Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Industria sailak eta Iruña Okako udalak 26 milioiko inbertsioa itxi dute beste industrialde batean

2011-03-28

Etorkizunean egingo den eta aurreko astean aurkeztu zen VIAP Forondako parke aeronautikoaren proiektua osatzen du. Jarduera ekonomikoak egiteko 450.000 metro koadro berri dira.

Etorkizuneko Euskadiko nodo logistiko handiko (Intermodala-Viap-Subillabide) jarduera industriala ahalbidetuko du.

Hitzarmena gaur sinatu da, eta Espainiako iparraldeko nazioarteko garraioaren nodoa izango dena garatuko du.

Subillabide II proiektua garatzeko aurreikusitako inbertsioa 26 milioi eurokoa da. Lanak 2016an amaitzea aurreikusi da.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 28a. Arabak industria garatzeko operazio berria du abian. Aurreko astean Foronda inguruko parke aeronautikoa garatzeko hitzarmena sinatu zen, hots, Vitoria Industrial Air Park (VIAP) izenekoa garatzeko, eta gaur beste hitzarmen bat sinatuko da eremu horretan industrialde bat sustatzeko: 460.827 m²-ko lurzorua garatzea, Subillabideko II delakoaren inguruan egingo diren jarduera ekonomikoetarako.

Iruña Okako alkate Javier Martínezek eta SPRILUR, S.A.ko zuzendari nagusi José Manuel Iturratek hirigintza arloko lankidetza hitzarmen berria sinatu dute gaur jarduera hau abiarazteko. Guztira, 26 milioi euro inbertitzea aurreikusi da.

Hitzarmen honen bitartez, bertan parte hartzen duten erakundeen interesa gauzatu nahi da, hain zuzen ere, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarena, SPRILUR, S.A. sozietatearen bitartez, eta Iruña Okako Udalarena. Helburua VIAP -Vitoria Industrial Air Park- delakotik hurbil dagoen erabilera industrialeko jarduera bat egitea da, baita balizko Jundizeko Intermodala gauzatzea ere. Azpiegitura industrial berri honek sinergiak indartu eta ekonomia suspertzea du xede. Horretarako, bada, sektore aeronautikoari eta aeroelikagaien garraio sektoreari loturiko arduerek sortutako eta erakarritako ekimen berriak pentsatu dira.

Forondako Aireportua, Jundizko Intermodala eta VIAP barne hartzen dituen proiektuaria, orain, Subillabide gehituko zaio. Gisa horretan, etorkizunean, Espainiako iparraldeko logistika eta trenbide nodorik garrantzitsuena osatuko da.

Hitzarmen hau, gainera, Lehiakortasun-Estrategia Europa 2020 Planak proiektatutako estrategien jardueren baitan sartzen da. Plan horren arabera, ekonomia lehiakor eta dinamikoak garatu nahi dira, esportatzaileak eta lankidetza publiko-pribatukoak, konektatuak eta Europari irekita egongo direnak.

SUSTAPEN EKONOMIKOAREN HAUTABIDEA ARABAN

Subillabide II-k Jundizko industrialdearen mendebaldea eta Subillabide I lotzea dakar. Ondorioz, enpresen eskura jartzen ditu zoru industrialeko milioi erdi metro koadro, kokaleku estrategiko eta pribilegiatuan. Industrialdeen arteko garraio sarera barnetik zuzenean sartzeak N1 errepideko zirkulazioa arinduko du, eta aeronautika eta aeronautiko garraioen sektoreen trakzio merkatu industriala areagotuko du.

Era berean, joan den astean Industria sailburu Bernabé Undak aurkeztutako VIAP-Vitoria Industrial Air Park industrialde berritik 3 km ingurura kokatuko da. Proiektu bien arteko sinergia ez da funtzionala edo osagarria bakarrik, ingurumen iraunkortasunaren esparruan ere ondorio positiboak ekarriko baititu. Zentzu horretan, lurrak konpentsatzea ahalbidetuko da, kanpoko laguntzarik gabe. Horrenbestez, ondorioak onak izango dira eta aurreztu egingo da.

Beste alde batetik, Subillabide II Gasteiz inguruan eraikiko den salgaien intermodalaren geltokia garatzeko hautatutako lekutik hurbil dago. Kokaleku hori Estatuko Sustapen Ministerioak Trenbide bidezko Salgaien Garraioaren Plan Nazionalean ezarritako 6 nodo nagusietako bat da. Ondorioz, beste sinergia iturri bat ematen zaio proiektuari, bertan hurbiltasun honi etekina atera edo trenbidearen jarduerari osagarriak zaizkion industriak koka daitezkeelako.

Sinatutako hitzarmenak ezarritakoari jarraiki, Iruña Okako Udalak inguruaren hirigintza tramitazioa, urbanizazio lanetarako beharrezkoak diren lizentziak eta SPRILUR lurren jabe izateko mekanismoak errazteko konpromisoa hartu du. Udal horrek, gainera, Planeamenduan beharrezkoak diren aldaketak egingo ditu, proiektu hau ahalik eta azkarren abiarazi dadin.

Arabako nodo logistikoari lotutako proiektu estrategiko hau 2013. urtean hasi eta 2016an bukatzea aurreikusi da.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • José Manuel Iturrate (director general de Sprilur)