Eu

Euskaltelen errotzea bermatuta dagoela uste du Eusko Jaurlaritzak

2019.eko ekainak 13

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka elkarrizketatu dute gaur Radio Euskadiko “Boulevard” saioan. Bertan, euskal aktualitate politikoari lotutako gaiak aztertu ditu.

Gaur goizean egindako elkarrizketan Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak azpimarratu duenez, Euskaltelen errotzea bermatuta dago eta ez dago zertan beldur izan. "Euskaltel deserrotu egingo zenaren hasierako beldurrak ez du oinarririk", adierazi du. Zentzu horretan, elkarrizketa eta negoziazio garden batean sakontzeko eskatu du Erkorekak, halako prozesuetan izan ohi diren kezkak baretzearren. “Akordioak eta adostasunak behar direla uste dut, inork ez dezan motiborik izan proiektuan soberan dagoela pentsatzeko", adierazi du.

2020ko Aurrekontuei buruz, sailburuak nabarmendu duenez, 2020ko kontuak sintonian daude gizartearen eskakizunekin, ekonomiaren hazkundeari, enpleguaren sorkuntzari, gizarte-zerbitzuei eusteari… erantzuteko. Erkorekak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak talde guztiekin negoziatuko du modu ireki eta konstruktibo batean. “Gure jarrera irekia da oposizioaren proposamenen aurrean, gutxiengoan den gobernu bat garelako”, adierazi du.

PNVren eta PSEren arteko akordioa dela eta, udalen eraketari buruz, Erkoreka sailburuak adierazi duenez positiboa da PNV-PSE koalizioa berriro taxutzea, horrek adierazten duen egonkortasunagatik batez ere. “Gizartearentzako emaitza onak ekartzen ari diren ahaleginaren eta esfortzuaren ondorio da”, adierazi du.

Udalak eratzeko akordioak Aurrekontuen negoziazioan izan dezakeen eraginari buruz galdetuta, bozeramaileak adierazi du aurrekontuaren negoziazioak garrantzi handiegia duela esparru bereizi baten menpe uzteko, gobernagarritasunaren inguruko negoziazio zehatz eta puntualean udaletan gerta daitekeen horrekin zerikusirik ez duen batean. "Gauza batek ez du besterako kalte izan behar ”, adierazi du.

Elkarrizketan aztertutako beste gaietako bat Espainiako Gobernuaren gorabeheren ingurukoa izan da. Sailburuak gogora ekarri duenez, Estatuko hauteskundeetako emaitzek argi utzi dute nor den Gobernatzeko deitua. Gainera, adierazi duenez, elkarrizketak hasi besterik ez dira egin eta ikusteko dago oraindik Pedro Sánchezek nola osatuko duen Gobernua eta nola bermatuko duen beharrezko egonkortasuna. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile den aldetik, Madrilen solaskide egonkor eta fidagarri bat eskatu du Erkorekak. “Jarraitasuna eman nahi diogu aurreko legealdian irekitako elkarrizketari. Gure nahia da Gobernu berria bat etortzea “Euskal Agendarekin”, garapen ekonomiko eta sozialarekin eta euskal Autogobernuaren garapenarekin”, zehaztu du.

Procés de Catalunyako epaiketari buruz galdetuta, Erkoreka sailburuak adierazi duenez zaila da antzematen indarkeriazko adierazpen erabakigarri bat egon dela. Erkorekak esandakoaren arabera, ez du altxamendu batekin identifikatzeko adina hedadurarik ez dimentsiorik izan. “Ez da inolaz ere altxamendu-delitu bat. Oso zaila iruditzen zait frogatzea indarkeria egon dela hori bezalako delitu larri batengatik kondena bat justifikatzeko”, gaineratu du. Gainera, sailburuak ziurtatu duenez, Euskadin gertutasun, solidaritate eta injustizia sentsazioa bizi da. “Zer gehiago egin daiteke ordea?", zehaztu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)