Berriak Osasuna
Eu

Alde Zaharreko osasun zentroak pediatriako kontsultak zabaldu eta amatasun eremua ireki du

2019.eko ekainak 05

Nekane Murga Osasun sailburuak, gaur, zentroa bisitatu du, eta esan du inbertsioa Osasun Sailak eta Osakidetzak lehen mailako arretaren alde egiten duten apustuaren aldeko adibide dela

 

Nekane Murga Osasun sailburuak, gaur, Bilboko Alde Zaharreko osasun-zentroa bisitatu du; bertan, ama eta haurrentzako eremua egokitu da. Zehazki, zentroaren bigarren solairuan 180 metro koadroko azalera baino gehiago berritu da, eta, horrela, hobekuntzak egin dira pediatriaren arloan. Halaber, amatasun eremua sortu dute.  Sailburuak nabarmendu du zentroan eginiko obrak “Osasun Sailak eta Osakidetzak lehen mailako arretaren alde egiten duten apustuaren aldeko adibide” direla.

Horrela jaso da Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategian; dokumentua hainbat agenterekin adostu da, asistentzia-maila hori sendotzeko, eta, jarduketa-ildoen artean, osasun-zentroak modernizatzeko inbertsioa areagotzea aurreikusten du. 2016tik, 97 milioi euro inbertitu dira azpiegituretan. Zehazki, denbora horretan bi osasun-zentro eta hiru kontsultategi ireki dira, urtero. Azkena Retuertokoa izan da, Barakaldon.

Alde Zaharreko osasun-zentroko obrek 150.000 euro inguruko inbertsioa eragin dute. Lanen bidez, pediatriaren eremurako espazioa zabaldu da; hiru kontsulta berri ditu, eremurako itxaron-gela esklusiboa, aldagailu bat eta komun egokitu bat. Amatasun eremua berria da, lehen ez zegoen, eta, bertan, kontsulta bat eta amatasunerako prestatzeko erabilera anitzeko zona bat dago. Gainera, solairuan atari bat dago eta, bertan, aulkiak daude; amatasunaren eremuko itxaron-gela moduko bat da, bai eta pediatriaren eremuari laguntza ematekoa ere. Egokitzapen-obrek hiru hilabete iraun dute.

Alde Zaharreko osasun-zentroak 14 urtetik gorako 11.500 pertsonari eta 1.600 ume ingururi ematen die arreta.

Bilboko Alde Zaharreko osasun-zentrora eginiko bisitan, Nekane Murga sailburuarekin batera Iñaki Berraondo Osasun sailburuordea, Fátima Ansotegi Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordea, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusia eta Eduardo Maiz Bilbao-Basurto ESIko gerentea izan dira.

 

Bilbo, 2019ko ekainaren 5a

Iruzkin bat