Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

“Euskadi Lagunkoia Sustraietatik” programak Merkataritza Lagunkoiaren Astea antolatu du; ekainaren 10etik 16ra izango da

2019-06-06
  • Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatuta, euskal establezimenduek lagunkoitasunaren inguruan egiten dituzten jardunbide egokien zabalkundea sustatzen du
  • Hastag-ak: #ComercioAmigable eta #MerkataritzaLagunkoia, ekintza horien berri emateko
  • Euskadik nagusiekiko lagunkoitasun-sareari atxikita dauden 400 establezimendu baino gehiago ditu

VG 06 VI 2019

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak gaur goizean azaldu du Euskadi Lagunkoia sareak, ekainaren 10etik 16ra bitartean, Merkataritza Lagunkoiaren Astea sustatuko duela, “zahartzen ari den gizartean hurbileko merkataritzari balioa emateko; izan ere, denden eta zentro txikien eginkizuna ezinbestekoa da pertsona guztien autonomia eta bizi-kalitatea mantentzeko eta, batik bat, nagusienena”.

Datorren astean, euskal establezimenduek lagunkoitasunaren inguruan egiten dituzten jardunbide egokien balioa nabarmenduko da; izan ere, kanpaina euskal saltokiek egunean egunean egiten dituzten ekintzak partekatzean datza, bideo edo argazkien bidez, sare sozialetan, honako hastag hauekin: #ComercioAmigable eta #MerkataritzaLagunkoia.

Halaber, argazki edo bideo horiek prentsa@euskadilagunkoia.net helbidera edo WhatsApp bidez 659 188 046 zenbakira bidal daitezke, ekainaren 10a baino lehen, material hori Euskadi Lagunkoiaren sareen bidez zabaltzeko.

Establezimendu Lagunkoien Sarea

Euskadik Euskadi Lagunkoia sareko Establezimendu Lagunkoien programari atxikita dauden 400 establezimendu baino gehiago ditu. Programa hori Eusko Jaurlaritzak jarri du abian, Euskadiko establezimendu publikoetan lagunkoitasuna sustatzeko; programak saltoki eta jatetxe-lokaletarako gida bat jaso du.

“Programak eta gidak kostu gutxiko edo batere gasturik gabeko jardunbideak proposatzen dituzte, enpresei urte gehien dituzten bezeroak erakartzen edo horiei eusten laguntzeko”, azaldu du Lide Amilibiak. Gidak establezimenduen kudeatzaileei zuzendutako aholkuak eta urratsak proposatzen ditu; horien bidez, merkatariek eta ostalariek beraiek beren lokalak espazio lagunkoi bilakatzea lortu nahi da eta, horrela, bezeroari arreta emateko zerbitzua hobetzea, langileak hobeto sentsibilizatuz.

“Pertsona guztiei eta, bereziki, adinekoei kalitateko zerbitzua emateko urrats eta gomendioak dira. Horrela, adinekoek hainbat eremutan izan ditzaketen beharrizanak konpentsatzen dira: mugikortasun-galera, ikusmenaren gutxitzea, entzumenaren gutxitzea edo narriadura kognitiboa, besteak beste”, esan du Amilibiak.

Gidan, esaterako, honako gomendio eta urrats hauek jaso dira: sarrera lurraren maila berean ez badago, arrapala jartzeko aukera aztertzea; etxeko banaketa-zerbitzua aktibatzea; ate eta pasorako lekuetan espazio zabala uztea; argiztapen artifizial ona izatea; musikaren bolumena jaistea; alfonbrak kentzea edo lurzoruan sartuta jartzea; bezeroek itxaron bitartean eserita egoteko aulkia edo bankua jartzea; ikusmen-zailtasunak dituztenek produktuen, informazioaren, menuen eta beste hainbaten zehaztapenak irakurri ahal izateko ikusmen nekaturako betaurrekoak edo lupa bat izatea; argi hitz egitea eta behar beste aldiz errepikatzea; eta material inprimatua hobetzeko aholku batzuk, besteak beste.

Adinekoak ere kontsumitzaile

Gaur egun, 480.653 pertsonak gainditu dituzte Euskadin 65 urteak (Eustaten 2018ko datuen arabera). Alegia, hamar pertsonatik bi teknikoki nagusiak dira. 2029an, zifra horrek gora egingo du eta hamarretik hiru izango dira, aurreikuspenen arabera.

Estatistiken arabera, euskal adinekoak kontsumitzaile handiak dira. Kontsumoaren batez bestekoa 60 urteko eta gehiagoko familientzat 96,67 euro da astean, 16 eta 44 urte bitarteko biztanleen zifra baino handiagoa.

“Gainera, talde horrek, establezimenduekin duen loturari dagokionez, beste ezaugarri batzuk ditu, besteak beste: saltoki txikietan eta hurbilekoetan erosten dute, eta zerbitzu ona saritzeko fidelizazioa eta leialtasuna erakusten dituzte. Horregatik euskal saltoki askok aplikatzen dituzte, dagoeneko, beren bezero nagusiei erosketa erosoago egiteko”, esan du Lide Amilibiak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)