Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak azpimarratu du ikerketa eta berrikuntza funtsezkoak direla Euskadiren etorkizunerako

2019.eko ekainak 05

Iñigo Urkullu lehendakariak, ohorezko presidenteak, eman dio amaiera Innobasqueren Batzar Nagusiari. Bertan, 2019ko Innobasque Prospektiba Txostena, aurkeztu da, non berrikuntzaren megajoerek Euskadin izango duten eragina aztertzen den, haien ondoriozko aukerak eta mehatxuak barne

Innobasqueren Batzar Nagusiari amaiera emateko ekitaldian lehendakariak azpimarratu du ikerketa eta berrikuntza funtsezkoak direla Euskadiren etorkizunerako, bai lehiakortasunaren etorkizunerako bai enpleguaren, bizi-mailaren eta ongizatearen kalitatearen etorkizunerako.

Berrikuntzari dagokionez, Iñigo Urkulluk adierazi du Eusko Jaurlaritzak badituela Euskadi berrikuntzaren arloan aitzindariak diren Europako eskualdeen artean kokatzeko behar diren erremintak. “Berrikuntza da etorkizunaren giltza”, ñabartu du. Horretarako, lehendakariaren esanetan, aitzindariak diren eskualdeetara begiratu behar da eta Europako Ikerketa Eremuaren baitan aurrera egin ahal izateko estrategia garatu behar da.

Lehendakariak ziurtatu du Euskadi gaur egun eremu erakargarria dela inbertsioarentzat, eta erronka ikerketarentzat eta talentuarentzat ere lurralde erakargarria izateko bidean aurrera egitea dela. “Zientziaren, teknologiaren eta enpresaren arloko gure azpiegiturak sustatzea, hiru hamarkada luzetan garatzen joandako ikerketaren eta berrikuntzaren ekosistemari laguntzea dagokigu”, erantsi du. Iñigo Urkulluk azpimarratu du ikerketarentzat lurralde erakargarria izatea lortzeko dugun palanka lankidetza dela, esperientzia partekatzeko, eragina eta dimentsioa irabazteko aliantza eta sare sistema, alegia. “Indarrak batuta baino ez diegu aurre egingo aurre eman beharreko trantsizio digitalaren eta demografikoaren eta ingurumenekoaren ondorio diren desafio berriei”, adierazi du. Lehendakariaren arabera, ari da fruituak ematen lankidetza-estrategia; arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza; enpresen, ikerketa-zentroen eta unibertsitateen arteko lankidetza; enpresa handien eta txikienen arteko lankidetza; eta balio-kateetako sektoreetako enpresen artekoa.

Lehendakariak bere esku-hartzean nabarmendu nahi izan du industria-ekoizpenaren indizea finkatu egin dela, eta aipatu du Euskadiko enpresen % 92k enpleguari eustea edo enplegu gehiago sortzea aurreikusten dutela. Azken kalkuluen arabera, 2019an eta 2020an 27.000 enplegu sortuko dira. “Bide horretan jarraitu behar dugu aurrera”, adierazi du.

Bere esku-hartzeari amaiera emateko, lehendakariak eskertu egin du Innobasquek herri-estrategia horretan laguntzeko egiten duen ahalegina, enpresei ahalegin berritzailean laguntzearen aldeko apustua eginez. “Zuen motibazioari, prospektibari, laguntza profesionalari, lan-metodologiari, gida praktikoei eta ebaluazioari esker, enpresa txikiek eta ertainek ere berrikuntza-mota ezberdinak bateratu ditzakete lehiakortasuna hobetzeko”, erantsi du. Horrela, lehendakariak nabarmendu du Innobasque osatzen duten antolakuntza eta pertsona guztien arteko lankidetzaren bitartez lortuko ditugula gure helburuak eta nahiak, oso handinahikoak irudituta ere.

Getxoko Itsas-bidaiarien Terminalean egin den ekitaldian Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte ere izan dira.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak