Eu

Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoa musikaz beteko da ostiralean Parkea Musik Fest-ekin, ingurune zientifiko-teknologikoan egiten den musika-jaialdi bakarrarekin

2019.eko ekainak 06
  • Ekimen berezi hori Parke Teknologikoen Euskadiko Sareko enpresetan eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten musikari amateurrek eskainiko dute eta enpresa horietako langileen artean egindako ideien lehiaketa batetik sortu zen
  • 14:00etatik aurrera, Derioko Baserri Antzokiaren alboan jarrita egongo diren bi agertokietan hainbat estilotako 16 talde izango dira entzungai: pop-rocka, musika latinoa, folka edo biolin elektrikoa, besteak beste
  • Gune bat haurrei zuzenduta egongo da eta, gainera, janari eta edarien postuak edo nekazaritza ekologikoko produktuak saltzeko postuak ere izango dira. SARRERA LIBREA DA  

Lan-ingurune zientifiko eta teknologikoan egiten den lehen musika-jaialdia gure agendetara itzuliko da aste honetan, ostiralean, PARKEA MUSIK FESTen hirugarren edizioa dela eta. Aurten, Parke Teknologikoen Euskadiko Sareko enpresetako eta ikerketa-zentroetako langileek osatutako taldeek edo bakarlariek protagonismo osoa duten ekimen berezi hau lehen aldiz Bizkaian egingo da, Derioko Baserri Antzokian. Han, 14:00etatik aurrera, bi agertokitan, 16 emanaldi eskainiko dituzte 61 musikari amateurrek. Nahi dutenei zabalik dagoen ekimena da (sarrera librea da) eta, gainera, eskaintza gastronomiko zabalaz gozatzeko aukera izango da: janari-postuak eta produktu ekologikoen salmenta izango dira. Bestalde, haurrei zuzendutako eremua ere egongo da. 

PARKEA MUSIK FEST Bizkaiko Parke Teknologiko eta Zientifikora iritsi da Miramongo zelaietan bi edizio arrakastatsu ospatu ostean. “Erronka bat Parkearentzat” ekimenetik sortu zen ekitaldi berezi hori. Urtero parke guztietan egiten den ideien lehiaketa horretan, parkeetan lan egiten duten langileek instalazioekiko asebetetzea areagotzeko ideiak proposa ditzakete, instalazio horiek laneko ingurunea baino zerbait gehiago bihurtzeko aukera emanda.

Kasu jakin honetan, ideia Gipuzkoako Teknologia eta Zientzia Parkean Ibermáticaren instalazioetan lan egiten duen Ainhoa Mutiloak proposatu zuen. 2016an, musika-jaialdia sortzea eta agertokira igoko zirenak bertan kokatutako enpresetako langileak izatea proposatu zuen. Parkeak berehala onartu zuen ekimena, eta hurrengo urtean PARKEA MUSIK FESTen lehen edizioa antolatu. Bertan, 37 langilek 1.200 lagunen aurrean jokatu zuten.

Harrera bikaina izan zuen eta, horri esker, iaz bigarren edizioa antolatu zuten hiru parkeen artean.  Parke Teknologikoen Euskadiko Sarerako, jaialdia antolatzeak parkeak berrikuntza zientifikoko eta teknologikoko gune izateaz gain, ingurune pribilegiatuetan kultura eta aisialdiko jarduerez gozatzeko aukera ematen duten instalazioak direla euskal gizarteari erakusteko aukera ere ematen du. Izan ere, nahi dutenak gonbidatuta daude ekitaldira gerturatzera eta harekin gozatzera.

Aurten, Derioko Baserri Antzokira datozenek enpresa eta ikerketa-zentro hauetako 61 langilek eskainitako 16 musika-emanaldiez gozatzeko aukera izango dute: Siemens Gamesa, LKS, Ingeteam, Ibermática, Aernnova edo Vodafone enpresetakoak, eta CIC Biogune edo Azti ikerketa-zentroetakoak. Zazpi musikari arteko taldeak (batzuetan, enpresa ezberdinetakoak) zein bakarkako emanaldi akustikoak igoko dira agertokira eta entzuleek era askotako estiloez gozatzeko aukera izango dute: popa, rock moteroa, biolin elektrikoa, musika latinoa, indiea, folka edo bluesa, adibidez.

Gainera, jaialdian zozketak egingo dira eta, agertokitik gertu, janari eta edarien guneak eta nekazaritza ekologikoko produktuak saltzeko postuak jarriko dira. Gainera, etxeko txikientzat bereziki egokitutako eremua ere egongo da. Hala, PARKEA MUSIK FESTek aisialdiko jardueraz familian gozatzeko aukera eskainiko du eta, gainera, parkeko langileek haien lan-ingurunea giro atsegin eta lasaian erakusteko aukera izango dute.

Informazio gehiago:http://parke.eus/eu/ezin-duzu-galdu-ostiralean-ekainaren-7an-1400etatik-aurrera-parkea-musik-fest-bizkaiko-parkean/

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak