Berriak Lehendakaritza
Eu

Gogorak Legebiltzarrari helarazi dio "Erorien haranera" lekualdatutako euskaldunei buruzko txostena

2019.eko ekainak 10

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak-Gogorak Eusko Legebiltzarrari helarazi dio Erorien haranera Euskaditik eramandakoei eta beste erkidegoetatik lekualdatutako euskal herritarrei buruzko txostena.

Modu horretan erantzun egiten dio 2018ko azaroaren 22an Eusko Legebiltzarrak onetsitako legez besteko proposamenari, zeinetan honako hau eskatzen zitzaion:

• Euskaditik Erorien haranera lekualdatutakoen eta beste erkidegoetatik lekualdatutako euskadunen zenbatekoa.
• Haien identifikazioa eta
• Lekualdaketa gauzatzeko familia-baimenen egoera

Oinarrizko hiru galdera hauei erantzuna emateko Gogorak aurrera eramandako ikerketa historikoak agerian uzten du udal eta probintzia artxiboetan dauden dokumentu-hutsuneak zailtasun nabaria direla ikerlan honen helburuak erdiesteko.

Muga hori aintzat hartuta, orain arte lortu diren datuei begira, esan liteke gutxienez 1.076 gorpuzki eraman zirela Euskaditik Erorien haranera; haietatik, 762 identifikatuta zeuden, eta 314, identifikatu gabe. Horiez gain, beste autonomia erkidegoetatik eramandako euskal herritarrei dagokienez, jatorria edo bizilekua Euskadin zuten 155 eraman zituzten gutxienez; gehienak, Ebroko frontea egon zen probintzietatik.

Familia-baimenei dagokionez, kasurik gehienetan ezin izan da argitu lekualdaketa horiek familien baimenarekin egin ziren ala ez. Egiaztatu ahal izan da nolabaiteko baimena bazegoela 257 kasutan, eta aurkakotasuna 2 kasutan, EAEtik edo beste nonbaitetik dokumentatu ahal izan diren 1.231 kasuen artean. Haatik, identifikatu gabeko 314ren kasuan, agerikoa da lekualdaketak inolako baimenik gabe egin zirela.

Txostenak bestalde, erakusten du nola aldatu ziren denboran zehar Erorien haranera egindako lekualdaketak eta horretarako prozedurak eta ez ziren beti berdin gauzatu. Era berean, Ministerioak gorpuzkiak lekualdatzeko ezarri zituen jarraibideak ez ziren beti zorroztasun berarekin bete. Garrantzitsua da hori, batez ere, kasu asko izan ziren udalerrietan; esate baterako, Zaragozan eta Lleidan.

Ikerlan honek, eskuratu diren datuak oinarri hartuta, Erorien haranera lekualdatutako pertsonen errolda jasotzen du, nahiz eta egun, datuok ez diren osoak, identifikatu gabe dauden gorpuzkiengatik eta aurretiaz aipatutako dokumentazio hutsueneengatik.

Gaurdaino, bederatzi familia euskaldun beraien senitartekoen gorpuzkiak berreskuratzeko izapideak egiten hasita daude, horietatik zazpik Gogoraren bitartez egin dute eskaria.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak