Eu

Deustuko Unibertsitateak Bilbo Handiko gazteen hizkuntza-portaera aztertzeko ikerketa bat burutuko du, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bati esker (Gobernu Bilera 2019-06-04)

2019.eko ekainak 04

Gobernu Kontseiluak 35.000 euroko laguntza zuzena onartu du eta, horren bitartez, 20 bat gazteren hizkuntza-praktikak ikertuko dira

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 35.000 euroko dirulaguntza zuzena onartu du, bere gaurko saioan, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak euskararen erabileraren gaineko azterlan berri bat egin dezan. ‘Hizkuntza-ohiturak aldatzen: Bilbo Handiko gazteen kasua’ izango da ikerketa honen izena, eta, honen bidez, Bilbo Handiko 20 bat gazte euren hizkuntza-praktiken ikerlari bihurtuko dira eta, auto behaketaren bidez, euskararen erabileraren inguruan gogoeta egingo dute.

Gai honen inguruan Deustuko Unibertsitateak egin dituen beste ikerketen ildo beretik, azterlan honetan Bilbo inguruko gazteek hizkuntza-ohiturak euskararen alde aldatu eta ahalduntzeko tresnak eskura ditzaten ikerketa-ekintza proiektu bat proposatzen da. Horrela, ikerketa honetan parte hartuko duten gazteek euskara erabiltzeko zailtasunei aurre egiteko eta euskaldun aktibo bihurtzeko bideak aztertuko dituzte.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak legealdi honetarako dituen erronken artean dago hizkuntza-bizikidetzan oinarritzen den gizarte aktibazioa indartzea. Era berean, Gobernu Programaren hirugarren ardatz estrategikoa garatze aldera, zenbait konpromiso eta ekintza finkatzen dira, besteak beste, aisialdian eta formalak ez diren eremu funtzionaletan zabaldu euskararen erabilpena.

Euskararen Aholku Batzordeko Euskararen erabilera eta gizartearen aktibazioa izeneko Batzorde-atal Bereziaren eskutik, euskararen erabileran eragiten duten faktoreen inguruko hausnarketa bideratuko da. Azkenik, aurreko helburuekin lotuta, 2019an, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien  Institutuak “Hizkuntza-ohiturak aldatzen: Bilbo Handiko gazteen kasua” izeneko ikerketa-egitasmoa burutuko du.

Azterlan honek klabe berriak eskainiko ditu hizkuntza ohituretan eragiten duten faktoreen inguruan, eta etorkizunerako politika eraginkorrak diseinatzeko lagungarria izango da. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hainbat ikerketa bultzatzen ditu euskararen inguruko portaerak, jarrerak, motibazioak eta ohiturak ikertzeko. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko