Eu

Atlantik 1050: euskal eta eskoziar dantza tradizionalak uztartuko dituen kaleko ikuskizuna

2019.eko ekainak 06
  • Etxepare Euskal Institutuak, Dance Base (Eskoziako Dantza Zentro Nazionala) eta Atlantikaldiak sustatutako proiektu honen arduradun artistiko dira Jen Wren koregrafoa, Amy Geddes musikaria eta Alain Maya dantzari eta koreografoa. Ekainaren 5etik 9ra Euskal Herrian elkarlanean dihardute, hala, ekimenaren lehen urratsa emanez.

  • Itsasoa zubi izango duen joan etorriko bidaia egingo du ikuskizunak: Edinburgoko Fringe jaialdian estreinatuko da abuztuan eta, ondoren, irailean Errenteriako Atlantikaldia jaialdian aurkeztuko da

2019an euskal zein eskoziar kultura, artea eta hizkuntzak oinarri hartuta bi herrien arteko harremanak sendotzeko, Etxepare Euskal Institutuak garatutako #ScotlandGoesBasque ekimenaren hurrengo mugarrietako bat izango da Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko dituen Atlantik 1050 kaleko ikuskizuna. Institutuak berak, kulturen hartu-emana bultzatzea xede duen Errenteriako Atlantikaldia jaialdiak eta Dance Base-ek, Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak sustatutako ikuskizun horrek itsasoa du bi kulturen arteko lokailu eta joan-etorriko bidaia gisa otu da: abuztuan Edinburgoko Fringe jaialdian estreinatuko da eta irailean, berriz, Atlantikaldiara etorriko da.

Atlantik 1050 ekimenak bikain islatzen du #ScotlandGoesBasque proiektuaren asmoa: euskara eta euskal kultura Eskoziara eraman ez ezik, iragana eta gaurkotasuna

aintzat hartuta bi kulturen arteko uztarketa bultzatu nahi da, horretarako elkarri aberasgarri gerta dakizkieken ekimenak bideratu eta bi herrialdeetako kultur-eragile zein sortzaileen arteko harremanak sustatuz.

Zergatik Atlantik 1050?

Aipatu bezala, itsasoak garrantzi berezia du egitasmo honen muinean; izan ere, itsasoa lotura garrantzitsua izan da mendeetan zehar Eskozia eta Euskal Herriaren artean eta bi herrien arteko dantza tradizionalak bilduko dituen ikuskizun honek ere kostaldetik kostalderako bidaia egingo du: proiektua Edinburgon eta Errenterian sortu, garatu eta aurkeztuko da eta, itsasoz, 1050 itsas milia dira, hain zuzen, bi leku horien arteko distantzia. Hori da, hasiera batean, Basque-Scottish Traditional Dance gisa sortu zen proiektuari Atlantik 1050 izenburua ematerakoan jaso nahi izan dena.

Zertan datza Atlantik 1050?

#ScotlandGoesBasque programa osatzerakoan, arte eszenikoen arloari dagokionez, xede hartu zen euskal artisten lanaren lagin bat Edinburgh Festival Fringe delakora eramatea, hori baita nazioarte mailan egun topaketa garrantzitsuena, bai publikoari dagokionez, eta baita arte eszenikoko profesionalei dagokienez ere. Testuinguru horretan, Atlantik 1050 nazioarteko proiektuaren sorburuan dago Fringe jaialdiaren zuzendari artistiko Morag Deyes-ek euskal dantza tradizionala Edinburgoko jaialdi ospetsuan aurkeztearen aldeko apostuan. Jaialdiaren arduradunak interes berezia agertu zuen euskal dantza tradizionalarekiko, bereziki deigarria gertatzen baita oinekin horretan egiten diren mugimendu-jokoak eta, hori dela-eta, kaleko ikuskizun bat programatu nahi izan zuen, bestelako euskal dantza gairaikideko hainbat artisten lana aurkezteaz gain.

Gauzak horrela, abian jarri zen Eskozia eta Euskal Herriko dantza tradizionalak kutsu garaikideaz uztartzeko bi herrien arteko erakunde eta artistek garatuko zuten Atlantik 1050 proiektua. Etxepare Euskal Institutuak  Dance Base, Eskoziako Dantza Zentro

Nazionala, eta Errenteriako Atlantikaldia jaialdia ditu lankide: Dance Base izan da Eskoziako artisten aukeraketa egiteaz arduratu dena eta Atlantikaldia, berriz, proiektu honetan esku hartuko duten euskal ordezkariak hautatu dituena. Izan ere, kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetzea eta horien arteko sorkuntza prozesuetan eragitea du helburu Errenteriako jaialdiak.

Finantziazioari dagokionez, ekimenak Etxepare Euskal Institutuaren, kultur jarduerak bultzatzen dituen Creative Scotland erakunde publikoaren eta Errenteriako Udalaren babesa du.

Parte hartuko duten artistak

Atlantik 1050 proiektua ikerkuntzaren, uztarketaren eta elkarlanaren emaitza izango da. Horretan jardungo duen lan taldea osatu aldera, Eskoziar partaideei dagokienez, Dance Base-k deialdi bat zabaldu zuen egitasmoaren zuzendari artistikoa eta musika zuzendaria hautatzeko. Aurkeztutakoen artean, Jen Wren emakume dantzari eta koreografoa eta Amy Geddes musikaria izan ziren hautatuak; eskoziar dantzariak aukeratzeko, halaber, eskoziar dantza tradizionaletan (bereziki Haighlanetakoetan) trebatutako 16 eta 25 urte bitarteko gazteen artean deialdia luzatu zuen erakundeak eta hautaketa ekainaren 15 larunbatean egingo da, Dance Base-en izango den atariko tailerraren ondoren (informazio gehiago: https://www.dancebase.co.uk/dance-news/opportunity-dancers-aged-16-25-needed-to-perform-in-the-jaialdia-mix-1460). Ikuskizuna musikaz jantziko duten bi musikariak euskaldunak izango dira eta Amy Geddesek aukeratuko ditu, sortze prozesuan aurrera egin heinean, zein instrumenturen interpreteak izango diren zehaztu ondoren.

Euskal partaideei dagokionez, aldiz, Atlantikaldia jaialdiak Errenteriako Ereintza Dantza Taldeari egin dio enkargua. Taldeak, bere kide duen Alain Maya  dantzari eta koreografoa izendatu du proiektuaren zuzendari artistikoaren zein musika zuzendariaren aholkulari, Euskal Herriko dantza eta musika tradizionalaren alorrean. Horretaz gain, bera arduratuko da euskal dantzariak  hautatzeaz: Ereintzako hainbat kide izango dira dantzari-taldearen oinarri eta Euskal Herriko beste zenbait eskualdetako taldetako kideak ere deituko ditu Mayak proiektuan esku-hartzera.

Bai Euskal Herritik Eskoziara eta baita Eskoziatik Euskal Herrira ere bidaia egingo duten dantzariak 10/14 inguru izango dira, ikuskizunean tokian tokiko dantzari gehiagok esku hartuko dutela aurreikusita badago ere..

Proiektuaren garapena

Ekainaren 5etik 9ra Euskal Herrira lan bisita, proiektuaren abiapuntu. Jen Wren eta Amy Geddes Euskal Herrian daude egunotan, Alain Mayaren gidaritzapean, euskal dantza eta musika tradizionalen inguruan ikertu eta horiek eskoziar dantzekin eta musikekin nola uztartu hausnartzeaz gain, lan horretan lagungarri izango zaizkien euskal kultura, ohiturak eta abarren ingurukoak gertutik ezagutzeko. Horretarako, euskal dantza taldeen entseguetan esku hartzeaz gain, izango dute bestelako euskal kultur adierazpenez gozatzeko aukera: Dantza filma eta Zuberoako Maskarada ikuskizuna Pasaiako Dantza Jaialdian, eskualdeko museoetara bisitaldia...

Ondoren, Alain Maya Eskoziara. Uztailaren 22tik 26ra Alain Maya Eskozian izango da, proiektua osotzeko; bertan eskoziar dantza zein musika eta folklorearen xehetasunak ezagutu eta Jen, Amy eta bertako dantzariekin ariko da jardunean.

Lan prozesu guzti horren emaitza Edinburgon eszenaratuko da estreinakoz, Fringe jaialdian, abuztuaren 9an. Eta, estreinaldi horren ostean, Atlantik 1050 Euskal Herrira itzuliko da hezur-mamituta, eta irailaren 22an Errenteriako Atlantikaldia jaialdian aurkeztuko da.

ATLANTIK 1050 proiektuaren agenda

Ekainak 5-9
Jen Wren eta Amy Geddes en lan eta ikerketa bisita Euskal Herrira.

Uztailak 22-26
Alain  Mayaren lan bisita Eskoziara

Abuztuak 9
Emanaldia Fringen (Edinburgo)

Irailak 22

Emanaldia Atlantikaldian (Errenteria)

Biografiak

Jen Wren, zuzendari artistikoa

Jen Wren lan tradizional zein garaikideak sortu, ekoiztu eta zabaltzen dituen Slanjayvah Danza konpainiaren sortzaile eta zuzendari artistikoa da. Slanjayvah Danza-ren helburua da eskoziar eta espainiar dantza, musika eta kontakizun tradizionalak testuinguru garaikidean kokatzea. Konpainiaren lanak antzeztu eta eman dira Erresuma Batuan, Espainian, Frantzian, Herbeheretan, Estatu Batuetan, Qatar edo Singapuren. Enkarguak egin dizkiote KMA Productions, Cultural Olympiad 2012, Al Ryyan Qatar, Camera 2 New York eta abarrek.

Eskozian jaioa baina Espainiarekiko lotura sendoak izanik, Jenek bi kulturen aipua egiten du bere lanean. Dantza-pausu zein musika tradizionalak ekoizpen garaikideetan txertatzea du gustuko, eta emozioz eta abenturarako senaz jazten ditu. Slanjayvah Danza konpainiaren koreografo eta zuzendari artistiko gisa, ezaguna da publikoaren arreta ahots artistiko anitzaz eta pentsarazten duten lanen bidez erakartzeagatik.

Azken urteotan, Jenek hainbat dantza tradizionalen arteko antzekotasunak eta aldeak ikertzen dihardu, eta baita historian zehar gizakiak munduan barrena egindako bidaiek zein eragin izan duten egun gizarteek dituzten harremanetan. Bere lan berrietan dantza elementu bizi edo indartsuak nahiz intimoagoak landu ditu.

Bere lan berriena 6 Feet, 3 Shoes da, lagunen arteko mugaz gaindiko harremanez eta kultur trukeaz mintzo den ikuskizuna. Piezak zuzeneko musika eta kontakizuna nahasten ditu, flamenkoa eta dantza eskoziar tradizionala zein garaikidea bateratuz.

Amy Geddes, musika zuzendaria

Amy Geddes eskoziar biolin jotzaile garaikideen artean nabarmenetarikoa dugu egun, eta interprete, irakasle eta konpositore aritzen da. Amyren estiloaren garapenean eragina izan du bere ibilbidean zehar, jaioterrian ez ezik, Irlandan, Norvegian, Kanadan edo Indian bertako musikariekin batera jo izanak. Horren emaitza da Eskozian erro sendoak dituen eta musika esperintzia aberatsa erakusten duen soinu irmoa. Scots Music Group taldearen Inspire Project delakoaren zuzendari artistikoa da gainera. Egitasmo horrek kalean bizi direnen eta gaitz mentalak dituztenen alde egiten du lan.

Alain Maya, aholkularia

Alain Mayak sei urterekin Errenteriako Ereintza Dantza Taldean hasi zuen bere dantzari ibilbidea, eta oraindik ere bertan dihardu dantzari eta taldeko arduradunetako bat bezala. Ereintzarekin Euskal Herrian eta nazioartean hainbat folklore jaialditan parte hartu du, esaterako, Irlandan, Turkian, Kroazian edo Austrian.

Kukai Dantza Konpainiako dantzarietako bat da 2001. urtean sortu zenetik. Aurretik Ereintzan eta Errenteria Musikal Dantza Eskolan jasotako dantza tradizional ikasketez gain, hazteko aukera eman dio nazioarteko koreografo ezberdinekin lan egiteko paradak, hala nola, Sharon Fridman, Cesc Gelabert, La Intrusa, Marcos Morau eta abar. Kukairekin Euskal Herrian eta nazioartean emanaldiak eta sariak pilatu ditu. Horietan aipagarrienak, Dantzari Talde Onenaren Max Saria bitan edo Espainiako Dantza Sari Nazionala. Aurresku eta dantza solte txapelketetan ere hainbat sari irabazitakoa, Gipuzkoako Aurresku Txapelketa tartean.    

Duela hamar urte ingurutik dantza irakasle bezala dabil. Gaur egun, Zumaiako Txori Txiki Dantza Eskolan irakaslea da, eta aurretik, Donostian, Errenterian, Baionan edo Getarian (Lapurdi) ere aritu izan da irakasle.

Familia dantzazalea eta kultur mugimenduarekin oso konprometitua izanda, bere dantzari ibilbidea zenbait kultur eragilerekin egiten duen lanarekin uztartzen du. Kazetaritzako ikasketak egin zituen EHU-UPVn, eta ondoren, Oarsoaldeko Hitza, Berria edo ETBn jardundakoa da, nahiz eta, gaur egun, dantzari emana dagoen 100 %ean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak