Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu Lehendakariak Getxoko Europa Ikastetxea, Lea Artibai Ikastetxea eta Ondarroako Institutua saritu ditu Kultura Ondarea Sariaren aurtengo banaketa-ekitaldian

2019.eko ekainak 12
  • Oraingo honetan Ondarroako Institutuak sari bikoitza jaso du, saritutako hiru bideoetako bat aurkezteaz gain, bideo gehien bidali dituen zentroa izan delako

Iñigo Urkullu Lehendakaria Kultura Ondarea Sarien bosgarren edizioko sari-banaketa ekitaldian buru izan da gaur arratsaldean. Proiektu horrekin, teknologia berrien bitartez, euskal kultur ondarea nabarmendu eta zabaldu nahi da. Aurten, 33 ikastetxetako 153 ikasle-taldek hartu dute parte; lehiaketa honetan inoiz parte hartu duen kopuru handiena da. Kasu honetan, Getxoko Nuestra Señora de Europa Ikastetxeko, Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxeko eta Ondarroako Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasleek jaso dituzte sariak. Gainera, Ondarroako Institutuak aipamen berezia jaso du bideo gehien igorri dituen ikastetxea izan delako.

Proiektu hau urtero antolatzen da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Hezkuntza Sailaren elkarlanari esker; aurten ere Iñigo Urkullu lehendakariak eman ditu sariak. Gaurko ekitaldian ere bertan egon dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Maite Alonso Hezkuntzako sailburuordea, Joxean Muñoz Kulturako sailburuordea, Mikel Aizpuru Kultur Ondareko zuzendaria eta Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

Belaunaldi gazteenek kultur ondarea hedatzeko garaian duten garrantzia azpimarratu du Lehendakariak: “Kultur ondareak belaunaldi gazteenen konpromisoa behar du, era horretan haren aitortza eta zabalkundea bermatzen baita. Gazteen konpromisoari esker iraganaren eta etorkizunaren arteko kultur hariaren jarraipena bermatzen dugu. Konpromisorik gabe, hari hori apurtu egiten da. Konpromisorik gabe, garenaren zati bat, gure nortasunaren zati bat, galdu egiten da”. Lehendakariak, gainera, gogoratu du lehiaketa honen bost edizioetan 2.700 ikasle baino gehiagok hartu dutela pate eta, proiektuari esker, gazteak kultur ondareak duen garrantziaz gehiago jabetu direla.

Kultura Ondarea Saria ekimenaren barruan, bertan parte hartzen duten taldeek 3 eta 10 minutu arteko bideoak egin behar dituzte, ondare-kontzeptua ikuspegi zabal batetik landuz. Era horretan, ikasleek gai zehatz bati buruzko kontaketa bat osatu behar dute, ikus-entzunezko teknikak erabiliz, taldean lan eginez eta ikuspegi berritzaile batekin.

Gaiak

Aurtengo edizioko irabazleek honako gai hauek jorratu dituzte:

  • Nuestra Señora de Europa ikastetxeko ikasleek ‘Fantastic Beasts and where to find them in Bilbao’ (‘Basapizti fantastikoak eta Bilbon hauek non aurkitu’) bideoarekin lortu dute saria. Lan honetan Bilbon aurkitzen diren elementuen —batez ere arkitektonikoak— eta animalien munduaren arteko paralelismoa proposatzen zuten. Kasu honetan, epaimahaiak ikasleek egindako dokumentazio-lana baloratu du, baita proposamenaren orijinaltasuna eta kalitatea ere. Bideoa ingelesez egin da, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin.
  • Lea Artibai Ikastetxearen kasuan, ikasleek nahiko ezezaguna den gertakari historiko bat gogoratu nahi izan dute: Lekeition dagoen Garraitz uhartearen iragana, Hansen-en gaixotasuna zuten pertsonak bertara eramaten baitzituzten. Epaimahaiak ‘Zoritxarrak Garraitzera’ lanaren balio emozionala saritu nahi izan du, baita dokumentazio-lana ere.
  • Ondarroako Institutuko ikasleei dagokienez, ‘Emakumeak arraunean’ bideoagatik jaso dute saria. Lan honetan, historian zehar arraun-munduak izan duen bilakaera erakusten da euskal ondarearen eta kulturaren ezaugarri gisa. Horretaz gain, aurkeztutako lanean esparru hori genero-ikuspegitik begiratzen dute. Bideo honen bidez, esparru batzuetan emakumeak betetzen duen paperaren inguruan oraindik egiteko dagoen aldaketari buruzko alegatu bat egiten da.

Aipatutako bideoarengatik jasotako sariaz gain, Ondarroako Institutuak beste sari bat ere jaso du, bideo gehien bidali dituen ikastetxearen saria: guztira 19 ikasle-taldek bidali zuten euren bideoa lehiaketa honetara.

Proiektu honetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek, Batxilergoko 1. mailako ikasleek eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek hartzen dute parte. Lan onenak aukeratzeko epaimahaia honako pertsona hauek osatzen dute: Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko eta Hezkuntza Saileko ordezkariek eta ondarearen arloan adituak diren profesionalek. Aurten, beste hainbaten artean, Agustin Azkarate UPV/EHUko Arkeologiako katedraduna edo Katixa Agirre idazlea egon dira epaimahaikide gisa.

Kultura Ondarea Sariak blog bat dauka. Bertan, ekimen honi buruzko informazioaz gain, kultura, kirola eta euskal gizartearen arloetako berrogeita hamar pertsona ingururen euskal kultur ondareari buruzko iritziak bildu dira. Bestalde, ekainaren 22an, aurtengo irabazleak Napolesera joango dira. Bertan, hiriko alkateak egingo die harrera eta kultur ondarearen ikuspegitik leku interesgarrienak bisitatuko dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak