak sortzen ari dira; gainera, dagoeneko, datuen analisi masiboaren bidez kudeatu egiten da; eta informazio-ekoizpen handia erregistroko eta estatistikako administrazio-jardueraren ondorio da. Horren guztiaren ondorioz, hobekuntza lortuko dugu enplegu- eta prestakuntza-politiken plangintzan.  Aurrerapenezko adimen hori lortzeko, sektore pribatuarekiko elkarlana funtsezkoa izango da eta, horretarako, erantzunkidetasunaren kontzeptuan sakondu beharko da”. 

 

Digitalizazioa

“Epe ertainera, aurrez aurreko formatuak eskaintzeari uko egin gabe, kanal digitala zerbitzuen prestazioetara jotzeko lehentasunezko formatu bilakatuko da.  Pertsona eta enpresek administrazioarekin duten harremanean lehen aukera izango da, baina kanal digitalak ez du ezertarako balio izango, baldin eta ariketa teknologikotzat bakarrik jotzen badugu. Hura aplikatzeko, administrazioak antolamendu-aurrerapen sendo eta konplexuei egin beharko die aurre eta, horretarako, beren egungo eta etorkizuneko egitura eratzen duten pertsonetan duen eragina balioetsi”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

“Baina enpleguaren etorkizuna ez da aldaketa digitala bakarrik; izan ere, gure ekonomiaren jasangarritasunean ere badatza, bai eta balio-kateetan, aldaketa demografikoan eta zahartzean ere. Ezin ditugu aldaketa horiek eten, baina bai aprobetxatu. Aldaketa horiek kudeatzeko, aukerak bilatu behar ditugu eta Euskadiko eta Europako gizartearen balio humanistak eta solidarioak izan behar ditugu gogoan, horiek gidatu behar baitituzte ekonomia- eta merkataritza-politikak. Gizarte-hazkuntza eta -bilakaera ere elkarrekin doaz”, esan du sailburuak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Inés Gallego, Fons Leroy, Carlos Bargós ; Antonio Martínez, Susana Porras, Ana Telletxea, Héctor Izquierdo; María Rodríguez de la Rúa, Patxi Juaristi, Javier Ramos, Ion Uriarte, Borja Belandia