Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Eusko Jaurlaritzak hamar pertsonentzako lekua duen adingabeen zentro berri bat ireki du Aramaion (Araba)

2011.eko martxoak 28

Instalazio berriak 2.880.801 euroko inbertsioa behar izan du eta gizarte-hezkuntzan, psikologian eta gizarte-lanean adituak diren 19 profesionalen ardurapean egongo dira adingabeak

Euskadin dagoen plaza kopuru osoa 115 da eta horietatik sei besterik ez dira asteburuko egonaldietarako.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak, Idoia Mendiak, inauguratu du gaur goizean Txema Fínez Gazteen Justiziako Heziketa Zentroa. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko adingabeen epaitegiek ematen dituzten asteburuko barneratze eta egonaldi neurriak beteko dira.

Instalazio berria Aramaioko (Araba) Eguzkierripa auzoan dago eta hamar adingabe hartzeko prestatuta dago. Adingabeak gizarte-hezkuntzan, psikologian eta gizarte-lanean adituak diren 19 profesionalen ardurapean egongo dira. Hau ireki ondoren, Euskadin dagoen plaza kopuru osoa 115era arte igo da eta horietatik sei besterik ez dira asteburuko egonaldietarako.

Eraikin nagusiak 1.157 m2ko azalera erabilgarria du (1.358 m2 eraikita) eta horren banaketak okupazio-lantegiak, gimnasio, sukaldea, jantokia, ikuztegia, biltegiak, aldagelak, logelak, bainugelak eta gune administratiboa hartzen ditu. Halaber, esparruak 770 m2ko kirol anitzeko pista bat du, aparkaleku gisa ere erabiltzen dena, eta 266 m2ko berotegi bat.

"Denok eduki beharko genuke bigarren aukerarako eskubidea eta Administrazioaren eginbeharra da oztopoak kentzea eta baldintza materialak ezartzea hori posible egiteko. Eta, hain zuzen ere, horretan gaude, gaur, hemen, Aramaion inauguratzen dugun bezalako zentro bat martxan jartzen dugunean", adierazi du ekitaldian Idoia Mendiak. Sailburuak azpimarratu du ere egin behar dagoela "ahalegin handiagoa, bakoitzaren jarduera-eremuetan, kontzientziatzeko zentro hauek beharrezkoak direla, horietan sartu behar direnentzako baliagarriak direla baita sozietate osoarentzat ere".

Gazteen Justiziako Heziketa Zentro berriak Arabako Foru Aldundiak kudeatzen zuen Egunon Mendixola zentroak 1994ra arte eta gero Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak 1995etik kudeatutako, eta 2008an zerbitzua emateari utzi zion, Mendixola Heziketa Zentroa hartzen zuten esparrua betetzen du. Instalazio berria Justizia Sailaren menpekoa da eta Eguzkierripako mendiaren hegalean dagoen 7.593,83 m2ko lursail batean kokatuta dago, Ibarrako gunean.

Eraikin nagusia XVIII. mendeko baserri bat zen, baina aldaketa asko izan duena. Usadiozko teknikekin eraiki zen (harrizko harlangaitzezko etxaurreak eta horma eramaileak eta zurezko solibazko forjaketak eta estalkia) 1990eko hamarkadaren hasieran egindako handitze-lanak salbu (azalera osoaren heren baten inguru), gaur egungo eraikin sistemekin gauzatu zena jada (hormigoi armatuko pilareak, habeak, forjaketak eta estalkia).

2008an, eraikinaren kontserbazio-egoera eskasa zela-eta, hasierako eraikuntza berreraikitzeari (etxaldeak eta horma eramaileak errespetatuz), aurreko mendearen handitze-lanak birgaitzeari (akaberak eta instalazioak erabat berritzea) eta lursailaren urbanizazioa egokitzeari (bideak zolatzea, inguruko harresia eraikitzea, belar-sastrakak garbitzea, lorategiz hornitzea, argiztapena eta ureztaketa ezartzea, etab.) ekin zitzaion. Jarduketak ez du ekarri zegoen eraikinaren bolumenaren aldaketarik: hasierako baserria, gune komun, administratibo eta zerbitzuetakoa dena, eta aurreko mendeko handitze-lanak, okupazio-lantegiak eta bertan daudenentzako gelak eta zerbitzuak.

Birgaitze eta egokitzapen lanak 2009ko irailaren eta 2010eko abenduaren artean burutu ziren eta horien azkeneko kostua 2.740.430 eurokoa izan zen. Bestalde, beharrezko ekipamendu orokorraren hornidurak (sukaldeko eta lantegietako ekipamendua, altzari orokorrak, gimnasio, jokoak) 140.371 euroko inbertsioa izan du. Horrela, azkeneko kostu guztia 2.880.801 eurokoa izan da.

Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du adingabeen epaitegiek emandako neurriak Euskal Autonomia Erkidegoan betearazteari dagokionez. Eskumen hori Justizia Sailaren menpekoa den Gazte Justiziaren Zerbitzuaren bitartez garatzen da. Izan ere, abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuak sail horri ematen dizkio, Jaurlaritzako sail guztien lana koordinatuz, gazte-justiziaren arloko jarduerak diseinatu, planifikatu, antolatu eta ebaluatzeko eginkizunak.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak adingabeentzako hamar heziketa-zentro eta egoitzak kudeatzen ditu, Zumarragan (39 plaza), Arrazua Ubarrundian (16), Gasteizen (15), Aramaion (10) Ortuellan (7), Muskizen (6), Donostian (10, bi zentroetan banatuta), Bilbon (6) eta Portugaleten (6) kokatuta daudenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia