Berriak Lehendakaritza
Eu

Bizkaira zabaldu da umetoki-lepoko minbiziaren baheketarako programa, Gipuzkoan eta Araban ezarri ondoren

2019.eko ekainak 07

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur, Donostiako Unibertsitate Ospitalean dagoen azken belaunaldiko laborategia bisitatu du; bertara bidaltzen dira Euskadiko lagin guztiak, bertan aztertzeko

Duela urtebete programa abiarazi zenetik, ia 19.000 emakumeei eman zaie hitzordua proba egiteko

 

Osakidetzak amaitu du, dagoeneko, Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa Araban eta Gipuzkoan. Gipuzkoan sartzeko geratzen ziren azkenak sartu ditu, dagoeneko: ESI Goierri-Urola Garaia, Donostialdea, Bidasoa eta Tolosaldea. Horrela, dagoeneko ia 19.000 emakumeei hitzordua eman zaie, gutunez, osasun-zentrora joan daitezen, umetoki-lepoko minbizia garatu aurretiko minbiziaren aurreko lesioak detektatzeko proba erraz bat egitera, kontuan hartuta emakumeetan ohikoenak diren minbizietan laugarrena dela.

Programa 2018ko ekainean jarri zen esperientzia pilotu gisa martxan Debabarrenan, eta, dagoeneko, martxan da Araban eta Gipuzkoan, eta aurtengo urtean zehar Bizkaiko ESI guztietan ezartzea aurreikusten da. Uztailaren 1a gutuna jaso duten Basurtoko ESIko emakumeek hitzordua izango duten lehen eguna izango da. Horretarako, egun hauetan 868 dei egingo dira. Urrian, Barrualde-Galdakao ESIa sartuko da, eta gainerako hiru erakundeak, Barakaldo-Sestao, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta eta Uribe ESIak alegia, abenduan sartuko dira baheketa-programan.

Horrela, programaren lehen faseari emango zaio amaiera; bertan, lehentasuna eman zaie 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei, gonbidapena egiteko orduan. Pixkanaka, adin-tartea zabaldu egingo da, harik eta, 2023an, xede diren 25 eta 65 urte bitarteko Euskadiko emakume guztiengana heldu arte. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu du Osasun Saila, programa honen martxa onak erakusten duenez, erne dagoela minbiziaren detekzio goiztiarrean, lehentasunezko gaia dela aintzat hartuta. Hala ziurtatu du Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketa Unitateko laborategira egin duen bisitan, Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera; bertan zentralizatzen dira kontsultetan hartzen diren laginen analisiak. Laborategiak azken belaunaldiko ekipoak ditu eta, horien bidez, prozeduren aldakortasuna murriztu eta epeak hobetzen dira.

Beraz, 2018ko ekainean programa abiarazi zenetik, Osakidetzak 18-909 gutun bidali dizkie emakumeei. Eskualdeen arabera, gutunak honela banatu dira: Araba (7.068 gutun), Arabako Errioxa (373 gutun), Debagoiena (1.425 gutun) eta Debabarrena (2.344 gutun), Goierri-Urola Garaia (872 gutun), Donostialdea (5.458 gutun), Bidasoa (655 gutun) eta Tolosaldea (714 gutun). Lau ESI horietan, programan sartu diren azken horietan, lehen hitzorduak martxoaren 25etik aurrera eman dira.

Egun arte Araban eta Gipuzkoan proba egin duten emakume guztietatik, % 3-4 inguru ginekologoarenera bideratu da, proba zehatzagoak egitera (kolposkopia), diagnostikoa egiaztatzeko edo gezurtatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, tratamendua emateko.

 

ZERTAN DATZA PROBA?

Azterlan askok egiaztatu dute Giza Papilomaren Birusa (GPB) zelula lokalen eta umetoki-lepoko minbizia ekar dezaketen lesio aitzindarien aldaketen eragile kausala dela. 2015eko Europako eta Espainiako gidetan adostasun orokorra dago 35 urtetik gorako GPB birusa zehazteko proba eta 25 eta 34 urte bitartekoen artean zitologia baheketa-programetan erabil daitezkeela. 

Umetoki-lepoko minbiziaren baheketarako proba honetan datza: umetoki-lepoa estaltzen duten zelulen lagina hartzen da eta bitarteko likido baten utzi. Laborategian bi zehaztapen egin daitezke: zelulen analisia (zitologia) eta arrisku-maila altuko GPBren birusaren presentziaren analisia.

 

BIZTANLERIA-EREDUA

Autonomia-erkidego gehienetan bezala, umetoki-lepoko baheketa Euskadin eredu oportunistan oinarrituta egiten hasi zen, alegia, pazientea kontsultara beste arrazoi bategatik doala aprobetxatzen da proba egitea eskaintzeko. Formula horren bidez, 2018ko Osasun Inkestak jaso duen bezala, 15 urtetik gorako emakumeen % 59k azken hiru urteotan zitologia egin du. Formula horrez gain, oraingoz, 2018an abiarazi zen populazio-ereduak jarraituko du, alegia, proba egin ez duen emakumeren batek baheketa egin nahi badu, osasun-zentroan eskatu ahalko du egiteko.

Hala ere, lortu dena baino estaldura handiagoa bermatzeko, orain umetoki-lepoko baheketak biztanleria-eredu bati erantzuten dio. Osakidetzan antolatutako eta bertan integratutako prozesua da; gutun bidez egiten diren gonbidapenen bidez, xede den biztanleria guztiari heltzen zaio, alegia, 25 eta 65 urte bitarteko emakume guztiei. Euskadi programa hau ezartzen lehen autonomia-erkidegoetako bat izan da; eredu horren bidez, gainera, proben kalitatearen kontrola ziurtatu, zelula anormalak edo giza papilomaren birusaren (GPB) presentzia detektatzen den kasuetan bideratzeko eta segimendua egiteko berezko zirkuituak ezarri, birdeia egiteko sistemak erabili eta proba aplikatzeko tartea errespetatu ahalko da.

 

OSAKIDETZAKO UMETOKI-LEPOKO MINBIZIAREN BAHEKETARAKO UNITATEA

Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Unitatea duela lau urte sortu zen, Euskadi umetoki-lepoko minbiziaren prozesu guztiak integratu eta estandarizatzeko eta, horretarako, epeak eta eraginkortasuna hobetzeko. Laborategi modernoa du, eta bertako automatizazio-maila egokia da prozeduren aldakortasuna murrizteko; orain arte 140.000 azterlan eta 200.000 proba egin dira. Batez besteko erantzun-denborak 2,66 egunekoak dira, GPB zehazteko, eta 6,35 egunekoa, azterlan zitologikorako.

Unitateko plantillan 7 zito-teknikari eta patologo bat daude, eta fase guztietan esku hartzen du plantillak, besteak beste: emaginak edo ginekologoak baheketa-proba eskatzen du, lagina garraiatu eta hartu egiten da lagina bera hartzen den zentrotik Unitate horretaraino.

 

Donostia-San Sebastián, 2019ko ekainaren 7a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak