Eu

2020ko aurrekontuaren jarraibide ekonomikoek genero ikuspegiaren aldeko apustu sendoa jasotzen dute (Gobernu Bilera 2019-06-11)

2019.eko ekainak 11
  • Aldaketa koalitatiboa emango da: genero eraginari buruzko txostenak aurrekontu proiektuaren definizioaren aurretik egingo dira
  • 2017ko Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan adostutako aurrekontuen egonkortasunerako helburu guztiak beteko ditu Eusko Jaurlaritzak 2020an
  • Finantzaren ikuspegitik Jasangarriak diren Inbertsioek arindu eta zabaldu egiten dute aurrekontuaren marjina
  • Eusko Jaurlaritzak bete egingo du 2020an langabezia tasa %10etik behera eramateko konpromisoa, aurreikuspena %9,7an jarriz

Gobernu Kontseiluak 2020ko EAEko Aurrekontu Orokorren aurrekontu jarraibideak onetsi ditu gaur. XI. legealdiko azken aurrekontuak dira, eta 2016-2020 Gobernu Programari forma ematen dion Giza Garapen Jasangarrirako Estrategia bultzatzen jarraituko dute. “BPGtik haraindiko ikuspegia” eskainiko duten eta genero ikuspegiari garrantzi berezia emango dioten aurrekontuak. Giza Garapen Jasangarrirako planteamenduak hazkunde inklusiboaren aldeko apustua egitea inplikatzen du, gizarte kohesio eta ingurumen jasangarritasun irizpideetan oinarrituko dena, oparotasunaren palanka gisa ekonomia bultzatuko duten ekintzei lehentasuna emanez.

Horrela, 2020ko aurrekontuak hainbat helburu ditu: soldatan, gizartean, belaunaldien artean eta arlo digitalean dagoen genero arrakala murriztea; hezkuntzan ekitatea, bikaintasuna eta inklusioa, eta pertsonen enplegagarritasuna bultzatzen duten jarduketei lehentasuna ematea; eta klimaren aldaketaren kontra borrokatzea eta mugikortasun jasangarria sustatzea.

GENERO IKUSPEGIA DUTEN AURREKONTUAK

Eusko Jaurlaritzak jauzi koalitatiboa eman gura du aurrekontuan genero ikuspegia sartzeari dagokionez. Orain arte, genero txostenak aurrekontua definitu ondoren egiten ziren eta, Azpiazu Sailburuak Islandiara egin duen bisita ofizialaren ondoren, aldaketa garrantzitsua egitea planteatu da: sail bakoitzak egin behar dituen genero eraginari buruzko txostenak aurrekontua definitu aurretik egingo dira, baliabideak optimizatzeko eta politika publikoek arlo horretan duten zeharkako eragina zehaztasun handiagoz baloratu ahal izateko. Datorren ostegunean, ekainaren 13an, Gobernuko kargu guztiei zuzendutako prestakuntza saioa deitu da, lanerako formula hori azaltzeko. Irekiera Azpiazu Sailburuaren eta Izaskun Landaida Emakundeko Zuzendari Nagusiaren eskutik etorriko da.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak gauzatzen jarraitzeko, soldata arrakala ezabatzeko, indarkeria matxistaren kontra borrokatzeko eta familietako kontziliazioa eta erantzukidetasuna hobetzeko konpromisoari eusten zaio.

Jarraibideetan jasotzen den beste alderdi bat biztanleriako sektore desberdinen artean dagoen errenta aldea da. Atzeraldi Handian zehar, soldaten bilakaerak oso portaera desberdina izan du. Aurrekontuak soldaten artean alde txikiagoa egotea eta kalitate maila altuagoko enpleguetarako gazteak eta emakumeak kontratatzea sustatuko duten neurriak bultzatuko ditu. Soldata arrakalak gizarte arloko arrakala dakar eta, horregatik, umeen pobreziaren murrizketa, eskolaratze goiztiarra, eskola adineko ekitatea eta gizarteratzea, errenta eta adin irizpideetan oinarritutako etxebizitzarako sarbidea eta, kaltetutako guneetan batez ere, hiri birgaikuntza sustatuko dituzten neurriak bultzatuko dira.

Beste alde batetik, 2020ko Aurrekontua gazteengan ere zentratuko da. Belaunaldien arteko arrakala arintzeko xedez, gazteen laneratzea erraztu, enplegagarritasuna hobetu eta emantzipazioa sustatuko duten neurri espezifikoak ezartzen jarraituko da.

Eusko Jaurlaritzak badaki giza kapitalaren garapena funtsezkoa dela, biztanleria zahartzen ari den testuinguruan batez ere, etorkizunean, herrialdean aberastasuna sortzeko beharrezkoa den eskulan eskasia egon daitekeelako. Horregatik guztiarengatik, hezkuntza gero eta protagonismo handiagoa ari da hartzen Jaurlaritzaren lehentasunen artean.

Ekonomiak, herritar guztientzako oparotasunaren palanka gisa planteatzen ditu aurrekontu jarraibide horiek. Horretarako, lehentasuna emango zaie finantzaketa tresnen garapenari, enpresetan parte hartzeari, Euskadiko RIS3 izenekoarekin erlazionatutako proiektu estrategikoen garapenari, I+G+Bari (aurrekontua %5 handitzeko konpromisoari eutsiz) eta enpresen nazioartekotzea laguntzeari.

 

HAZKUNDE MODERATU AGERTOKIA

Euskadiko lauki makroekonomikoa 2018-2020

 

2018

2019

2020

BPG

2,8

2,2

2,0

Azken kontsumoa

2,4

2,1

1,9

     Etxeetako kontsumoa

2,6

2,2

1,9

     Administrazio Publikoen kontsumoa

1,7

1,6

1,7

FBC

4,1

3,5

3,7

Barne eskaria

2,8

2,4

2,3

Kanpo eskariaren ekarpena

-0,1

-0,3

-0,3

BPG nominala

3,8

3,6

3,9

BPG deflatorea

1,0

1,4

1,8

Enplegua

2,1

1,5

1,3

Langabezia tasa

10,3

9,9

9,7

Iturria: Ekonomia eta Plangintza zuzendaritza

Laukiak, legealdi honetan langabezia tasa %10etik behera eramateko Eusko Jaurlaritzak duen erronka betetzen duen aurreikuspena erakusten du.

Inguruko ekonomiak

Hala ere, euskal ekonomiaren etorkizuna ez dago merkataritza harremanetan zalantzak sortzen dituzten arriskuetatik kanpo. Horrela, Estatu Batuek Txinari eta Europako herrialdeei egindako arantzel arloko mehatxuak oztopoa izan daitezke nazioarteko merkataritzaren garapenerako. Txinako ekonomiaren indarrari buruz dauden zalantzek eta Erresuma Batuaren irteeraren inguruko akordio faltak ere ziurgabetasunak sortzen dituzte ekonomia arloko eragileen artean. Modu berean, petrolio merkatuaren hegakortasunak herrialde inportatzaileen hedapena moteldu dezake. Amaitzeko, txanpon politika arloko erabakiak ere oso garrantzitsuak izan daitezke hazkunde moteleko unean ekonomiari laguntzeko.

Faktore horiek guztiak kontuan izanda, 2019an munduko ekonomia %3,3 haziko dela aurreikusten du NDF-FMIk. 2018an %3,6 hazi da. Beraz, urte honetarako moteltze txikia aurreikusten da, baina berreskuratzea 2020an hel daiteke (%3,6koa), garapen bidean dauden herrialdeen bultzada handiagoaren eskutik.

Garatutako herrialdeei dagokienez, aurrerapena 2019ko %2,2tik 2020ko %1,9ra igaroko litzateke. Beren ziklo ekonomikoaren oso fase aurreratuan dauden Estatu Batuetarako aurreikusten den moteltzea da hazkundearen leuntze horren funtsezko arrazoietako bat. Euroguneak 2018an izandakoen oso antzekoak diren balioak jasoko ditu (%1,8). Aurten moderazio arina ezagutuko dugu (%1,6) eta datorren urtean berreskuratze txikia (%1,7). Munduko ekonomiak dituen eta aipatu ditugun arriskuei, automobilgintzak Europan jasan dituen zailtasunak gehitu behar zaizkio, isurketen arautegi berrira egokitu behar izan duelako. Horrek asko moteldu du Alemaniako industriaren aurrerapena, eta baita sektore horrekin oso erlazionatuta dauden beste batzuetakoa ere, Euskadikoa, besteak beste. Dena den, egoera hori iragankorra izatea eta urtean zehar Alemaniak bere tonua berreskuratzea aurreikusten da.

Espainiako ekonomiak eurogunekoak erakusten duena baino indar handiagoa erakusten du. 2018an izandako %2,5eko hazkundetik aurtengo %2,3ra eta datorren urteko %2,1era igaroko da. Moneta arloko agintariek zabaldu dituzten mezuak kontuan izanda, badirudi Euriborrak ez duela aldaketa handirik izango azken urteetako balioekin alderatuta. Horrela, 2019rako -%0,1eko batez besteko interes tasa aurreikusten da, negatiboa oraindik, eta %0,2koa 2020rako. Euroaren eta dolarraren arteko trukean ere ez da aldaketa handirik aurreikusten, eta ez da parekotasunerako inolako mugimendurik hautematen. Petrolioak nazioarteko merkatuetan duen hegakortasunak prezioak baldintzatzen ditu, baina aipatutako bi urteetan ez da berreskuratze azpimarragarririk aurreikusten.

Inguruko aldagaien portaera

 

 

2018

2019

2020

Euriborra

-0,3

-0,1

0,2

Truke tasa (euroa/dolarra)

1,181

1,148

1,183

OCDEko BPGren Hazkundea

2,4

2,2

1,9

Euroguneko BPGren Hazkundea

1,8

1,6

1,7

Espainiako BPGren Hazkundea

2,5

2,3

2,1

Espainiako kontsumo pribatuaren deflatorea

1,6

1,4

1,5

Espainiako ondasunen esportazioen deflatorea

1,3

1,5

1,2

AURREKONTU EGONKORTASUNARI ETA FINANTZA JASANGARRITASUNARI BURUZKO ARAUTEGIA

2017ko uztailaren 19an egin zen Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan defizitaren eta Estatuarekiko zorraren azken bidea adostu zen. Hori kontuan izanda, 2020ko defizita BPGren %0koa izan beharko litzateke. Halaber, 2019rako gehieneko zorraren helburua %13,8koa izan beharko litzateke, 2020an %13,2ra jaitsiz.

2020an, Eusko Jaurlaritzak Batzorde Mistoan adostutako helburu guztiak beteko ditu, hau da:

  • Zero defizita
  • Zorra %13,2an uztea

2020ko aurrekontu testuingurua 2019koa baino mugatuago dago, egonkortasun eskakizunak direla eta, baina Eusko Jaurlaritzak superabita duenez, Finantzaren ikuspegitik Jasangarriak diren Inbertsioak gauzatu ditzake, horiek ez baitute gastu erregelan konputatzen eta aurrekontuaren marjina arintzen eta zabaltzen dute.

Langileen gastuek duten pisu erlatibo handia eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen garrantzia kontuan izanda, oso kontuan izango da langileen ordainketen hazkundea jasangarritasunean oinarrituta egin beharko dela beti.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko