Lehendakariak SEA – Arabako Enpresarien elkartearen biltzar nagusia itxi du
Iñigo Urkullu lehendakaria SEA – Arabako Enpresarien elkarteak gaur arratsaldean Gasteizko Vital eraikinean egin duen ohiko biltzar nagusia ixteko ekitaldian izan da.
Lehendakariak, bere esku-hartzean, industriaren sektorean, berrikuntzan nahiz nazioartekotzean, inbertitzen jarraitzearen garrantzia balioetsi du, industriaren ahalmena eta lehiakortasuna sendotu ahal izateko inbertitzen jarraitu behar dela eta.
Erabaki ekonomikoak hartzeko funtsezkoak diren esparruetan inbertsio eutsia hitzematen duen Enpleguaren eta Ekonomia Suspertzearen aldeko Planari aipamena eginez, lehendakariak azpimarratu du lehentasuna industriaren sektoreak eta inbertsio logistikoak dutela. Alde horretatik, Iñigo Urkullu lehendakariak berrikuntzaren eta digitalizazioaren erronka aipatu du, eta adierazi du zientziaren eta teknologiaren berrikuntzan inbertitzen jarraitu behar dela, laugarren industria-iraultzan aurrera jarraitu behar dela eta enpresaren eraldaketa digitalari lagundu behar zaiola. Nazioartekotzeari dagokionez, lehendakariak azpimarratu du, Euskaltelen kasuan bezala, bertako estrategiaren eta errotzearen alde egin behar dela eta interesa duten bertako taldeekiko loturak sendotu behar direla, “funtsezko aktiboa baita merkatu globalean lehiakorragoak izateko”, erantsi du.
Berrikuntzari buruz, berriz, lehendakariak gogoratu du baliabide publikoak % 5 gehitzeko konpromisoa betetzen ari direla eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planaren lankidetza-esparruaren baitan 10.000 milioi euro mugiaraziko direla 2020ra arte. Nazioartekotzeari dagokionez, Iñigo Urkulluk aipatu du iaz 25.000 milioi eurotik gorakoak izan zirela esportazioak, gure Barne Produktu Gordinaren heren bat, hain zuzen ere.
Ekonomiaren aurreikuspenen arabera, aurten eta datorren urtean hazkundea % 2tik gorakoa izatea espero da. Horrek 27.000 enplegu berri sortzeko eta krisiaren aurretik Gizarte Segurantzan kotizatzen ari ziren pertsonen tasak berreskuratzeko aukera adierazten du. Lehendakariak aitortu du garrantzi handiko lorpena dela; izan ere enpleguaren egonkortasun-tasa 2008an genuena baino handiagoa da. “Agerikoa da enpleguaren kalitatea hobetzen jarraitu behar dugula, baina bidezkoa da aitortzea enpresak alde horretatik egiten ari diren ahalegina”, erantsi du. Hori horrela izanik, lehendakariak hitzeman du egonkortasunari eutsi egingo zaiola, giza garapena ekarriko duen eta herritarrei oinarrizko zerbitzuak bermatuko dien hazkunde ekonomikoa sortzeko.
Ekonomiaren eta aurrekontuaren egonkortasunari buruz, lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren nahiz erakunde guztien konpromisoa Europako defizit publikoaren konpromisoa betetzea dela. “Gure ereduak kontu publikoen kudeaketan zorrotzak izatea lehenesten du”, adierazi du. Iñigo Urkulluren esanetan, zorroztasunak eta kaudimenak ekonomiaren eta enpresen jardunerako segurtasuna eta konfiantza bermatzen dituzte. Era berean, lehendakariak nabarmendu du defizitaren, zorraren eta gastu-arauaren arloan ezarritako helburuak betetzen dituen herrialde bat erakargarria dela inbertsiorako, eta adierazi du helburua inbertsioa, talentua eta jarduera ekonomikoa erakarriko dituen ekosistema sendotzen jarraitzea dela. Iñigo Urkulluren hitzetan, Euskadik badu hazkunde jasangarria eta giza garapena bateratzeko moduko eredua. “Hazkunde osasuntsua helburu duen eredu batek beti izan behar ditu erreferentzia ekoizpen-industria, prestakuntza gaitua eta kalitatezko enplegua sortzen duen berrikuntza”, erantsi du.
Bestalde, lehendakariak joan den apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko emaitzak ere aipatu ditu, eta adierazi du egonkortasunaren alde egindako apustu gisa interpretatu direla emaitzok. “Horixe izango da, aurrerantzean ere, gure bidea”, erantsi du. Iñigo Urkulluk esan duenez, erakundeen egonkortasuna eta ekonomiaren, industriaren eta zergen arloko erabaki politikoen egonkortasuna dira zalantzaz eta egoera nahasiz beteriko ingurune honetan egin daitekeen inbertsiorik onena. “Emaitzak lankidetza eta estrategia partekatua lehenesten dituen eredu bati emandako abala direla ere interpretatzen dut”, adierazi du. Lehendakariak lerro berdez, salbuespenik gabeko elkarrizketaren bidez, errealismoz eta arduraz eraikitako herrialde baten aldeko eta, zehazki, lankidetzaren bitartez eraikitako eredu baten aldeko apustua egin du. “Lerro berde gehiago eta lerro gorri gutxiago, espiritu eraikigarria eta demagogia gutxiago, errealismoa eta akordioak lortzeko borondatea, horixe behar dugu”, ñabartu du.