Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak
qrcode

1,25 milioi nekazaritzako ekoizpen teknika iraunkorren bidez laborantza estentsiboak dibertsifikatzeko (Gobernu Bilera 2019-06-11)

2019-06-11
  • Laguntzen zenbateko hau pasa den ekitaldian helburu berbererako aurreikusitakoak baino lau aldiz handiagoa da
  • Kontseiluaren bilera berean, 404.000 euro onartu dira nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko elkarte eta federazio profesional eta enpresarialentzat

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak nekazaritza eta ingurumenaren alorrean nekazaritzako ekoizpen teknika iraunkorren bitartez laborantza estentsiboak dibertsifikatzeko 2019ko laguntzak iragartzeko emandako agindua onartu du Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak. Laguntzen zenbateko globala, zeina exekutibo autonomoaren aurrekontuetatik datorren, 1.250.000 eurokoa da, eta hektareako aurreikusten den gehieneko laguntza 600 eurokoa.

Euskal Herriko Landa Garapeneko 2015-2020 aldirako Programaren (OSOA) barruko laguntzak dira, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak dituen estrategietako bat, helburua izanik lehen sektorearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetzea, laborantza teknikoki ordenatuta, baliabide naturalak zentzuz ustiatuta eta nekazarien errentak mantenduz eta hobetuz ingurunea babestuta. Hala, bultzatu nahi da ekoizpen jardueren dibertsifikazioa, laborantzen errotazioak eta aldeko baldintza fitosanitarioen ustiapena.

Baldintzak

Ustiategien titularrek agindu behar dute gutxienez 5 urteko epean nekazaritza eta ingurumenaren alorrean eskatzen zaizkien konpromiso eta teknikak aplikatuko dituztela. Hori izango da, hain justu, nekazaritza eta ingurumeneko kontratua, ondorio guztietarako.  Agindutako aldia bukatu eta gero, eta dagokion araudiak eta aurrekontuetan erabilgarri dagoenak egiten uzten badute, laguntza urtebete luzatzeko eskatu ahal izango da.

Laguntzen onuradunak izan daitezke nekazaritza ustiategien titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak, edo legez eratutako nekazari taldeak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde eremuan lursailak baldin badituzte.

Lursail horiek dagokien erregistro ofizialean erregistratuta egon behar dira, eta ustiategian aurreikusitako laborantza guztietatik gutxienez 2 ha laborantza estentsiboak izan behar dira, ha 1 baino gutxiagoko laborantza multzoak ezingo baitira diruz lagundu. Hauek dira aurreikusitako laborantzak:

  • Udako laborantza ureztatuak diren lekale haziak gizakien kontsumorako.
  • Udako laborantza ureztatuak diren barazki estentsiboak
  • Hazitarako patata eta gizakien kontsumorako patata
  • Azukrerako erremolatxa.

Eskatzaile bakoitzak jasoko duen laguntza kalkulatzeko, nekazaritza eta ingurumeneko metodoekin landutako azalera unitateko zenbateko jakin batekin biderkatutako da. Unitateko zenbatekoa 240 eta 60 euro artekoa izango da hektareako, laborantza motaren eta hartzen diren derrigorrezko zein aparteko konpromisoen arabera. Laguntza ezin da inola ere 600 eurokoa baino handiagoa izan hektareako.

Eskariak Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzara bidaliko dira, eta, aurkeztu, Eskualdeko Nekazaritza Bulegoetan edo, bestela, Legeak aurreikusten dituen lekuetako edozeinetan aurkeztuko dira. Kontuan hartuko dira eta baliozkotzat joko dira 2019ko otsailaren 1etik “Eskaera Bakarra”-ren aurkezpen epea amaitu arte xede horrekin aurkeztutako laguntza eskaerak.

Elkarteak programa

 

Era berean, Euskadiko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako profesionalen eta enpresarien elkarte eta federazioetarako 2019ko laguntzak arautzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman duen agindua onartu du Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak. Laguntza horietarako 404.000 euro baino gehiago onartu dira, honela banatuta:

  • Nekazaritzaren sektorerako: 124.000 euro.
  • Elikaduraren sektorerako: 100.000 euro.
  • Arrantzaren sektorerako: 180.372 euro

Diruz lagundu daitezkeen gastuak ordezkaritzakoak, funtzionamendukoak (bulegoko pertsonak, bulegoen alokairuak, aseguru primak, garbiketako eta komunitateko gastu orokorrak, bulego materiala, argitalpen kuotak, kontserbazioa eta konponketak…), azterketak eta izaera esperimentaleko jarduerak egiteko gastuak eta azoka eta lehiaketak antolatzearen ondoriozkoak.

Eskaerak egiteko epea hilabete batekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita. Laguntza eskabideak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren bulegoetara bidaliko dira –Donostia-San Sebastián kalea, 1. Vitoria-Gasteiz– edo Administrazio Prozedura Erkideak aurreikusten dituen bideetako edozeinetatik aurkeztuko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko