Berriak Lana eta Justizia
qrcode

Justizia Leheneratzailearen I. Sinposioa

2019-06-02

Europa osoko justizia leheneratzaileko bideratzaile eta adituak Bilbon batuko dira, zigor-sisteman justizia leheneratzaileari buruz eztabaidatzeko.

 

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak, Deustuko Unibertsitatearekin eta Justizia Leheneratzailearen Europako Funtsarekin (EFRJ) batera, Justizia Leheneratzailearen I. Sinposioa antolatu dute, ekainaren 5ean eta 6an, “Zigor-arloko Bitartekaritzatik Justizia Leheneratzailera. Politikak eta Praktikak Trantsizioan” izenburupean.

Sinposioa Deustuko Unibertsitateko entzungelan izango da eta, gainera, bertan, Euskadiko Justizia Leheneratzailearen Zerbitzu berria ere aurkeztuko da. Zerbitzua Europar Batasuneko Ministroen Batzordeak oraintsu eginiko Gomendioan sartzen da; gomendio horren bidez, estatu kide guztiak eta agintari judizial eta erakunde publiko guztiak animatzen ditu justizia leheneratzailea erabiltzera eta eredu leheneratzaile berritzaileak garatzera.

Lehen jardunaldian, Proyecto 43-2 antzerki-konpainiaren “La mirada del otro” antzezlana izango da; hura ETAko presoen eta banda terroristaren biktimen artean Langraizko espetxean izan ziren topaketa leheneratzaileetan oinarritzen da.

Sinposioa nagusiki praktikoa eta parte hartzekoa izango da, Europa osoko justizia leheneratzaileko berrehun aditu baino gehiagoren esperientziak eta praktikak partekatzeko.

Inaugurazio-ekitaldiko buru María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburua izan zen, eta, bertan, Gema Tomás Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoak, Concha Sáez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokalak, Carmen Adan, Euskadiko Nagusiko Fiskalak, Luis Angel Garrido Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko kideak eta Edit Törzs Justizia Leheneratzailearen Europako Funtseko (EFRJ) zuzendariak ere parte hartuko dute.

Sinposioaren lehen osoko saioan, Europar Batasuneko Ministroen Batzordeak zigor-arloko auzigaietan justizia leheneratzaileari buruz eginiko Gomendioa aztertuko da; hori pasa den urrian onetsi zen. Ian Mader Maynooth-eko (Irlanda) Unibertsitateko kriminologiako irakasleak eta Gomendioa idazteko Europako Kontseiluko zientzia-aholkulariak zigor-bitartekaritzatik justizia leheneratzailerako igarotzeaz hausnartuko du, eta EBren Gomendioa ezartzea suspertzeko eta eredu leheneratzaile berritzaileak garatzeko azken azterlanak aurkeztuko ditu. Ondoren, Alberto Olalde Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Laneko irakasleak parte hartuko du, zeinak bideratzaile-lanetan jardun baitu terrorismo eta biktimizazio sexualeko topaketa leheneratzaileetan. Halaber, Nacho Martínez Eusko Jaurlaritzako Justizia Leheneratzaileko Zerbitzuaren koordinatzaileak parte hartuko du, eta Justizia Leheneratzaileko Zerbitzua ezartzeko lanak eta eremu intrajudizialean praktika leheneratzaile berriak azalduko ditu. Azkenik, Theo de Roos epaile ohiak eta Tilburg-eko Unibertsitateko irakasle emerituak eta Holandako Justizia Leheneratzailearen presidenteak Holandako Justizia Leheneratzailearen lege-proiektuaren edukia eta eztabaida aurkeztuko ditu.

Ekainaren 6ko jardunaldiak, ostegunekoak, delitu-mota guztietan eta, bereziki, erresistentzia eta eztabaida gehien eragiten dituzten kasuetan –sexu-indarkeria eta terrorismoa– justizia leheneratzailea aplikatzea du ardatz. Karin Madsen aholkulari daniarrak Kopenhaguen Sexu Erasoaren Biktimentzako Zentroarekin jardun du lankidetzan, eta sexu-indarkeriaren biktimentzako praktika leheneratzaileak garatzeko zenbait proiektutan parte hartu du. Jarraian, Bernd Glaeser Austriako Justizia Ministerioko aholkulariak bikotearen barruan indarkeria-kasuetan biktimaren eta kaltegilearen arteko bitartekaritzarako gomendioei eta jardunbide egokiei buruz hitz egingo du. Azkenik, Diletta Stendardi abokatu eta irakasle milandarrak Brigada Gorrien biktima eta presoekin eginiko topaketa leheneratzaileen prozesuaren esperientzia azalduko du.

Azken saioaren izenburua honako hau da: “Justizia leheneratzailea, espetxea eta baldintzapeko askatasuna: arriskuak eta aukerak”. Justizia leheneratzailea zigor-arloko justiziaren prozeduraren etapa guztietan aplikatzeaz jardungo da, eta honako hauek parte hartuko dute: Jesús María Guerrero Espetxeetako psikologoa eta Jorge Ollero ENLACE Andaluziako Federazioan justizia leheneratzaileko zerbitzuen koordinatzailea, Ursula Fernee Irlandako Biktimentzako Zerbitzuen eta Justizia Leheneratzaileko Zerbitzuko arduraduna eta Antonio Buonatesta Valoniako Justizia Leheneratzaileko Zerbitzuko zuzendaria.

Osoko saioez gainera, justizia leheneratzailearekin zuzenean zerikusia duten zenbait gairen zerrenda luzeari buruzko tailer eta mintegiak egingo dira: praktika leheneratzaileak aita eta ama espetxeratuen seme-alabekin, erradikalizazio eta estremismo bortitzaren prebentzioa, Frantziaren eta Holandaren esperientziak justizia leheneratzailearen programen gaikuntzan, diseinuan eta ebaluazioan, kalitateko zerbitzu leheneratzaileetara jotzen dela bermatzeko jardunbide egokien eta erronken analisia.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)