Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko gazte-ekipamenduen sarea sustatzeko dirulaguntzak deitu ditu (Gobernu Bilera 2019-06-11)

2019.eko ekainak 11

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren aginduari, Euskadiko gazte-ekipamenduen sarea sustatzeko dirulaguntzen deialdia egiteko. Helburua Euskadiko Gazte Ekipamenduen Sarea eratzen duten toki-eremuko gazte-ekipamenduak sortu, zabaldu edo hobetzea da. Deialdiak 290.000 euroko zuzkidura du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei zuzentzen zaie.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Deialdiak 290.000 euroko zuzkidura du, eta honela banatzen dira: ordainketa-kreditu bat 2019an, 145.000 €-koa, eta konpromiso-kreditua, 2020 ekitaldirako, beste 145.000 €-koa.

Diruz lagundu daitezkeela ulertzen da 12 eta 30 urte bitarteko gazteentzako ekipamenduak hartzeko higiezin bereziak eraikitzeko, erreformatzeko, egokitzeko edo zabaltzeko obretarako proiektuak prestatzeko gastuak, bai eta 2019 ekitaldian obra horiek gauzatzeko gastuak edo kostua ere.

“Toki-eremuan gazteentzako ekipamenduen kopurua eta kalitatea pixkanaka areagotzeak hobetu egiten ditu gazteen bizi-baldintzak”, esan du Artolazabalek.

Deialdi berriaren aldaketa nagusiak, aurreko urteen aldean: arrazoiz exiji daitekeena gainditu dezaketen erakunde onuradunen betebehar batzuk ezabatu dira, eta gastuak justifikatzeko dokumentazioa aldatu da eta, horrela, justifikazio-kontu sinplifikatua sartu da dirulaguntza justifikatzeko baliozko bitarteko gisa.

Era berean, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa murriztu egiten da 75.000 eurotik 60.000 eurora; kopuru hori, azken deialdien aurrekariak aintzat hartuta, erakunde eskatzaileen finantzaketa-beharretara egokitzen dela uste da. Halaber, arau-hausteak graduatzeko kontuan hartu beharreko gutxieneko exekuzioa % 60tik % 70era areagotu da. Bestela, deialdia aurreko ekitaldikoaren oso antzekoa da.

Aurreko deialdian, 2018 ekitaldikoan, 24 eskabide erregistratu ziren eta 658 € eta 75.000 bitarteko 18 dirulaguntza eman ziren, honako udal hauentzat: Alegia, Amezketa, Anoeta, Arraia-Maeztu, Bakio, Barakaldo, Bilbao, Donostia / San Sebastián, Erandio, Etxebarri, Getxo, Legazpi, Lekeitio, Markina-Xemein eta Mutiloa. Besteak beste, obrak gazte-ekipamenduko gizarte- eta kultura-zentroetan klimatizazioa eta segurtasuna jartzeko hobekuntzetarako eta horien egokitzapenerako ziren, klimatizazio-ekipoak aldatzeko edo antzinako merkatuak gazte-ekipamenduetarako erreformatzeko obrak egiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko