Berriak Lehendakaritza
Eu

Erradikalizazio biolentoaren prebentziorako, Uztartu Programaren ikus-entzunezko materiala aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak 

2019.eko ekainak 05
  • Ekimenean EITBk ere hartuko du parte, eta “Algo nos une al equipo de este país” izenburua daraman dokumentala emango du. Bertan, elkar ezagutzen ez duten 16 gaztek hainbat gairi buruz hitz egiten dute eta haien inguruko gogoetak egiten dituzte

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusi Jonan Fernandezek eta EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbek, gaur goizean, Uztartu Programa osatzeko erabilitako ikus-entzunezko materiala aurkeztu dute. Erradikalizazio biolentoaren prebentziorako gizarte- eta hezkuntza-programa hau, Eusko Jaurlaritzak eta EITBk, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan, sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da.

Uztartu Programa, oso-osorik, bihar osteguna Kursaalen egingo den Erradikalizazio Biolentoaren Prebentzioari buruzko Nazioarteko Mintegian aurkeztuko da. Bertan, nazioarteko beste bi esperientzia ezagutzeko aukera ere egongo da: Erresuma Batuko Erradikalizazioaren Azterketarako Nazioarteko Zentroa eta Kanadako Erradikalizazio Biolentoaren Prebentziorako Zentroa.

Jonan Fernandezek azaldu duenez, nazioarteko eta Europako agendaren “lehentasuna" da. “Erlijio-aitzakia duen indarkeriari buruz, motibazio politiko edo nazionaleko indarkeriari buruz, eskuin muturreko edo ezker muturreko indarkeriari buruz, kirolean ematen den indarkeriari buruz edo arrazismoari, xenofobiari, islamofobiari edo aporofobiari buruz hitz egiten ari gara. GIE 16k indarkeriaren prebentzioa bere ardatzetako bat bezala esplizitatzen du. Nazioarteko erakunde guztiek arlo honetan prebentzio-programak sustatzeko deiak egiten dituzte”, adierazi  du.

Uztartu ekimena diagnostiko batean oinarritua dago: erradikalizazio biolentoa gertatzeko isuri kognitibo batzuk eman behar dira (aurreiritziak, gaizki-ulertuak…). Programa honetan identifikazio hori lau isuritan identifikatzen da: dogmatismoan, fatalismoan, manikeismoan eta sektarismoan. Hauen eraginak giza kontzientzian erradikalizazio biolentorako errekurtsoaren zilegitasuna gaitzen du.

Programan garatutako hipotesiaren arabera, erradikalizazioa prebenitzeko gogoeta eta esperientzia sustatu behar dira hautazko lau nukleo pedagogikoren inguruan: giza duintasunaren, kontzientziaren, balio positiboaren eta mugaren pedagogia. Ondorengo taulan aurkituko dugu isurien eta hautabideen laburpena

 

Isuri kognitiboak

(aurreiritziak, kontrolak edo gaizki-ulertuak

Hautazko bizipeneko eta gogoetako nukleo pedagogikoa

I. “Arrazoi osoa dudala ziur nago”.

“Ez ni ez inor ez gara egi osoaren jabe. Nire ikuspegiak beti borobildu gabe daude”.

Dogmatismoaren eragina

Mugaren pedagogia

  

II. “Argi ikusten dut ez dagoela ezer onik ezta positiborik ere".

“Bada beti alderdi positiboren bat. Aukerak zailtasunen artean bila ditzaket”

Fatalismoaren eragina

Balio positiboaren pedagogia

 

III. “Laburbilduz: edo indarkeria edo okerrago den zerbait; guztiak balio du, guztia berdin zait".

“Nire buruari galderak egiteko kontzientzia daukat. Nire egintzen eta hauen ondorioen erantzulea naiz”

Manikeismoaren eragina

Kontzientzia etikoaren pedagogia

 

IV. “Zalantzarik gabe, nire ideiek eta nire taldeak dute lehentasuna".

“Lehendabizi, pertsona errespetatu behar da. Ez nire ideiek ezta nire taldeak ere ez dute bizitzak eta giza duintasunak baino gehiago balio”

Sektarismoaren eragina

Giza duintasunaren pedagogia

 

Uztartu Programa 30 segundoko 5 iragarkitan oinarritzen da. Aurreneko lauetan isuri kognitibo bakoitza azaldu berri ditugun hautazko nukleo pedagogikoen aurrean jartzen da. Bosgarren iragarkiak sintesi bat eskaintzen du. Horretan oinarrituta, programak film dokumental bat landu du. Istorio erreal bat da. Bertako protagonistak elkar ezagutzen ez duten eta gai honen inguruan elkarren artean hitz egingo duten 16 gazte dira.

Filma 11 minutuko bost kapitulutan egituratua dago eta honako izenburu hau darama: “Algo nos une al equipo de este país”. 16 gazte horiek lau lagunez osatutako lau taldetan banatuta hitz egiten dute. Aurreneko lau kapituluetan talde bakoitzak dagokion iragarkia ikusten du eta bere edukiari buruz hitz egiten du. Bosgarren kapituluan 16 parte-hartzaileen gogoeten bateratze-lana erakusten da.

Bost iragarkiek eta dokumentalak, erradikalizazio biolentoko prozesuei buruzko gogoeta kritikoa sustatzera bideratutako ikus-entzunezko baliabidea izateaz gain, garatzeko proposatzen den eredua erakusten dute. Horien edukia edozein hezitzailek pertsona-talde batekin erabil lezakeen gida didaktikoa da. Gizarte-heziketako proiektu hau aplika daitekeen edozein testuingurutan sorrarazi nahi den elkarrizketa deskribatzen da dokumentalean.

Jatorri unibertsal komunak

Gizarte-heziketako proiektu honen abiapuntuko hipotesia hauxe da: erradikalizazio biolento guztiek jatorri unibertsal komunak izan ditzakete. "Ibilbide honen bitartez jatorri unibertsal horiek identifikatu nahi dira, ondoren, hauek antzematea ahalbidetuko duten esperientzia pertsonalizatutan islatzeko eta, azkenik, hezkuntzaren eta prebentzioaren ikuspegitik lantzeko”, adierazi du Jonan Fernandezek.

Jakinarazi duenez, aurtengo bigarren seihilekoan Eusko Jaurlaritzak programa pilotu bat prestatuko du 2020. urtean zehar garatu ahal izateko. Programa hori honako esparru hauetan landuko da gutxienez:

-Prestakuntza arautuko ikastetxetan.

-Gazteriaren Kontseiluaren inguruan.

-Erlijioen arteko Euskal Kontseiluaren inguruan.

-Futbol-kluben inguruan.

-Babesgabetasun-egoeran dauden adingabeen edo gazteen tutoretzapeko etxebizitzatan.

-Espetxetan.

Hori osatzeko eta, EITBrekin sinatutako akordioaren baitan, hezkuntza-material honen iragarkiak eta “Algo nos une al equipo de este país” dokumentala Euskal Telebistaren kanaletan emango dira.

Bestalde, Maite Iturbe pozik agertu da EITBk Uztartu Programan parte hartzen eta laguntzen duelako. Halaber, “giza eskubideen, pluralismoaren eta bizikidetzaren arloan kontzientzia kritikoa” zabaltzeko eta sustatzeko hedabideen —bereziki titulartasun publikokoak— paper aktiboa azpimarratu du.

 Azaldu duenez, programa honetan EITBren parte-hartzea honako ardatz hauen inguruan zehaztuko da:

  • Iragarkiak taldeko ikus-entzunezko kanal guztietan ematea.
  • Aste honetan bertan “Algo nos une al equipo de este país” dokumentala ETB1en zein ETB2n emateko programatzea (Ostiralean, ekainaren 7an, hamar t'erdietan, ETB2n, eta ostegunean, ekainaren 6an, ‘ETB1eko ‘Gure Kasa’ saioan) .
  • Kursaalen egingo den Erradikalizazio Biolentoaren Prebentzioari buruzko Nazioarteko Mintegiaren estaldura eta informazio-jarraipena egitea, eta
  • Erradikalizazio Biolentoaren Prebentzioa datozen urteetan taldeak arreta berezia emango dien gaien agendan sartuko dute.

 Amaitzeko, EITBko arduradunak ziurtatu du “euskal gizartearen adostasun sozial eta politiko garrantzitsuenak biltzen dituzten helburu etiko eta demokratikoekin konprometitutako linea editoriala" lantzen jarraituko duela erakundeak. Hauek hiru ardatz nagusitan laburbildu daitezke:

- Indarkeriarik eza: Indarkeriarik ezarekin hartutako kontzientzia kolektiboaren alde egiten du EITBk; terrorismoaren bidegabekeriaren eta pairatutako indarkeriaren aurrean;

- Giza eskubideak: Giza eskubideak defendatzearen alde egiten du EITBk, baita giza eskubideen urraketen biktimekiko elkartasunaren alde ere;

- Bizikidetza: Bizikidetza integratzailea sustatzearen eta gizarte-topaketako prozesua ahalbidetzearen alde egiten du EITBk.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Maite Iturbe