Eu

Basque Teamek kirolarien talentu bereizgarria hurbildu die enpresei

2019.eko ekainak 05

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eta Enplegu eta Gazteriako sailburuordearen presentzia izan duen Basque Teamek eta Estrategia Empresarialek antolatutako jardunaldian, kirolariak lan munduan integratzearen garrantzia azpimarratu da, enpresei eskaini ahal dieten baliogatik

Bilbo, 2019ko ekainaren 5ean. Estrategia Empresarialek eta Basque Team Fundazioak antolatutako 'Lidergoa eta taldeen kudeaketa' izenburua izan duen jardunaldia gaur gauzatu da Bilbon, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Alberto Iñurrategi alpinista eta Basque Teameko enbaxadorea, Irantzu Garcia Basque Teamek bekatutako curling jokalaria, Fran Garagarza Eibar Kirol Elkarteko kirol zuzendaria, Irene Schiavon nazioarteko errugbi jokalaria eta Iberdrolako lankidea eta Amaya Felipe RDT Ingenieros enpresako pertsonen zuzendaritza arduraduna bertan izan direla. Ekitaldiak euskal enpresetako, politikako eta kirol munduko ehun pertsona baino gehiago bildu ditu.

Jardunaldia Basque Teameko koordinatzailea den Olatz Legarzaren agurrarekin hasi da. Kirol arloan bikaintasunezko emaitzak bultzatzeaz gain, behin euren kirol ibilbidea bukatuta, fundazioak kirolariei lan munduan sartzeko laguntza eskaintzen diela azpimarratu du Legarzak. 2017an Basque Teamek euskal patronalekin akordioa sinatu zuen eta bide horretan lanean jarraitzen du kirolarien eta enpresen arteko gerturatzea sustatzeko. Zentzu horretan Legarzak adierazi du Basque Teameko kirolariek gauza asko eskaini ahal dituztela enpresen erronketan. Horregaitik, kirolarien talentu bereizgarrian interesa izan ahal duten enpresak animatu ditu euren jardueretan kirolariak integratzeko.

Olatz Legarzak egindako irekieraren ondoren, Estrategia Empresarialeko kontseilari-delegatua den Roberto Urkitzak gidatutako mahai-ingurua etorri da. Bertan aztertu dute kirolariek nola administratzen duten haien ibilbide profesionala, taldeak nola kudeatzen diren eta lidergoak zenbateko garrantzia duen kirol arloan, beti ere, dena empresa munduarekin lotuz. Bertan kirolarien formakuntzaren garrantzia eta enpresek kirolariek duten balio erantsia euren egituretan txertatzeko beharra azpimarratu dute.

Alberto Iñurrategik ohiko lidergoa baztertzeko idea azpimarratu du. “Taldean dauden kide guztiek helburuarekin bat egin behar dute, pasioa eta motibazioa galdu barik. Gainera porrotetatik ere abilezia eta potentzialtasun berriak atera daitezke. Porrota arrakastaren beste aldea da eta horrekin aurrera egitea ikasi behar dugu” esan du alpinistak.

Fran Garagarzak, bestalde, pertsonen garrantzia nabarmendu du, baita lantaldean harrokerien kudeaketak duen pisua ere.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak itxi dute ekitaldia. "Ekimen guztiek helburu bat dute eta guztien artean egindako lana beharrezkoa horiek erdiesteko, bai enpresan bai kirolean” adierazi du Zupiriak. Bestalde, Murok esan du ezagutza ez dela nahikoa, eta taldekideekin ditugun harremanetan, porrota eta arrakasten kudeaketan… balio erantsia gehitu behar dela. Kirolariek balio hori eskaini dezakete.

Ekitaldiaren bukaera Virginia Diazek asteburu honetan, Lucernan, arraun olinpikoko Europako txapelketan irabazitako urrezko domina aurkezteko aprobetxatu da. Virginiak urrea poltsikoratu du Aina Cidekin batera lemazainik gabeko binakakoan (2w-), orain arte estatu mailan lortu ez dena.

4 iruzkin
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak