Berriak Segurtasuna
Eu

Unitate eta Kudeaketa Aurreratuen 5S errekonozimenduak emateko jardunaldia egin da Iurretan

2019.eko ekainak 07

Segurtasuneko sailburuordea, Ertzaintzaren zuzendaria, polizia-agintariak eta Euskaliten arduradunak izan dira bertan

Gaur goizean egin da Iurretako polizia-egoitzan 2018an Ertzaintzako unitateek lortu dituzten 5S errekonozimenduak eta diplomak banatzeko ekitaldia. Sariak Fernando Sierrak eta Jon Camposek, 5S Klubaren zuzendariak eta arduradunak, hurrenez hurren; Josu Bujandak eta Jose Mari Yurrebasok, Ertzaintzako ataletako buruek; eta Jon Ziarsolok, OCIren buruak, banatu dituzte.

Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak eman dio hasiera jardunaldiari, eta bere mintzaldian azpimarratu du 5S eredua berez ez dela helburu bat, kudeaketa aurreratuko Aurrerabide eredua eskuratzeko azken erronka lortzeko bidea baizik. Eredu horren bidez pertsonen eguneroko lana hobetu nahi da, herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena emateko.

Zubiagak adierazi du orain arte Ertzaintzan 54 ataletan ezarri dela eredua, 150 ertzainek parte hartu dutela eta une hauetan beste 19 talde daudela erronka berriei aurre egiteko prestakuntza-fasean. 5S Klubean hainbat gizarte-sektoretako (enpresa, hezkuntza, osasuna eta unibertsitatea, besteak beste) Euskadiko 80 antolakuntzatik gora daude.

Jarraian, Euskaliteko zuzendariak, Fernando Sierrak, hartu du hitza “5S eta pertsonak” izenburupean, eta “bat bestea gabe ezingo litzateke existitu” esan du. Adierazi du 5S metodologia gure lana egiteko erreminta eraldatzaile bat, pertsonen arteko harremanak eta talde-lana hobetzen laguntzeko elementu bat, dela, eta horrek guztiak produktibitatea hobetzea dakarrela.

Jarraian, Sierrak eta 5S Klubaren arduradunak, Jon Camposek, 5S diplomak banatu dizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuei, ebidentzien biltegietan egindako lanarengatik, eta Inteligentzia Bulego Nagusiko Laguntza Zerbitzuari, irudiak ikuskatzeko bertako gelarengatik.

Bestalde, Herritarren Babeserako Ataleko buru Josu Bujandak, Ikerketa Kriminalerako Ataleko buru Jose Mari Yurrebasok eta Inteligentzia Bulego Nagusiko buru Jon Ziarsolok eman dizkiete errekonozimenduak 2018an 5S Metodologian egindako lanagatik, jardunbide egokiengatik eta polizia-kudeaketan lortutako emaitza onengatik, saritutako unitateei.

Aipamenen zerrenda:

Ertzaintzaren ereduarekin lerrokaturiko iradokizun onena: 14115180001, Juan Antonio Arriba Garcíak aurkeztua, IPZ 07040, Arabako Trafikoko Lurralde Bulegoa.

2018ko 5S ezarpen onena: Guardiako Ertzain-etxea, 92,50 puntu Materialen Polizia Biltegian.

2018ko 5S ezarpenen batez besteko onena Araban: Guardiako Ertzain-etxea, 87,68 puntu.

2018ko 5S ezarpenen batez besteko onena Bizkaian: Inteligentzia Bulego Nagusiko Laguntza Teknikorako Zerbitzua, 81,16 puntu.

2018ko 5S ezarpenen batez besteko onena Gipuzkoan: Hernaniko Ertzain-etxea, 80,21 puntu.

Tasa orokor onena argitutako delituetan: Hernaniko Ertzain-etxea, % 54,79.

Kalitate-prozesuen kudeaketa onena: Ertzaintzaren Bizkaiko Lurralde Buruzagitza, % 99,16.

2018ko Trafikoko kudeaketa onena: Trafikoko istripuak ikertzeko taldea, Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Ataleko Arlo Nagusia.

Ikerketaren kudeaketan emaitza onena: Sestaoko Ertzain-etxea.

Ertzaintzaren irudia sustatzea: Ikerketarako Koordinazio Operatiboko eta Teknikoko Arlo Nagusia, Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Buruzagitza.

Bestalde, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok zoriondu egin ditu sarituak, eta azpimarratu du jardunaldia denok irabazten dugun lehiaketa baten gailurra baino ez dela, erakundea osatzen duten pertsona guztien ahaleginari esker egiten dela eta. Jardunaldia amaitutzat eman aurretik, Gabirondok ahaleginaren bidean eta antolakuntza hobetzen jarraitzera gonbidatu ditu bertaratuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak