Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Gernikako Estatutua indarrean dagoela defendatu du gure erabakitzeko eskubidearen berme gisa

2009.eko urriak 25
Ospakizuna Lehendakaritzaren egoitzan ospatu da eta bertan ehun euskal herritarrek eta Euskadiko erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariek eta eragile sozial eta ekonomikoek parte hartu dute

Lópezek Gernikako Estatutuak duen zeregina aldarrikatu du honen 30. urteurrenean, euskaldun guztiak askatasunean bizitzea ahalbidetzen duen elkarbizitzarako esparru gisa.

Patxi López lehendakariak Gernikako Estatutua indarrean dagoela aldarrikatu zuen honen 30. urteurrenean, "gure erabakitzeko eskubidearen bermea" eta euskaldunoi "askatasunaz, demokraziaz eta autogobernuaz" gozatzea ahalbidetzen digun "elkarbizitzarako esparrua" delako. "Gaur, Estatutuak elkarbizitza demokratiko baten esparru gisa duen balioa berresteko eguna da, izan ere, guztiok sartzen garen Euskadi bat zehazten du, euskal gizartearen ideien pluraltasuna eta nortasunen aniztasuna errespetatzen dituelako, itxurazko diskriminazio eta zatiketarik egin gabe", azpimarratu zuen Lópezek.

Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin batera, Gernikako Estatutuaren 30. urteurrena ospatu du Lehendakaritzaren egoitzan egin den harrera ofizial batean, eta bertan egon dira ehun euskal herritar eta erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak eta eragile sozial eta ekonomikoak. Besteak beste, Senatuko presidentea, Javier Rojo; Eusko Legebiltzarreko presidentea, Arantza Quiroga; Gobernu zentraleko Euskadiko ordezkaria, Mikel Cabieces; Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, Fernando Ruiz Piñeiro; Arartekoa, Iñigo Lamarca; eta Euskadiko PPren presidentea, Antonio Basagoiti, EAJko arduradun ohia eta egun Petronorren presidentea, Josu Jon Imaz eta BBKren presidentea, Mario Fernández.

Ekitaldi hartan, gainera, "Lan onari" sariak eman zitzaizkien Iñaki Gabilondo kazetariari, Juan Mari Bandrés politikariari, José María Aldekoa Mondragon taldeko presidenteari eta Edurne Pasaban mendigoizaleari. "Lagun onari" saria ere eskaini zioten Mexikori, euskal gizartearekin duen harremanarengatik.

Lehendakariak, bere hitzaldian, Gernikako Estatutuak dituen bertuteak nabarmendu zituen eta euskaldunoi ekarri dizkien onurak. "Duela 30 urte, euskaldunok demokratek diktaduraren gau luzean luzaroan espero izan zuten ametsa lortu genuen. Amets eta borroka egiten genuen askatasuna, demokrazia eta autogobernua lortzeko; eta horiek denak batera, izan ere, elkarren osagarriak diren hitzak baitira eta guretzat batera doaz, eta Estatutuaren eskutik heldu zitzaizkigun", azpimarratu zuen. Aldi berean, euskal gizartea osatzen duten denak gonbidatu zituen "eskubide berak dituzten herritar desberdinen arteko elkarbizitza ulertzeko modu bat" den tresna batekin bat egiten jarraitzera.

Horrela, Lópezek urriaren 25 honetan "Euskadiren eguna" ospatzearen alde egin zuen, izan ere, "Estatutua ospatzeko eta indarrean dagoela eta elkarbizitza demokratikoaren esparru gisa balio duela berresteko egun bat izan behar da, guztiok sartzen garen Euskadi bat zehazten duelako". Baina lehendakariak ere ziurtatu zuen bere asmoa ez dela "testu jakin baten defentsa sendo bat" egitea. "Politikan ez dago testu sakratu ukiezinik; nik defendatu nahi dudana da eskubide berak dituzten herritar desberdinen arteko elkarbizitza ulertzeko modu horrek dakarrena", gehitu zuen.

Terrorismoaren biktimei oroipena

Lehendakaritzaren barruan erabat betetako auditorio batean, lehendakariak ez zituen ahaztu gaur Gernikako Estatutuaren urteurrena ospatu ez dezaketenak, ETAk eraildako terrorismoaren biktimak. "Gaurkoa euskaldunen arteko topaketa demokratikoaren eguna izatea nahiko nuke, denok batera 30 urteotan eraiki dugunari balioa emateko eguna", baina baita "terrorismoaren biktimak gogoratzeko eguna" ere. Haiei buruz gogorarazi zuen "Estatutu honek jasotzen dituen balio demokratikoak defendatzeagatik erail dituztela". Lópezek bakea eta ETAren behin betiko porrota "ahalik eta lasterren" lortzeko nahia adierazi zuen. Halaber, adierazi zuen nahiko lukeela Euskadin "euskaldun batek ere bere iritzi politikoengatik mehatxuak jaso behar ez izatea eta bere etorkizuna eta bere nortasuna era librean aukeratu ahal izatea, trukean ezer ordaindu beharrik izan gabe". Horretarako, lehendakariaren ustez, Estatutua defendatu behar da "terrorismoa deslegitimatzeko eta adostasun gehiago lortzeko", gizarteari "eskubide eta askatasunen" agertoki baterantz "aurrera egitea ahalbidetzeko".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria