Eu

Lopidanan Myriophyllum aquaticum espezie inbaditzaileari aurre egiteko lanetan dihardu URAk, Euskadin lehenengoz antzemandako fokuan

2019.eko ekainak 12

Lopidanan (Gasteizen) Myriophyllum aquaticum, edo uretako azeri buztana, espezie inbaditzaileari aurre egiteko lanetan dihardu URAk, Euskadin, 2018aren bukaeran lehenengoz antzemandako fokuan. Espezie hori Gasteizko akuifero kuaternarioan azaleratzen den urmael txiki batean antzeman zen, Lopidanako herrigunetik gertu, Zadorra ibaia elikatzen duena eskuin ertzetik.

Herritar batek, antzemandakoan, ur-ikuskariari jakinarazi zion landaredi-mota berri bat zela inguruko nekazariek ura hartzeko baliatzen duten baltsa batean. Tokiko lentejuela lekualdarazten hasia zen, eta oso azkar ugaltzen ari zen. Hasierako foko horrek 120 metro koadroko hedadura bat estali zuen urmaelaren inguruan; ale guztiak 0,5 eta 1,0 metro arteko sakonerako tarte batean dira, korronte txikiko tarte batean.

2019ko otsailean ekin zitzaien espeziea kentzeko lanei, errekastoaren ur-mailak ibitik igarotzea utzi eta berehala. Hartara, jardun mekanikoak zein kimikoak saihestu ziren: batak landarea xehetutakoan sakabanarazteko arriskuagatik; bestea, ekosistema urtarrean ezinezkoa izateagatik. Eta, haien ordez, eskuz ekin zitzaion jute-manta (biodegradagarria)  batekin espezie-aleak estaltzen: argiak eman ez diezaion, eta landarean zapaltzeko.

Orduz geroztik, ekintza horien emaitzak ezagutzeko jarraipena egiten ari da. Orain arte, ez da antzeman foku berririk, eta foku berrien ugaltzea saihesteko lanak egiten ari dira.

Myriophyllum aquaticum Hegoamerikako landaredia urtar exotiko inbaditzaile bat da; Amazonas arrokoa hain zuzen ere. Ur gezetan (laku, urmael, ubide, korronte mantsoko ibaietan…) bizi den errizomadun landare iraunkorra da, eta sakonera gutxiko uretan errotzen da. Zutoin eta hostoak, zati batean, urpean dira; eta bestea, uretik kanpo (15 eta 40 cm arteko altuerarainokoak).

Mundu zabalean zehar bertakotu da han-hemenka; beren beregi, klima samurretako eremutan, tropiko eta azpitropikoen latitudeetan. XIX mendean ipar Amerikan sartu zen, eta gerora, munduan zehar ibiltari dihardu. Europan toki hartu du Austrian, Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Holandan, Portugalen eta Espainian (Pontevedran baino ez bada haren berririk izan ere).

M. aquaticum-a tokiko landareak tokiz aldarazten dituzten tapiz dentsoak sortzeko gai da. Hedatzeko bide nagusia apaintzeko landaredi legez erabiltzea da; batez ere, etxeko akuarioetan. Kontrol oso zaileko espeziea da; izan ere, errizoma bera errotik erauzi behar da, baina hausteko joera du, eta substratuan erantsita lurperatu daiteke; alegia, landak berriro goruntz egin dezake.

Arrazoi horiek guztiengatik, Espainiako Espezie exotiko inbaditzaileen katalogoan (630/2013 ED) sartu da; baita Europar Batasunean kezka sortzen duten espezie arrotz inbaditzaileen zerrendan ere (2016/1141eko Batzordearen Aplikazio Araudia, uztailaren 13koa, Batasunarentzat kezka sortzen duten espezie arrotz inbaditzaileen zerrenda onartzen duena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren EB1143/2014 Erreglamenduan arabera).

 Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau