Beatriz Artolazabal sailburuak, astelehenean, adinekoentzako gobernamendurako Agenda Nagusi proiektuaren lehen topaketan parte hartuko du
- Abian da Pertsona Nagusientzako Gobernantzarako Euskal Estrategia (2019-2022)
- Proiektuak Zaintzaile Ez Profesionalei Laguntza emateko Euskal Estrategia zehaztuko du
- “Age Coffee” Romoko kultur etxean, Getxon
VG 31 05 2019
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, datorren astelehenean, ekainaren 3an, Getxon (Bizkaia), Agenda Nagusik antolatu duen “AGE CAFÉ” lehen topaketan parte hartuko du; adinekoentzako parte-hartze publiko sozialerako eredua da. Parte hartzeko topaketa izango da; herritar guztientzat izango da eta, bertan, baterako hausnarketa egin nahi da, mendeko pertsonen zaintzaile ez-profesionalen lanak egiten dituzten pertsonen inguruan. Jardunaldia Pertsona Nagusientzako Gobernantzarako Euskal Estrategiaren (2019-2022) barruan sartzen da; Agenda Nagusi du izena.
Asteleheneko topaketa Getxoko Romo Kultur Etxean izango da, goizeko 10:00etatik aurrera, eta Agenda Nagusi proiektuaren abiapuntua izango da. Bertan, Eusko Jaurlaritzak adinekoekiko gobernamendurako garatu duen Agenda Nagusi abiarazteko proiektu pilotua aurkeztuko da. Agenda Nagusiren ezaugarri nagusia da parte-hartzearen fokua agenda politikoan dagoen gai batean oinarritzen dela; horrela, erakunde-konpromisoa sortzen da.
Agenda Nagusi adinekoekiko parte-hartze publiko sozialerako eredua da, eta “Gobernuaren eta Herritarren Agendaren arteko topagunea. Pertsona Nagusientzako Gobernantzarako Euskal Estrategiaren bidez, politikak eraginkortasun eta efikazia handiagoz kudeatzen laguntzen da, eta adinekoen inguruko kontu publikoak kudeatzeko modu berria sustatzen da, gobernatzaileen eta herritarren arteko harreman-esparru berria”.
Astelehenean, ekainaren 3an, Agenda Nagusi gidatzeko aukeratu den gaia jarriko da mahai gainean: zaintzaile ez-profesionalei laguntza emateko euskal estrategia sortzea. “Ahalik eta begirada zabalena lortzeko, topaketa herritar orori zuzentzen zaio eta, bereziki, zaintzaileei beraiei, auzo-laguntzako sareei, gaian adituak direnei, hirugarren sektoreko erakundeei, instituzio eta erakunde pribatuei”, esan du Beatriz Artolazabalek. Jardunaldian, Imanol Landa alkatea, Lide Amilibia sailburuordea eta Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria egongo dira.