Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak terrorismoaren biktimen "memoria" aldarrikatu du "etorkizuneko askatasunaren hazi gisa"

2009.eko azaroak 29


Lópezek ziurtatu du "balazko" eta "isiltasun eta lotsa kolektiboko" urte asko bizi ondoren, orain "euskal gizartea lozorrotik irteten ari dela"

Patxi López lehendakariak ziurtatu du "terrorismoa bere amaierara" iristen ari dela eta biktimei etorkizuna konkistatzeko "ahalegin berri bat" eskatu die. "Terrorismoari borroka irabazten ari gatzaizkion bezala, orain hori zilegitzat jotzen dutenen intolerantzia gainditu behar dugu" adierazi du lehendakariak. Halaber, aipatu du ahal duen guztia egingo duela Euskadi "beste herrialde bat bihurtzeko, non inor ez den herri salbatzaile-heroitzat hartuko desberdin pentsatzen duena hiltzeagatik".

Lehendakariak terrorismoaren biktimen "memoria" aldarrikatu du euskaldunon "etorkizuneko askatasunaren hazi gisa". "Gure memoria kolektibotik hainbeste hilketa ezabatzen baditugu, inor ez da gogoratuko isuritako odolak eragindako minaz; gertatu izan ez balitz bezala izango da. Hiltzaileek hiltzaile izateari utziko diote beren hilketak ezabatu ditugulako" esan du lehendakariak. Gainera, ziurtatu du "gutxiago geratzen dela" terrorismoaren amaierarako. Helburu bat: ETA garaitzea eta hori babesten duen ideologiari zilegitasuna kentzea. Eta horretarako Lópezek biktimei "laguntza" eskatu die, izan ere, "beharrezkoa da zuek hemen egotea, euskaldunon artean elkartasuna ereiteko", azpimarratu du.

Gasteizko Antzoki Nagusian ospatu da, gaur goizean, Terrorismoaren Biktimak Omendu eta Goresteko Hirugarren Ekitaldia. Ekitaldi honetan, lehenengo aldiz, terrorismoaren biktimen elkarte eta euskal alderdi politiko guztietako ordezkariek hartu dute parte. Gasteizko Antzoki Nagusian ospatu den ekitaldi honetan terrorismoaren 700 biktima inguru egon dira, eta bertan izan dira, halaber, Eusko Jaurlaritzako 4 lehendakari ohiak.

Terrorismoaren biktima eta familiako kide batzuek esku hartu dute bertan, besteak beste, Eduardo Puelles Garcíaren alargunak, Inaxio Uria euskal enpresariaren alabak eta ETAren azken biktima izan zen eta Mallorcan Carlos Saezekin batera hil zuten Diego Salva guardia zibilaren amak. Ondoren, lehendakariak eskerrak eman dizkie terrorismoaren biktimei "ezintasunaren aurrean errenditzeko tentazioan ez erortzeagatik". "Zuei esker, euskaldunok, pixkanaka-pixkanaka, gizarte duin bat eraikitzen ari gara. Besteren zorigaitzaren aurrean beste norabait begiratzearen akatsa berriro egingo ez duen gizartea", ziurtatu du Lópezek. Halaber, azpimarratu du "euskaldunak lozorrotik esnatu direla eta bere ardura kolektiboari aurre egiten ari direla".

Lehendakariak ziurtatu du ETAren terrorismoari aurre egiteko ardura bere gain hartuko duela, "bakea eta askatasuna" lortzeko "ahalegin guztiak" eginez eta horretarako "bitarteko guztiak" jarriz. "Terroristei borroka irabazten ari gatzaizkie; eta horregatik esan dezakegu denbora gutxi geratzen zaiela" ziurtatu du Lópezek. Era berean, adierazi du terrorismoa gainditu ondoren hurrengo helburua "intolerantzia" gainditzea izan behar dela. "Behin terrorista atxilotuta, ezin dugu zigorrik gabe utzi pertsona hori terrorista izatera behartu duen ideologia. Guk horri terrorismoari zilegitasuna kentzea deritzogu" azpimarratu du. Horregatik, lehendakariak berretsi du beharrezkoa dela "elkarbizitzari uko egiten dioten ideia guztiak salatzea". "Beren helburuak bidezidor totalitarioen eta indarkeriaren bidez ezartzeko arau demokratikoei uko egiten dieten proposamen politiko guztiak", nabarmendu du.

Helburu horren barruan sartzen da biktimen Memoriaren Mapa bat sortzeko ekimena, non lore zuri batekin gogoraraziko diren hilketa terroristak burutu diren lekuak. "Memoria hori oroimenaren, aintzatespenaren, duintasunaren eta itxaropenaren mapa bihurtu nahi dugu", azaldu du.

Lópezek terrorismoari zilegitasuna kentzeko helburu horretan biktimen "laguntza" eskatu du, izan ere, "ETAren terrorismoaren borroka behin betiko irabazten dugunean, beharrezkoa izango da hori gogoratzea, eta beharrezkoa izango da memoria". Lópezek azaldu du biktimen memoria "kontzientzien alarma" dela eta, era berean, "justizia" ere badela. "Eta beharrezkoa dugu zuek hemen egotea, euskaldunon artean elkartasuna ereiteko" adierazi du beste behin Lópezek. Gainera, nabarmendu du bere gobernuak "aro berri baten" aldeko apustua egin duela, non Eusko Jaurlaritzak "askatasunean eta beldurrik gabe bizi diren herritarren gizarte bat" eraiki nahi duen.

Lehendakariak gogorarazi du euskal erakundeek eta politikariek dagokien erantzukizuna beren gain hartu behar dutela "ETAren amesgaiztoa lehenbailehen amaitzeko eta berriro ere gertatzea ekiditeko" eta egiteko horretan "denok batera aritzeko". "Biktimek merezi duten memoria, duintasuna eta justizia eskaintzea dagokigu" ziurtatu du, eta adierazi du Euskadi etorkizunean beste herrialde bat izatea nahiko lukeela, "non inor ez den herri salbatzaile-heroitzat hartuko desberdin pentsatzen duena hiltzeagatik". "Aurpegira begira diezazuekeen herrialde bat, besotik heldu eta batera bakean eta askatasunean ibiltzeko gai den herrialde bat", adierazi du amaitzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria