Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egingo dute 2019ko Araba Euskaraz ospakizunarekin

2019.eko ekainak 13

Osasun Sailak eta Osakidetzak berretsi egin dute euskararen sustapenarekin eta normalizazioarekin duten konpromisoa; horretarako, 2019ko Araba Euskaraz ospakizunean parte hartuko dute. Igandean ospatuko da, Vitoria-Gasteizen.

Oraingoan, nobedade gisa, stand bat jarriko dute, Prado parkean, eta 11:00etatik arratsaldeko 17:00ak arte egongo da zabalik, eta, bertan, bi jarduera interesgarri egingo dira.

Batetik, umeek lehen sorospeneko tailer batean parte hartu ahalko dute, “Ume sorosleak”; haur eta gazteei zuzenduta dago, gazteenei larrialdi-egoeretan nola esku hartu irakasteko. Ordu eta erdiko tailerra izango da, eta bi txandatan egingo da: goizeko 11:30ean eta arratsaldeko 15:00etan.

Gainera, standean edoskitze naturalerako espazioa egongo da, behar duten emakumeentzat.

Bestalde, standera hurbiltzen diren pertsona guztiek Osakidetzarekin harremanetan jartzeko lehentasunezko hizkuntza nola aukeratu jakin ahalko dute, eta zuzenean erregistratu ahalko dute aukeratu duten hizkuntza. 

Hori horrela, Nekane Murga Osasun sailburuak honako hau ziurtatu du: “Erabiltzaileen eta plantillaren beraren hizkuntza-eskubideak bermatzea Osasun Sailaren lehentasunezko helburuetako bat da; etengabe ari da euskararen normalizazioan aurrera egiteko lanean, Osakidetzan zerbitzuaren kalitatea hobetzeko”.

2019ko Araba Euskarazen informazio-postua jartzean, helburua da beren osasun-zentroetan arreta euskaraz jasotzea erabakitzen duen erabiltzaile-kopurua areagotzen jarraitzea. Gaur egun, 266.000 baino gehiago dira, eta horiek asistentzia-jarduerekin duten gogobetetasuna altua da. Zehazki, 2018an inkesta bete zuten elebidunen % 71,4 pozik edo oso pozik agertu zen asistentzia-jardueran euskararen erabilerarekin.

Hori guztia 2013-2019rako Osakidetzako Euskararen Normalizazioaren eta Erabileraren II. Planean sartzen da; planak euskara pixkanaka lan-hizkuntza eta zerbitzu-hizkuntza bilaka dadin lortzeko ekintzak ere sustatzen ditu. Eta lortu da esponentzialki Osakidetzan beren plazari dagokion hizkuntza-eskakizuna duten langileen ehunekoa areagotzea. Duela 15 urte plantillaren % 7,6k zeukan eta, gaur egun, % 46,6k.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 16a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau