Berriak Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritza Chillida familiarekin "atsekabeturik"

2011.eko martxoak 25

"Ustekabe eta atsekabe handia" izan dute Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak negoziaketa prozesua bat batean hautsi duelako familiak, "deslealki"

Chillida familiaren jakinarazpenak "ezustean" harrapatu dituzte erakundeak, baita ondoren entzun diren adierazpenak ere, esanez prezioa "ez dela arazo nagusia", beste kontu batzuetara eraman nahirik ezadostasunak. Instituzioek ezadostasun horiek "benetakoak baino, semantikoagoak" diote. Negoziaketa bide onetik zihoan erakundeen ikuspegitik baina familiak "ez du gogo horrekin bat egin. Berak jakingo du zergatik".

Joan den martxoaren 18an Chillida Belzunce familiak adierazpen bat zabaldu zuen, esanez negoziaketak apurtu egiten zituela Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Ildo horretan bi instituzio hauek zera adierazi dute: “negoziatu ahal izateko, eta, batez ere, adostasunetara iritsi ahal izateko, nahitaezkoa da bi aldeok negoziaketa eta adostasun gogoaren partaide izatea. Kasu honetan, Chillida Belzunce familiak argi utzi zuen, joan den ostiraleko adierazpenean, ez duela gogo horrekin bat egiten. Berak jakingo du zergatik”.

Blanca Urgell, Kultura sailburuak eta María Jesús Aranburu, Kultura diputatuak izan dira prentsaurreko batean negoziazio apurketaren zehaztasunak eskaini dituztenak Donostian.

“Ustekabe eta atsekabe handi bat izan dugu negoziaketa prozesua bat-batean hautsi duelako familiak, desleialki”, azaldu dute. “Ezustean harrapatzen gaitu familiaren jakinarazpenak, baita ondoren entzun dizkiogun adierazpenek ere, esanez prezioa ez dela arazo nagusia”, esan dute eta horren inguruan argitasun hauek egin dituzte: Chillida Lekuk izan behar duela egile museo bat (Chillidarena), gaur egungoa, eta beste artistekiko nahiz adierazpen edo jarduera garaikideekiko elkarrizketari irekia; Familiak plazaratu dituen azalpenetan “aditzera ematen da bildumaren batasuna zalantzan jarria izan dela. Ezta urrutitik ere. Izan ere, baldintza horixe ipini genuen erakundeok operazio honetan sartu ahal izateko, funtsezko osagaia baita”.

Bestalde, negoziaketa guztian zehar, familiak “etengabe eutsi nahi izan dio beto eskubideari, programazio artistikoaren gainean; are gehiago, nolabaiteko tutoretza nahi zuen museoaren etorkizuneko zuzendaritzaren erabakien gainean.

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak argi eta garbi azaldu diote familiari, erosketa bat egiten baldin bazen, eta ez dohaintza bat, ezin zitekeela beto eskubiderik gorde, familiak nahi zuen gisan. Irtenbide bezala, bitartekaritza sistema bat eskaini genien, sor litezkeen gatazkak erabakitzeko”.

Bai Jaurlaritzak, bai Aldundiak “errespetu eta miresmen handienarekin” hartzen dutela Eduardo Chillidaren figura eta obra adierazi dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell, Kultura sailburua