Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak

Proiektu soziokulturalak landa garapenerako (Gobernu Bilera 2019-06-04)

2019-06-04

Eusko Jaurlaritzak, Kontseiluaren bilera berean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren agindua ere onartu du. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko landa eta itsasertzeko eremuak dinamizatzeko ekitaldi sozialak sustatzeko laguntzak deitu dira. Guztira 200.000 euro bideratu dira, eta programaren helburuak dira horrelako ekitaldien finantzazioan sektore pribatuak eta publikoak parte har dezaten sustatzea, ekitaldi berriak bultzatzea, lehendik arrakasta dutenei eustea eta eragin ekonomikoa sortzea.

Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako dituen helburu estrategikoetako baten parte dira, honako honenak alegia: landa eremuetan eta itsasertzekoetan bizitza kalitate handia lortzea, zerbitzuei eta ekipamenduei dagokienez, baita jarduera ekonomikoa sortzen laguntzea  ere.

Izaera soziala duten ekitaldiak izango dira diruz lagunduko direnak, betiere zerikusirik ez badute nekazaritzako jarduerarekin eta landa eremua dinamizatzeko eragina badute. Horrela, ondokoak antolatu ahal izango dira: lehiaketak, jardunaldiak, eztabaidak, tailerrak, lehiaketak, hitzaldiak, erakusketak, etab. Tokiko azokek eta jaiek ez dute laguntzarik jasoko, ezta tokiko erakundeek antolatzen dituzten jarduerek ere, euren urteko programazioaren barrukoak badira.

Proiektu bakoitzari emandako laguntza ez da 20.000 euro baino handiagoa izango, eta 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitartean egindako gastuak lagundu ahal izango dira diruz.

Laguntza eskaerak Landa eta Itsasertz eremuen Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari bidaliko zaizkio, eta aurkezteko epea Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta aurrekontua agortzen denean bukatuko da. Hori gertatzen ez bada, nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea 2019ko azaroaren 30ean bukatuko da.

Eskaerak egiteko eta bideratzeko azalpenak, bai eta bide presentzialetik zein elektronikotik beharrezkoak diren gainerako ereduak edo txostenak ere, euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbideotan: http://euskadi.eus/ayudas appa/ (eventos sociales) eta http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (ekitaldi sozialak). 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko