
Artolazabal: “Suizidioaren ondoriozko heriotzak beti egon dira gizarteetan, baina prebenitu eta murriztu daitezke, bereziki gaixotasun mentala duten pertsonen artean”
- “Profesionalki suizidioaz hitz egin behar da, osasunaren eta arreta sozialaren arloko lehentasunezko gaiaz”
- 160 profesionalek parte hartuko dute Asafesen mintegian, Vitoria-Gasteizen: “Suizidioaren tabua hausten”
VG 07 06 2019
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “suizidioaren ondoriozko heriotzak beti egon dira gizarteetan, baina prebenitu eta murriztu daitezke, bereziki gaixotasun mentala duten pertsonen artean. Profesionalki suizidioaz hitz egin behar da, osasunaren eta arreta sozialaren arloko lehentasunezko gaiaz”.
Artolazabalek Vitoria-Gasteizko Goiuri Jauregian “Suizidioaren tabua hausten” mintegian parte hartu du; bertan, osasun-arloko eta gizarte-arretaren arloko 160 profesionalek parte hartu dute. Mintegia Asafes - Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteak antolatu du.
“Garrantzitsua da zehaztea nola heldu behar dioten komunikabideek suizidioaren gaiari, ahalik eta neurri handienean prebenitzeko. Jakina da kasu guztiak ez daudela horren eraginpean, baina asko bai. Garrantzitsua da komunikabideek eta gizarteak komunikazio-kanal berrietan sentsazionalismorik gabe eta zorroztasunez egitea. Suizidioaz errespetuz hitz egin behar da; guztiok izan behar dugu erantzule”, esan du Artolazabal sailburuak.
“Suizidioaren gaia komunikabideek saihesten edo errespetatzen duten bakarrenetakoa da; izan ere, kazetaritzaren eskumenetatik, erreferentziak saihestea gomendatzen da, “kutsadura efektu” delakorik ez egoteko. Heriotza ikusezin horiek, izendatzen dituzuen bezala, beti egon dira gizarteetan. Gaurkoa bezalako jardunaldi espezializatuen bidez, batik bat gaixotasun mentala duten pertsonen arteko egoera triste horiek prebenitzen eta murrizten laguntzen dute”, esan du Beatriz Artolazabalek.
Lehentasuna
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “Profesionalki suizidioaz hitz egin behar da; izan ere, aipatzen edo esaten ez dena, ez da existitzen. Hori lehentasunezko gaia da osasunaren eta arreta mentalaren arloan”.
“Pertsona maite baten suizidioa bizi izan duten pertsonek behar bezalako arreta jaso behar dute. Hor garrantzitsua da AIDATUren lana nabarmentzea. Estatistikak hotzak dira: suizidioaren ondoriozko heriotzak trafiko-istripuen ondoriozko heriotzak baino gehiago dira, eta azken horiei buruz kontzientziazio- eta informazio-kanpainak egiten dira. Ordea, suzidioaren ondoriozko heriotzez ez da hitz egiten. Esan liteke ez direla existitzen, eta prebenitzea gakoa da; horretarako dauden baliabide guztiak baliatu behar dira”, esan du Beatriz Artolazabalek, espezialistekin izan duen topaketan.
Artolazabal sailburuaren hitzen arabera: “suzidioaren gaiaren inguruko isiltasuna kulturala da, hala irakatsi digute eta ez digute horri buruzko heziketarik eman. Mito handiak daude apurtzeko, gaiaren inguruan. Esaterako, esan ohi da suizidatuko dela ohartarazten duenak ez duela asmoa betetzen, arreta erakarri baino ez duela nahi izaten. Zuek, profesionalak zareten aldetik, badakizue hori ez dela egia. Pertsona horrek arreta erakarri nahi badu, zerbait gertatzen zaiolako da. Batzuek betetzen dute beren asmoa, suizidatuko direla iragarri ostean”.
“Zuek espezialista zarete, eta esan ohi duzue faltsua dela esatea “hobe da kasuez ez hitz egitea, domino efektua gertatuko litzatekeelako”. Argi dago onartzen ez dela suizidioa gizarte garen aldetik eragiten gaituen arazoa dela. Norbaitek bere buruaz beste egiteko ahalegina egiten duenean, etsita dagoelako da. Jendeak ez du hil nahi, sufritzeari utzi nahi dio, eta arazo sozial bilakatzen da sufrimendu horren aurrean baliabideak jarri nahi ez izatea”, esan die Artolazabalek Kongresuan parte hartzen duten pertsonei.
Artolazabal sailburuaren hitzen arabera, “gizarte-elementu batzuek ere zerikusia dute arrisku-faktoreekin: arazo ekonomikoak, familia desegituratuak, langabezia edo etxegabetzeak. Horrek guztiak etsipena eta depresioa eragiten ditu, eta horiek, batzuetan, suizidioa. Prebentzio-lan handia egin behar da: egin daiteke eta egin behar da”.
Prebentzioa
OMEk, 1969an, honako hau zioen: “suizidioa prebeni daiteke, horretarako baliabideak ezartzen badira”. 2014an, txosten bat prestatu zuen eta txostenak honako helburu hau ezartzen zuen: herrialde guztiek Suizidioa Prebenitzeko Plan Nazionala izatea eta plan horrek arazo horrekin zerikusia duten eragile guztiak koordinatzea. Espainian ez dago plan estatalik, eta, nazioarte-mailan, gutxi daude: 28 herrialdek baino ez dute. Toki- eta sektore-planak daude. Valentziak eta Galiziak plan autonomikoak dituzte, eta Euskadik oraintsu aurkeztu du.
Euskadiko Suizidioan Prebenitzeko Plana Osasun Sail honek zuzendu du, eta pasa den astelehenean aurkeztu zen, ekainaren 3an. Bertan, Psikiatriako, Psikologiako eta Lehen Mailako Arretako profesionalek parte hartu dute, bai eta Osasun Mentaleko Aholku Batzordeko kideek, Osakidetzako arduradunek, Osasun, Segurtasun, Hezkuntza eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailetako ordezkariek, foru-aldundiek, udalek, eremu soziosanitarioko eragileek, UPV/EHUko adituek, bizirik irten direnen elkarteek, laguntza-erakundeek eta Fundación Salud Mental España fundazioak ere.
“Plana beharrezkoa eta handinahia da; 9 arlotan garatzeko 57 neurri jaso ditu, guztira. Eremu komunitarioan honako hau nabarmtzen da: suizidioaren arriskuari buruzko prestakuntza, identifikazioa eta hari heltzeko bidea hezkuntzako (ikasleak eta irakasleak), gizarte-zerbitzuetako, laneko eta familiako eremuan sartzea. Eusko Jaurlaritzak, Osasun Sailarekin eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarekin batera, beharrezko Plan hori prestatzen jardun du”, esan du Artolazabal sailburuak.