Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Uztartu Programa aurkeztu du Erradikalizazio biolentoaren prebentziorako Nazioarteko Mintegian

2019.eko ekainak 06

Indarkeriazko erradikalizazioaren prebentzioan diharduten nazioarteko erakundeen arduradunek Donostian Eusko Jaurlaritzak antolatu duen Erradikalizazio biolentoaren prebentziorako Nazioarteko Mintegian aurkeztu dituzte hiru esperientzia zehatz.

Aurkezpenean Peter Neumann, Erresuma Batuko International Centre for the Study of Radicalisationeko zuzendariak (ICSR);  Anamaria Cardona eta Roxane Martel-Perron Kanadako Center for the Prevention of Radicalization leading to violence-eko ordezkariek, eta Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak  parte hartu dute .

Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak Uztartu Programa aurkeztu du. Erradikalizazio biolentoaren prebentziorako gizarte- eta hezkuntza-programa da hau, eta Eusko Jaurlaritzak eta EITBk, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan, sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da. Jonan Fernandezek aurkeztutako esperientziaz gain Donostiako Kursaalean ospatu den Mintegian nazioarteko beste bi esperientzia ezagutzeko aukera ere egon da: Erresuma Batuko Erradikalizazioaren Azterketarako Nazioarteko Zentroa eta Kanadako Erradikalizazio Biolentoaren Prebentziorako Zentroa.

Jonan Fernandezek azaldu duenez, Gizarte-heziketako proiektu honen abiapuntuko hipotesia erradikalizazio biolento guztiek jatorri unibertsal komunak izan ditzaketela da. Fernandezek esan du planteatzen den ibilbide honen bitartez jatorri unibertsal horiek identifikatu nahi direla, ondoren, hauek antzematea ahalbidetuko duten esperientzia pertsonalizatutan islatzeko eta, azkenik, hezkuntzaren eta prebentzioaren ikuspegitik lantzeko.

Uztartu ekimena diagnostiko batean oinarritua dago: erradikalizazio biolentoa gertatzeko isuri kognitibo batzuk eman behar dira (aurreiritziak, gaizki-ulertuak…). Programa honetan identifikazio hori lau isuritan identifikatzen da: dogmatismoan, fatalismoan, manikeismoan eta sektarismoan. Hauen eraginak giza kontzientzian erradikalizazio biolentorako errekurtsoaren zilegitasuna gaitzen du. Programan garatutako hipotesiaren arabera, erradikalizazioa prebenitzeko gogoeta eta esperientzia sustatu behar dira hautazko lau nukleo pedagogikoren inguruan: giza duintasunaren, kontzientziaren, balio positiboaren eta mugaren pedagogia.

Uztartu Programa 30 segundoko 5 iragarkitan oinarritzen da. Aurreneko lauetan isuri kognitibo bakoitza azaldu berri ditugun hautazko nukleo pedagogikoen aurrean jartzen da. Bosgarren iragarkiak sintesi bat eskaintzen du. Horretan oinarrituta, programak film dokumental bat landu du. Istorio erreal bat da. Bertako protagonistak elkar ezagutzen ez duten eta gai honen inguruan elkarren artean hitz egingo duten 16 gazte dira. Filma 11 minutuko bost kapitulutan egituratua dago eta honako izenburu hau darama: “Algo nos une al equipo de este país”. 16 gazte horiek lau lagunez osatutako lau taldetan banatuta hitz egiten dute. Aurreneko lau kapituluetan talde bakoitzak dagokion iragarkia ikusten du eta bere edukiari buruz hitz egiten du. Bosgarren kapituluan 16 parte-hartzaileen gogoeten bateratze-lana erakusten da.

Jonan Fernandezek azaldu duenez, bost iragarkiek eta dokumentalak, erradikalizazio biolentoko prozesuei buruzko gogoeta kritikoa sustatzera bideratutako ikus-entzunezko baliabidea izateaz gain, garatzeko proposatzen den eredua erakusten dute. Hau horrela, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak esan du edukiak edozein hezitzailek pertsona-talde batekin erabil lezakeen gida didaktikoa dela. Izan ere, gizarte-heziketako proiektu hau aplika daitekeen edozein testuingurutan sorrarazi nahi den elkarrizketa deskribatzen da dokumentalean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Peter Neumann, Anamaria Cardona, Roxane Martel-Perron,