Eu

Natura ondarea hobeto ezagutu eta kontserbatzeko laguntzak (Gobernu Bilera 2019-06-04)

2019.eko ekainak 04

Gobernu Kontseiluak onartu egin du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren agindua, natura-ondarea hobeto ezagutu eta kontserbatzeko azterlan eta ikerketa aplikatuko lanak egiten dituzten erakunde publikoek jaso ahalko dituzten diru-laguntzak ematea arautzen duena.

Aginduak diru-laguntza jaso dezaketen honako tematika hauek aurreikusten ditu:

a) Natura 2000 Sarea.

b) Natura 2000 Saretik kanpoko Europar Batasuneko edo eskualdeko interesa duten habitat naturalei edo erdi naturalei eta natura-espazio babestuei buruzko azterlan eta lanak, horien kontserbazio-egoera hobetzen lagunduko dutenak.

c) Mehatxupean dauden baso flora eta faunako espezieak, bai autonomia-mailan, bai erkidego-mailan, erreferentzia gisa mehatxupean dauden espezieen katalogoak hartuta.

d) Natura-ondarearen beste elementu batzuk, besteak beste: espezie exotiko inbaditzaileak kudeatzeko proposamenak; toki-mailan interes geologikoa duten ekosistemak, habitatak, espezieak edo lekuak leheneratzeko jarraibide eta irizpideak; klima-aldaketak biodibertsitatearen eta geodibertsitatearen gainean Euskadin dituen eraginei buruzko eta/edo biodibertsitateko elementuak klima-aldaketara egokitzeko estrategiei buruzko azterlanak eta abar.

Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura 160.000 eurokoa da.

Diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez, % 80 izango da, eta ezingo da proiektuko 20.000 €-tik gorakoa izan. Erakunde bakoitzak gehienez bi proiektu aurkeztu ahalko ditu, eta proiektu bakoitzak helburu eta xede desberdinak izan behar ditu. Bi proiektuek jaso ahalko dute diru-laguntza.

Erakundeak diru-laguntzarako eskabidea bi proiektu baino gehiagotarako aurkeztu badu eta biak diruz lagundu badaitezke, organo ebaluatzaileak dagokien diru-laguntza emango die puntuazio gehien jaso duten bi proiektuei.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egunekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko