Eu

Beatriz Artolazabal: “Maiatzean, 1.771 langabe gutxiago egon da; azken hamabi hilabeteotan, 8.928 langabe gutxiago egon dira”

2019.eko ekainak 04
  • EAEn, maiatzaren amaieran, 113.873 pertsona daude langabezian erregistratuta, duela hamabi hilabete baino % 7,27 gutxiago
  • Azken urtean, Euskadin iraupen luzeko 8.265 langabe gutxiago daude erregistratuta

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, honako hau nabarmendu du: “Euskadin, maiatzaren amaieran, 113.873 pertsona daude langabezian erregistratuta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan”. Horrek esan nahi du maiatzean 1.771 pertsona egoera horretatik irten direla. Azken hamabi hilabeteotan, langabeziak % 7,27 egin du behera, alegia, 8,928 pertsona gutxiago daude langabezian. “Joera positiboak jarraitu egiten du; beraz, enpleguaren kopurua eta kalitatea hobetzeko bidean jarraitzen dugu, aintzat hartuta horiek direla legegintzaldi honetan ditugun helburu nagusiak”.

Gauza positiboen artean, nabarmendu behar da iraupen luzeko langabezia iraupen laburrekoa baino gehiago jaitsi dela eta, ondorioz, maiatzean langabeziagatiko prestazioa eskuratzeko eskubidea duten pertsona gehiago egon direla apirilean baino. “Enplegu-aukerak kolektibo ahulenetara ere iristeko lan egiten dugu eta, zalantzarik gabe, iraupen luzeko langabeena horietako bat da”, esan du Artolazabalek.

Azken urtean, iraupen luzeko 8.265 langabe gutxiago daude erregistratuta, alegia, % 12,3ko beherakada egon da. “Maiatzean, langabeziagatiko prestazioa eskuratzeko eskubidea duten pertsonen ehunekoak 0,2 puntu egin du gora, eta, iazko datuen aldean, 3,3 puntu egin du gora, baina baxua izaten jarraitzen du”. Gaur egun, langabe guztien % 31,2k gizarte-prestazio horretarako eskubidea du.

Bestalde, kontratazio mugagabea mantendu egin da maiatzean, % 8,22an; ehuneko hori duela hilabetekoaren antzekoa da, “baina 2017ko maiatzean izan genuena baino baxuagoa”, esan du sailburuak. Aurten, orain arte, EAEn sinatu diren kontratuetatik % 8,67 mugagabea da. “Nahi ez diren partzialtasunak eta behin-behinekotasunak jarraitzen dute milaka euskaldunen lan-egonkortasuna oztopatzen, eta eremu horretan lan handia egiteko dagoela uste dugu”.

Maiatzean, langabeziak sektore ekonomiko guztietan egin du behera, baina, bereziki, “lehen sektorea eta ostalaritza izan dira euskal lan-merkatuaren hobekuntza sustatu duten eragileak”, esan du sailburuak. Gainera, langabeziak hiru lurraldeetan egin du behera: Araban, % 0,7; Gipuzkoan, % 1, eta Bizkaian, % 2.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak