Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak zoriondu egin ditu gazteak planetaren alde egiten ari diren lanarengatik, Euskadiko beste 22 eskola jasangarrirekin egindako ekitaldian

2019-06-04

Iñigo Urkullu lehendakariak, Ingurumeneko sailburu Iñaki Arriola eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte lagun zituela, “Eskola Jasangarria” ziurtagiria eman die gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Eskola Agenda 21 Programan parte hartu duten hogeita bi ikastetxe publiko eta itunduri. Busturiako (Bizkaia) Ekoetxea Urdaibain egin den Gobernu Kontseiluaren ondoren izan den ekitaldian gainerako sailburuak ere bildu dira, eta bertan parte hartu dute ehun bat ikastetxek eta horietako irakasleek eta ikastetxeei dagozkien udal ordezkariek eta udalerrietako alkateek ere.  

Diplomak banatu ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du gazteak betetzen ari diren eginkizuna maila globalean, gobernuak eta arduradun publikoak planetaren ingurumen-krisiaz ohartarazteko. “Gu guztion zorionerako”, azpimarratu du Urkulluk, “gazteok erne zaudete; eta ez zarete mugatzen ingurumenarekiko erantzukizunak hartzera, horrez gainera, eta Fridays For Future eta antzeko ekimenetan parte hartuz, gizarteak begirada garrantzi handiagoko gaietara bideratzea lortzen ari zarete. Zuen ahalegina gure kontzientziak astintzen ari da. Gazteen eskuzabaltasunak seinalatu egiten gaitu gaur egun, eta aditzera ematen digu urrunago joan behar dugula, ezin baitiegu etorkizuna ukatu belaunaldi gazteenei”.

Une hauetan Euskadiko 105 ikastetxek dute “Eskola Jasangarria” ziurtagiria, eta horietatik 11 Lanbide Heziketakoak dira. Ikastetxe horiek guztiak IRAES 21-jasangarritasunaren aldeko eskola-sarean daude, eta bertan elkarrekin bultzatzen dute irakasleen, ikasleen, irakasle ez diren langileen eta familien artean jasangarritasunerako hezkuntza. Guztiek gainditu behar izan dute auditoretza bat, eta berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko konpromisoaren alde egin duten apustuagatik aitortu die merezimendu hori.

Ziurtagiria eskuratu duten ikastetxe guztien izenean, ikasturtean zehar egin dituzten jardueren laburpen bat eman diote Iñigo Urkullu lehendakariari, eta, horrez gainera, jasangarritasunaren alde burutzen dituzten ekintzak deskribatu dituzte eta udal-foroetan parte hartuz egiten duten lanaren eta urtero parte hartzen duten CONFINT Biltzarraren helburuaren berri eman diote.

Eskola Agenda 21en baitan egin den topaketa horrekin amaitzen da Euskadiko ikastetxeetan irailean hasitako prozesua, eta helburua izan da ebidentziak bilatzea kanpoko auditoretza baten bitartez frogatzeko euren curriculumek, euren baliabideen kudeaketak eta hezkuntza-komunitateak parte hartzeko bideek jasangarritasun-ereduei jarraitzen dietela.

Eskola Agenda 21ek “Eskola Jasangarria” bereizgarriarekin saritu dituen 22 ikastetxeak 15 udalerritakoak dira:

  • Arabako 3 ikastetxe: Legutio, Vitoria-Gasteiz
  • Bizkaiko 14 ikastetxe: Zornotza, Arratzu, Bilbo, Dima, Elorrio, Muxika, Portugalete, Santurtzi, Sestao
  • Gipuzkoako 5 ikastetxe: Irun, Oñati, Donostia, Zumaia
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)