Eu

Marcos Muro: “Europako Gizarte Funtsak eragin positiboa du Euskadiko enpleguan eta gizarte- eta lan-inklusioan”

2019.eko ekainak 07
  • Europako Gizarte Funtsaren Programa Operatiboaren Jarraipen Batzordea
  • 2018a ixtean, Europako Gizarte Funtsaren Programa Operatiboak 37 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu Euskadin
  • Iaz, diseinatutako jarduketetan 1.642 langabe sartu ziren, eta horietako 935 iraupen luzeko langabeak ziren

Bilbo, 2019 06 07

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, gaur, honako hau nabarmendu du: “Europako Gizarte Funtsak eragin positiboa du Euskadiko enpleguan eta gizarte- eta lan-inklusioan”. Muro, Amaia Arteaga Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendariarekin batera, gaur goizean, Europako Gizarte Funtsaren Programa Operatiboaren Euskadiko Jarraipen Batzordearen (2014-2020) bilerako buru izan da; bilera Bilbon izan da eta, bertan, Emma Toledano Europako Batzordeko Espainia-Malta Unitateko burua, Alina Seciu Euskadik Unitatean duen solaskide berria eta Begoña Ruiz UAFSEko Kudeaketako zuzendariorde ondokoa ere izan dira, Jarraipen Batzordeko beste kide batzuekin batera.

Bileran, Europako Gizarte Funtsak Euskadin duen Programa Operatiboaren egungo egoera aztertu da, eta hautatu diren eragiketak birpasatu eta egindako jarduketen garapen-maila aztertu dute. Murok azaldu du 2018ko ekitaldiaren amaieran ”gastuko 37 milioi euro baino gehiagoko exekuzioa egiaztatu dela eta horrek esan nahi duela ia 19 milioi euro eskuratu direla Europako Gizarte Funtsetik. Neurri horien bidez, egun arte 21.000 pertsona baino gehiagori eskaini zaizkie zerbitzuak”.

Muro sailburuordeak honako hau nabarmendu du: “programa operatiboan eskuragarri dagoen finantzaketa euskal gizartean eragin handiena eta balio erantsia sor dezaketen jarduketetan kontzentratu da”. Hori dela eta, “2018an, hautatutako erakundeek enpleguaren jasangarritasuna eta kalitatea sustatzeko, gizarte-inklusioa sustatzeko eta pobreziaren eta diskriminazioaren auka borrokatzeko eta gizarte-berrikuntzaren alde egiteko lan egin dute”.

Iaz, programa operatibo honetan jaso diren jarduketetan 1.642 langabe sartu ziren, eta horietako 935 iraupen luzeko langabeak ziren. Era berean, parte-hartzaileen % 25,66 laneratzea lortu zen (% 24,24 gizonetan eta % 27 emakumeetan).

Marcos Muroren hitzen arabera, “2017-2020rako Enplegu Plan Estrategikoa bat dator enpleguari buruzko Europako estrategiaren helburuekin, eta, horrela, enplegu gehiago eta hobea sustatzen da”. Hori horrela, maiatzean erregistratutako langabezia-datuek, aste honetan bertan aurkeztu direnek, “langabeziaren beherakadan duten joera ona erakusten dute, bai eta Euskadin enpleguaren kopurua eta kalitatea hobetzeko bidean jarraitzen dugula ere”.

Europako Gizarte Funtsa

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila da Euskadin Europar Batasunak herrialde erkide guztietan enplegua eta gizarteratzea sustatzeko eskaintzen dituen laguntzak kudeatzen dituen erakundea. Gaur egun EGFk (Europako Gizarte Funtsa) Euskadin duen Programa Operatiboa 2014aren eta 2020aren bitartekoa da (baina beste hiru urtez luza daiteke, 2023ra arte), eta 107,65 milioi euroko jarduketak jasotzen ditu. Aurrekontu horren erdia (54,12 milioi euro) Europar Batasunak ematen du eta, beste erdia, jarduketetan parte hartzen duten euskal erakundeek.

EGFk Euskadin duen Programa Operatiboan Lanbidek parte hartzen du, eta lurralde-eremu desberdinetako beste ekonomia- eta gizarte-eragile batzuek eta gizarte-sektoreko eragileek parte har dezaten sustatzeko diseinatu da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Alina Secu, Emma Toledano, Begoña Ruiz