Berriak Hezkuntza
Eu

Zorrotzako Gizarte- eta Hezkuntza-Proiektua 2017-2022: Zorrotzako Institutura bisita

2019.eko ekainak 13
  • Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Maite Alonso sailburuordeak Bilboko Zorrotza Institutua bisitatu dute, Zorrotzako Gizarte eta Hezkuntza Proiektua (2017-2022) garapena bertatik bertara ezagutzeko.

  • Erakunde publikoak ez ezik, auzoko elkarte eta taldeak proiektuan inplikatu dira: ikastetxeak, familiak, euskaltegia, auzo-elkarteak, osasun-zentroa, haur-eskola, etab.

Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuak eta Maite Alonso sailburuordeak Zorrotzako Bigarren Hezkuntzako Institutua bisitatu dute gaur goizean, izen bereko Bilboko auzoan kokatua. Bisitan, Bilboko Udaletik, Marta Ajuria Zorrotza Barrutiko Kontseiluko presidenteak ere parte hartu du. Institutu horrek, auzoko Haur eta Lehen Hezkuntzako bi ikastetxeekin batera (Zazpi Landa eta Zorrotza Fray Juan ikastetxeekin), ekimen handiz parte hartzen du Zorrotza Gizarte eta Hezkuntza Proiektuan, Hezkuntza Sailak eta Bilboko Udalak bultzatua, auzoko gainerako elkarte eta entitateekin lankidetzan.

Proiektu honen bidez, bilatzen dute ikastetxeak auzoari irekitzea eta, aldi berean, auzoa (bertako elkarteak eta taldeak) ikastetxeen askotariko ekimenetan lagundu eta parte hartzea. Helburu nagusiak dira, alde batetik, Zorrotzako haurrak, nerabeak eta gazteak heztea, hezkuntza eta curriculumeko arlo eta gai guztietan gaitasuna duten herritarrak izan daitezen, aldi berean auzoarekin eta gizartearekin konprometituak eta solidarioak; bestetik, bilatzen dute ikastetxe publikoek auzoan egiten duten lanari ikusgaitasuna ematea.

Bisitan, bi erakundeotako ordezkariek bilkurak izan dituzte ikasleekin eta ikastetxeotako arduradunekin, proiektua nola ari den garatzen eta gauzatzen bertatik bertara ezagutzeko.

Zerbitzuak Ikasteko Proiektuak

Ikasturte honetan eta gizarte- eta hezkuntza-proiektuan, askotariko ekintzak ari dira egiten. Horien artean, Zerbitzuak Ikasteko Proiektuak nabarmendu behar dira eta, horretarako, besteak beste, Zorrotzako osasun-zentroaren lankidetza izan dute. Zehazki, Lehen Hezkuntzako ikasleek “Odola Eman” proiektua landu dute, eta Institutuak “Bihotz Birikak Bizkortu” proiektuari heldu dio. Ikasleek, zirkulazio- eta arnasa-aparatuaren funtzionamendua ezagutu ez ezik, zerbitzu bat eskaini diote auzoari: odola ematearen garrantziaz auzotarrak sentsibilizatuz, odol-emateen kopurua handituz, desfibriladoreak erabiliz… Gainera, Zorrotzako zaharren egoitzako pertsona nagusiekin lan egin dute, “Zorrotzako Ibilbideak” deitutako proiektuaren bidez ibilbideak eskainiz.

Ikasturte honetan, bestalde, “Universitario Bilbao Rugby” taldeak “Errugbia eta balioak Zorrotzan” proiektua jarri du martxan. Proiektu berritzailea da, eta hauexek ditu ardatz nagusiak: haurren kirol- eta pertsona-garapena, balioetan heztea, eta gizarte-integrazioa, hala parte-hartzaileena, nola haien familiena. Horretarako, begirale-talde bat Lehen Hezkuntzako Gorputz Heziketako irakasleekin eta haien ikasleekin elkartu da, kirol hori ikastera zirikatuz eta hainbat balio landuz, adibidez, errespetua, lankidetza, talde-lana eta baterako hezkuntza. Jarduera horrek interes handia piztu du ikasleen artean, eta eskola-curriculuma aberastu.

Horretarako, ikasgeletan metodologia-aldaketak ezarri dira, baita Zerbitzuak Ikasteko Proiektuetan irakasleak trebatu ere. Gainera, Zorrotzako hiru ikastetxeetako zuzendaritzek, hirurak ere publikoak, ekintzarako ildo bateratu batzuk ezarri dituzte eta, ondorioz, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-proiektua berrikusi dute, irizpide bateratuak erabiliz.

Zorrotzako Gizarte eta Hezkuntza Proiektua 2017-2022

Zorrotzan garatzen ari den gizarte- eta hezkuntza-proiektuak komunitatean esku hartzeko eredu bat jarraitzen du, eta Bilboko auzo horretan bizi diren askotariko sektore eta eragileek parte hartzen dute. Aipatutako erakundeez gain, hauexek parte hartzen dute: familiek, Zorrotzako hiru ikastetxe publikoek, osasun-zentroak, haur-eskolak, euskaltegiak, auzo-elkarteek eta auzoko elkarte-sarea osatzen duten gizarte- eta kultura-eragile guztiek. Are, haien guztien inplikazioa bilatzen du, begiak aipatutako helburu horietan jarriz. Beraz, eskola eta komunitatearen arteko parte-hartze osoko kultura garatzea bilatzen du. Harreman horretan, familiei eta tokiko eragileei eskolako eta eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzera deitzen zaie, baina baita inguru hurbilenean eskolek duten rola definitzera.

Zorrotzako Gizarte eta Hezkuntza Proiektua 2017-2022 hainbat faktorek bat egiteari esker egin eta garatu daiteke, adibidez, auzoan gizarte-sare oso indartsua egotea, ilusio handiko zuzendaritza-taldeak ikastetxeetan, erakunde publikoen babesa eta, batez ere, pertsona konprometituen parte-hartzea. Horrek guztiak esku-hartze eredu bat ekarri du. Bertan, inplikazioa agertu duten askotariko elkarte, erakunde eta zerbitzuen sare-lana da modu egokiena komunitatea eraikitzeko eta Zorrotzako haurren zein nerabeen hezkuntza-garapena hobetzen laguntzeko, diseinatutako ekintzek auzoaren irudia hobetzen laguntzen duten bitartean.

Proiektuak ezaugarri hauek ditu:

  • Hezkuntza-eragile guztien erantzukidetasuna hauspotzen du
  • Ikasketa-prozesu formalak, ez formalak eta informalak jartzen ditu harremanetan
  • Askotariko eragileen begiradak integratzen ditu, erantzun hobea ematen lagunduz
  • Bertako kideak proaktiboagoak izateko balio du
  • Konponbideak bilatzearen kultura, eta parte-hartze osoko kultura sustatzen ditu
  • Sareak sortzea errazten du
  • Hezkuntza-ibilbideak sortzera bultzatzen du

Proiektuaren batzorde eragilea, hartan inplikatutako eragile guztien ordezkariek osatua, lanean dabil dagoeneko hurrengo ikasturterako erronkak eta ekintzak definitzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak