Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritza Klima Aldaketari buruzko Legearen aurreproiektuaren zirriborroa ari da lantzen

2019.eko ekainak 04

Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuen Gobernu Kontseiluak asteroko ohiko bilera Urdaibaiko Erreserban egin du, Busturiako Madariaga Dorrean hain zuzen ere.

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu eta Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, prentsaren aurrean agertu da, gaur eguerdian, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Patronatuaren egoitzan gaur egin den Gobernu Kontseiluan aztertutako gaien berri emateko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, Iñaki Arriolak, prentsaurrekoan esan du Kontseiluari eman diola bere Sailak landu duen Klima Aldaketari buruzko Legearen aurreproiektuaren zirriborroa, eta “orain garrantzi handiko lege hau herritarrek parte hartzeko prozesuan murgilduko da, eta bide administratiboari ekingo dio”, adierazi du. Arriola sailburuaren arabera, Klima Aldaketari buruzko Legearen aurreproiektuaren bidez administrazio publiko guztien, sektore pribatuaren eta herritarren jarduera-esparrua zehaztu nahi da 2050erako Klima Aldaketaren Estrategian ezarritako helburuak bete ahal izateko. “Karbonorik gabeko ekonomia jasangarri eta lehiakor baterako bideari erabakigarritasunez ekin behar zaio, gizarte osoa inplikatuta giza jarduera kliman eta ekosistema naturaletan izaten ari den eragina geldiarazteko edo arintzeko, bederen”, ñabartu du.

Era berean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak Urdaibaiko Biosferaren Erreserban babestutako ekosistemak zaintzearekin eta hobetzearekin erlazionatutako dekretu bat onartu duela. “Arau berritzailea da, eta hazkunde bizkorreko zuhaitz sailen lekuan hazkunde moteleko bertako espezieak aldatzea sustatzeko eman daitezkeen laguntzak ezartzen eta arautzen ditu”, erantsi du.

ENPLEGUA

Langabeziari buruzko maiatzeko datuak ezagutu ondoren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Beatriz Artolazabalek, esan du joera positiboa dela. “Maiatza amaitzean 1.771 langabetu gutxiago zeuden Euskadin, eta lanik gabeko 113.873 pertsona zeuden erregistratuta Lanbiden. Azken hamabi hilabeteotan langabeziaren beheraldia 8,928 pertsonakoa izan da, % 7,27 egin du behera, ñabartu du. Sailburuaren arabera, beraz, joera positiboari eutsi egiten zaio, eta jarraitu egingo da, beraz, enpleguaren kalitatea eta kopurua hobetzeko bidean, “legealdi honetarako gure bi helburu nagusi izanik”, erantsi du.

Bestalde, Beatriz Artolazabal sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak, oniritzia eman diola ELGA-Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakunderako 130.000 euroko dirulaguntzari; horren bidez Euskadiko lanaren etorkizuneko joerak eta aukerak identifikatzeko proiektua garatzea da helburua. Sailburuak esan dunez, proiektu horren bidez, sektore eta lanbide-jardueren araberako enplegu-modu berriak aztertuko dira, eta etorkizunean automatizaziorako ahulenak izango diren sektoreak identifikatuko dira.

AURREKONTUAK 2020

2020ko Aurrekontuaren Jarraibideei dagokienez, Erkoreka sailburuak adierazi du datorren asteartean onartuko direla Gobernu Kontseiluan, eta 2020ko Aurrekontu Proiektuak herritarren lehentasunei erantzungo diela: ekonomia suspertzeari, enplegua sortzeari eta oinarrizko zerbitzuen kalitatea bermatzeari.

Proiektua onartzeari buruz, berriz, bozeramaileak gogoratu du lehendakariak argi esan zuela joan den ostiralean Legebiltzarreko Osoko Bilkuran, eta hark esandako hitzak aipatu ditu: “alderdi politiko guztiak izan nahi ditugu aintzat gure Gobernu Programa betetzeko aurkezten ari garen plan eta proiektu bakoitzean eta guztietan”. Horrela, Erkorekak, Jaurlaritzaren legebiltzar-egoeraz jabetuta, herritarren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten gai guztiak planteatzeko, negoziatzeko eta adosteko eskaintza egin du. “Eginahal horretan, funtsezko erreminta dira 2020ko Aurrekontuak”, erantsi du.

Bestalde, Arriola jaunak azpimarratu du talde guztiekin hitz egiteko asmoa dagoela, gobernuko bazkideek ez baitute gehiengo osorik Legebiltzarrean. “Etorkizunean aurre egin beharko diegun erronkei begira, zalantzarik gabe, herri honentzat aurkez daitezkeen aurrekonturik onenak izango direnak onartzeko adostasun batera iritsi ahal izaten saiatuko gara”, esan du Arriolak.

KATALUNIAKO LEGEBILTZARREKO PRESIDENTEAREKIN BILERA

Gaur arratsaldean lehendakariak eta Kataluniako Legebiltzarreko presidenteak, Roger Torrentek, izango duten bilerari dagokionez, Erkoreka sailburuak adierazi du, hiru hauteskunde-aldi hauen ondoren sortu den erakunde-agertoki berriaren aurrean, Kataluniako Legebiltzarreko presidenteak bertako egoera politiko, instituzional eta sozialari buruz duen ikuspegia zein den jakin nahi duela lehendakariak, “gobernagarritasun-egoerak, azken hauteskundeetako emaitzek eta prozesaren epaiketak erabat markatutako egoeraren aurrean baikaude”.  

Gai ordena

Prentsa dossierra

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko ekainak 04

    ante el previsible colapso de ciertos recursos en tiempo, establecer reservas con ratings medioambientales

  • @Gob_eus
    2019.eko ekainak 04

    Comentario de Twitter:
    🔵 El Gobierno Vasco trabaja en el borrador del anteproyecto de la Ley de Cambio Climático ➡︎ https://t.co/CZDC1Djjjv https://t.co/qXyNepZFWR

Ekitaldiko kargudunak