Eu

URAk bi azterlan argitaratu ditu: itsasadar eta kostaldeko uretako presioak eta EAEko ibaietako morfologia-karakterizazioari buruzkoak

2019.eko ekainak 04

URAk bi azterlan argitaratu ditu: batetik, itsasadar eta kostaldeko uretako presio eta inpaktuei buruzkoa eta, bestetik,  EAEko ibaietako morfologia-karakterizazioari buruzkoa. Agiriok ur-masen egoeraren diagnostikoa eguneratzea dute xede, Kantauri Ekialdeko, Kantauri Mendebaldeko eta Ebroko Demarkazio Hidrografikoetako Hidrologia-plangintzako hirugarren zikloan (2021-2027) hartu beharko diren neurri berrien oinarri izateko.

Agiriotan, giza-jardueretan jatorria duten balizko kalteak sor ditzaketen presio nabarmenak ezaugarritzen dira, eta presio horiek gutxitu edota ezdeusteko hartu beharreko neurriak zehazteko edota hobetzeko balio dute.

Presio nabarmenak dira erasanak sortzen dituztenak. (alegia, egoera ekologikoa eskasten dutenak) ur-masa jakin batean. Dena dela, kontuan hartu behar da ur-masa batean ematen diren inpaktuak aztertzean aintzat hartu behar direla presioen nolakotasun eta zenbaterainokotasuna, zein presio horri eusteko ur-masa horren ahalmena.

Euskal Autonomia Erkidegoko itsasadar eta kostaldeko uretako presio eta inpaktuen analisia (gaztelaniaz)

Honako azterlan honetan, ingurumen-helburuak (alegia, egoera ona dela ondorioztatu ahal izateko gutxieneko balioak, kalitate-aldagai jakin batzuen arabera) ez betetzearen presio zehatzak ezaugarritzen dira, itsasadar eta kostaldeko uren egoerari buruzko informazioa oinarri (ezinbestekoak  balizko kalteak zehazteko).

Hau da, egun ematen diren presioen zerrenda osatzen da, eta ur-masen egoerari buruzko informazioarekin batera, aztertu egiten da ur-masa bakoitzean antzemandako inpaktuek zer ikusirik ote duten zerrendan jasotako presio zehatzekin. Hartara, presio nabarmenak zehaztu daitezen.

Presio nabarmenak izan daitezkeenen artean, azpimarratzekoak dira kutsadura puntualen iturriak (itsasadar edota kostalde-uretan diren isurketa-puntuak, ibai nagusiek itsasadarreko urekin bat egiten duten eremuak, saneamendu-sistemen gainezkatze puntuak…), edota morfologia-eraldaketak (marearteko eremuak isolatzeak edota okupazioak sortutako galera fisikoa…), beste batzuen artean.

Kantauri Ekialde, Mendebalde eta Ebroko Demarkazio Hidrografikoetako  EAEko ibaietako morfologia-karakterizazioa (gaztelaniaz)

Honako honetan, bestalde, EAEn zehar dabiltzan ibaien morfologia-egoeraren diagnostikoa egiten da, tokiko galeria-basoren egoera ezagutzeko, ibaien luzetarako lotura (alegia arrainak igarotzeko oztoporik dagoen ala ez, sedimentuak, mantenugaiak…), edota bestelako presio morfologikoak (estaldurak, ebakidurak, ibilguen desbideratzeak, ibaiertz-babesak…).

Honen harian, presio eta mehatxu nagusienak ibai-ardatzen parean diren bizigune urbanoak eta bide-azpiegiturak (errepide edota trenbideak) dira: lurraldea zigilatuz, hidrologia-fluxua aldarazten baitute (bideratzeak, babesak eraikitzea, edota ibilguen jatorrizko bidea aldatzea baitakarte, eraikitako bizigune edota industriaguneak defendatzeko). Era berean, azpimarratzekoa da ibaiertz eta aldamenetan (lorategi edota parkeetan) zuhaitz espezie aloktonoen errotzea. Landa-eremuei dagokionez, belar-mozketak, artzaintza, edota ibaitik gertuko uzta-biltzeek ez dute errazten galeria-basoaren zabalera egonkor bat mantentzea eta garatzea.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak