Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza

Pilar Unzaluk saregileentzako pabilioi eta eskola berria inauguratu du Getarian

2011-03-28

"Lokalak bizigarritasun, erosotasun, segurtasun eta higiene irizpideak betetzen ditu, eta espazio duina emango dio EAEko saregile talde ugarienari", adierazten du Pilar Unzalu sailburuak

Eusko Jaurlaritzak Getariako saregileentzako pabilioi berria inauguratu du gaur, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailak lagatakoa. Lokalak 1.000 metro koadro inguru ditu, "bizigarritasun, erosotasun, segurtasun eta higiene irizpideak betetzen ditu, eta espazio duina emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko saregile talde ugarienari", aditzera eman du Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak. Getarian 24 emakumek dihardute lanbide honetan eta Euskadiko itsasertzeko barku kopuru handienari ematen diote zerbitzua; guztira, 15 itsasontziri.

Instalazio berriak, profesional hauen lan baldintzak hobetu ez ezik, prestakuntzarako espazio ere bilakatuko dira, Euskadiko Saregileen Eskola hartuko baitute. Horrela, egungo saregileentzako edo belaunaldi aldaketa posible egingo duten pertsonentzako heziketa eskainiko dute bertan. Egun 64 emakumek osatzen dute kolektiboa eta 50 urteko bataz besteko adina dute.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailak Arrantza-sektoreko Emakumeen Espainiako Sarearen I. Biltzarrean hartutako konpromisoetako bat zen Euskadiko saregileen instalazioak birgaitzea. Horren ondorio dira Getariako lokal berria eta duela aste batzuk Orion inauguratu zutena. Pilar Unzalu sailburuak baieztatzen duenez, bere saila "erabakitasunez eta baliabideekin" murgildu da Euskadiko saregileen kolektiboarentzako lokalak egokitzeko prozesuan.

Azpiegitura berriarekin Gipuzkoako portu-azpiegitura beharrei erantzuna eman die euskal Exekutiboak. Orain lanean jarraitu behar da Bizkaian, Ondarroan eta Bermeon, zehazki.

Saregileei laguntzeko beste ekimen batzuk
Portuetako lokalen egokitzapenaz gain, Unzaluk azaldu du bere departamentutik lanean ari direla saregileek egiten duten lana profesionalki aintzat hartu dadin. "Aintzatespen profesional hori erraztu du, neurri batean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Hezkuntza sailen arteko elkarlanak. Eta eskerrak eman nahi dizkiet horregatik", aipatzen du sailburuak.

Baina sailen arteko kolaborazio horrek ez luke ezertarako balioko, Unzaluren hitzetan, saregileek online zein eskola presentzialen bidez hezteko egiten duten esfortzuagatik izango ez balitz: "Esfortzu hori zinez eskertu nahi dizuet, dinamismoarekin eta konpromiso pertsonalekin indartzen baitituzue beharrezkoak diren hobekuntzen eta duintasun soziolaboralaren aldarrikapenak".

Sailburuak azpimarratu du, era berean, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailak Itsaspreben planaren bitartez bultzatzen ari den lana. ‘Saregileen, neskatillen eta enpakatzaileen lan-osasunaren diagnostikoa' izenburudun azterlanak emakume horiek bere lanaren ondorioz garatzen dituzten gaixotasun ohikoenak analizatzen ditu, laneko gaixotasun gisa hartuak izan daitezen.

Departamentuaren eta arrantza sektoreko emakume kolektiboaren beste helburuetako bat da egungo jardueraren osagarriak direnak bilatzea diru-sarrerak handiagotzeko. Eusko Jaurlaritzak martxan jarriko du, urte honetan zehar, dibertsifikazio ekonomikoan aurrera egiteko parte-hartze prozesu bat.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)