
Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Bilboko defentsa-lerroan 1937an erori zen Gudari baten gorpuzkiak berreskuratu dituzte
- Hezur-hondarrak Bizkaiko Gamiz-Fika udalerriko hobi batetik atera dira; bertan lurperatu ziren, Bilbo erori aurreko egunetan
- 2003tik, Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, guztira, 44 hobi atera dituzte eta Gerra Zibilean hildako 106 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Aintzane Ezenarro GOGORA, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutuko zuzendaria, gaur goizean, Gamiz-Fikan (Bizkaia) izan dira, Gerra Zibileko Gudari baten gorpuzkiak lurpetik atera dituztenean. Asier Larrabe Gamiz-Fikako jarduneko alkatea ere izan da bertan.
Desobiratzea “Aranzadi Zientzia Elkarte”ko talde batek egin du, Paco Etxebarriaren zuzendaritzapean. Taldeak zenbait hezur-zati berreskuratu ditu eta, aurretiko ikerketen arabera, hezur horiek frankistak Bilbora sartu aurretiko egunetan izan ziren borroketan 1937ko ekainaren 19an erori zen Gudari batenak ziren.
Hobia 2017ko azaroan aurkitu zen, Lander Mella Gamiz-Fikako herritarraren lekukotzari esker; Elortatxu auzotik hurbil dagoen zona batean, Bilboko defentsa-lerrotik hurbil, ustez gorpu bat lurperatu zutela adierazi zuen. Bere oharren arabera, 1937an borrokalari bat lurperatu zuten.
2020KO HOBI PLANA
Eusko Jaurlaritzak 2003tik darama Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko lanean. Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez, proiektu horrek Euskadin hobiei eta horien kokapenari buruzko informazioa ematen duten partikular, kolektibo edo erakundeen eskaera guztiei erantzuten die. Lan horri esker, Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadik 44 hobi atera dituzte eta 106 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte. Horietatik:
- 57 Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan daude. Horietatik, 11 pertsona identifikatuenak dira.
- 44 hobiak aurkitu dituzten udalerrietako hilerrietan daude.
- Gainerakoak beren familiek aukeratutako lekuetan daude.