Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadira iristen diren migratzaileei arreta humanitarioa emateko 2019ko Gertakizunetarako Plana aurkeztu du

2019.eko ekainak 03

Eusko Jaurlaritzak gosari informatibo bat egin du hedabideekin gaur goizean, Euskadira iristen diren iragaitzazko migratzaileei laguntza humanitarioa emateko 2019 Kontigentzia-plana aurkezteko.  Ekitaldian Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak parte hartu dute.

Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu duenez, migrazioa ez da ustekabeko fenomenoa: egiturazkoa eta mundu-mailakoa da; eta munduan, Europan eta Euskadin gertatzen da. Lide Amibiliak esan du estatuko eta nazioarteko zuzenbidean, arauzko betebeharra dela erantzun egokia ematea. Halaber, dimentsio humanitarioa daukala azpimarratu du, etika demokratikoari dagokiona, gizarte baten elkartasun- eta zibilizazio-gaitasuna zehazten baitu.

“Azken urteotan, askotariko adierazpenak dituen errealitate horri erantzun oso-osoa emateko lanean ari gara Euskadin eta euskal erakundeetan, eta lan horrek barruan biltzen ditu migratzaile ekonomikoak, asilo-eskatzaileak, bakarrik dauden atzerritar adingabeak, erregularizatu gabe dauden migratzaileak, bidean dauden migratzaileak eta zaurgarritasun-egoeran daudenak”, esan du Amibiliak.

Sailburuordeak nabarmendu du ez dutela erantzungo arauzko agindu etiko baten aurrean daudelako bakarrik, bilakaera-alderditik ere baduelako baizik. Hori horrela, Lide Amibiliak azaldu du munduko herrialde aberatsenek migrazio-fluxuak eta horien kultura-aniztasuna integratzen jakin dutela, “eta gizarte europarrek eta euskaldunak, zehazki, ongizate-ereduari eusteko behar dugu immigrazioa”, gehitu du.

2018ko ekainaren 16an, migratzaileen autobus bat iritsi zen Donostiako autobus-geltokira, Andaluziaren hegoaldetik etorria. Bidaia Europaren iparralderantz jarraitzea zuen helburu. Huraxe izan zen bidean dauden migratzaileen errealitatearen dimentsioa zein den erakutsi zuen lehenengo seinalea. Sailburuordeak gogorarazi du Euskal erakundeak gaitasunak eta baliabideak koordinatu zituztela, eta larrialdiko harrera-aterpetxeen sistema bat ezarri zutela Gurutze Gorriarekin elkarlanean. Hala, koordinazio-mahai bat sortu zuten koordinazioa kudeatzeko.

2019ko martxora bitartean, 8.662 pertsonari eman zaie arreta. Horien % 4ri Araban, % 60ri Bizkaian eta % 36ri Gipuzkoan. % 85 gizonak ziren, % 13 emakumeak eta % 2 adingabeak. % 40 Ginea-Konakrytik zetozen, % 20 Malitik, % 12 Boli Kostatik eta % 28 Kamerundik, Nigeriatik, Senegaletik eta Burkina Fasotik. % 90 frankofonoak dira.

Lau aterpetxe prestatu dira: Bilbon (88 toki), Donostian (30), Irunen (60) eta Gasteizen (55). Irailean, zaurgarritasun-egoeran daudenentzako zentro bat ireki zen Berrizen. Urrian, LARRAÑA ETXEA ireki zen Oñatin, 100 lekurekin, nazioarteko babesa eskatzen dutenei lehen harrera egiteko eta, aldizka, zaurgarritasun-egoeran dauden edo bidean dauden migratzaileei babesa emateko.

Lide Amilibiak esan du harreran hartutako pertsona gehien-gehienek beren bideari ekiten diotela lehen gaua igaro ondoren. % 95ek Euskadin lehenengo bost egunak igaro baino lehen egin dute. Gainerako % 50 horiek beste helmuga batzuetara joan dira, hamabost egun igaro aurretik.

Gurutze Gorriak ematen duen arreta humanitarioak zerbitzu hauek eskaintzen ditu:

  • Osasun-egoeraren azterketa.
  • Balorazioa egiteko elkarrizketa, eta, beharrezkoa bada, deribazioa.
  • Aterpetxeari eta eskaintzen zaien arreta motari buruzko informazioa.
  • Harremanetarako bitartekoak: telefono-kargadoreak, wifia eta familiei deitzeko laguntza.
  • Lehenengo mokadua, harrerarako izapideak egin bitartean.
  • Lehenengo bazkaria, catering-zerbitzuaren edo jantoki sozialen bidez.
  • 3 eta 5 gau artean igarotzeko ohea, 7 gautara luzatzeko aukerarekin, premien eta tokiaren arabera.
  • Bestelako zerbitzuak: gosariak, bazkariak, afariak, medikuaren agindua duten farmazia-gastuak, kaleko arropak, higienerako gauzak, elkarrizketetarako eta banakako laguntzarako arreta profesionala eta oinarrizko informazio nahiz orientazio sozial eta juridikoa.

2019rako hiru hipotesi

2019ra begira, Gertakizunetarako Plana prestatu du Eusko Jaurlaritzak. Gurutze Gorriarekin adostu da Planaren edukia, eta hiru foru-aldundiekin zein Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Irungo Udalekin partekatu da (orain, maiatzaren 26ko hauteskundeen osteko udal- eta foru-gobernu berriak eratzeko zain).

Gizarte Politiketako sailburuordeak nabarmendu du ezin daitekela zehatz-mehatz balioetsi zenbat migratzaile iritsiko diren 2019an. “Aurreikuspenen arabera, maiatzetik edo ekainetik aurrera hasiko dira iritsierak ugaritzen, eta uztailaren eta urriaren artean bilduko dira gehienak”, esan du. Aurreikuspen horietatik abiatuta, lan egiteko hiru hipotesi zehaztu dira Gertakizunetarako Planean:

A egoera. Gertagarria. 2018koen antzeko iritsiera-fluxuak. Unerik gorenetan, 250 pertsona irits litezke eguneko. Agertoki hau da gertagarriena. Egoera horri erantzuteko, 2018an sorturiko aterpetxeen sarea daukagu:

  • Bilboko aterpetxea: 100 toki
  • Irungo aterpetxea:  60 toki
  • Donostiako aterpetxea:  25 toki
  • Gasteizko aterpetxea: 65 toki

           Guztira:                       250 toki

  • Berrizko eta Oñatiko aterpetxe osagarriak +50 toki

B egoera. Posiblea. Fluxuak bikoiztu egin daitezke. Unean-unean, 500 pertsona irits litezke eguneko. Ez da aurreko agertokia bezain gertagarria, baina ez da alboratzeko modukoa. Dispositibo hauek dauzkagu:

  • Bilboko aterpetxe indartua: 150 toki
  • Irungo aterpetxe indartua: 100 toki
  • Donostiako aterpetxe indartua: 150 toki
  • Gasteizko aterpetxe indartua: 100 toki

         Guztira:                              500 toki

  • Berrizko eta Oñatiko aterpetxe osagarriak +50 toki

C egoera. Salbuespenezkoa. Unean-unean, momenturik gorenetan, 600 pertsona baino gehiago irits litezke eguneko. A priori, ez da oso egoera gertagarria. Hala ere, gerta liteke. Horretarako, honako hornidura hau daukagu:

  • B egoerarako aterpetxeen azpiegitura: 550 toki
  • Berehala premiazko aterpetxe bihurtzeko instalazio identifikatuak. Batez beste, ehun toki baino gehiago dauzkate, eta premien arabera egokitu litezke:

            -Araba                                                             3 instalazio

            -Bizkaia                                                           4 instalazio

            -Gipuzkoa                                                        4 instalazio

Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak azpimarratu du iragaitzazko migratzaileei zerbitzu ona emateko aukera lotuta dagoela jardunbide argiak definitzearekin. “Lehen premisa bat errealitate desberdinak ez nahastea da. Iragaitzazko migratzaileak errefuxiatuekin edo etxerik ez dutenekin edo Euskadin aspalditik dauden etorkinekin edo beste kolektibo batzuekin ez du laguntzen batzuk eta besteek jaso behar duten berariazko zerbitzua eta horrek nahasmena sorrarazten du”, esan du Fernándezek.

Jonan Fernándezek azaldu duenez, kontingentzia-plan honek iragaitzazko migratzaileen larrialditako laguntza humanitarioaren beharrei erantzuten die. Gainera, gogorarazi du haien arteko gehien-gehienek egun batean edo bitan atseden hartu eta indarberritu beharra dutela, nahiz eta kasu batzuetan egoera hori 3, 5 edo 7 eguneko aldira luzatzen den. “Larrialditako era honetako baliabideen alorrean txandakakoa izatea nazioarteko estandar bat da”, gehitu du. Harrerako zerbitzu orokor honek sor daitezkeen beste hiru eskariri erantzun beharko die:

  • Iragaitzazko migratzaileen artetik norbaitek nazioarteko babesa eskatuz gero, errefuxiatuak artatzeko sistemaren baliabideetara bideratuko dira.
  • Iragaitzazko migratzaileen artetik ahultasun handiko egoeran daudenak beste baliabide osagarri eta beren beharretara egokituetara bideratuko dira.
  • Iragaitzazko migratzaileen artetik Euskadin geratzeko gogoa adierazten dutenei, informazioa emango zaie eskuragarri dituzten gizarte-baliabideei buruz.

Kontingentzia Plan honek aurreikusten dituen irizpideen laburpena hauxe da:

  • Gurutze Gorriaren zerbitzua eta bere profesionalak arduratuko dira iragaitzazko pertsonei larrialdietarako arreta eskaintzeaz. Zerbitzu hau bat etorriko da Migrazioen Estatu Idazkaritzak xedatutakoarekin.
  • 2018an garatutako ereduari jarraiki, Eusko Jaurlaritzak eta gainerako euskal erakundeek hartuko dute bere gain zerbitzu honen finantzaketa eta berari eman beharreko laguntza, Espainiako Gobernuak aurreikusitakoari osatu beharreko orotan.
  • Euskal erakunde guztiak Erakundeen arteko Lan-mahai batean koordinatuko dira. Mahaiak batzorde iraunkor bat izango du. Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila arduratuko da Lan-mahaia eta haren Batzorde iraunkorra koordinatzeaz.
  • Onarpen-izapideak iraun bitartean, migratzaileek zerbitzu hauek jasoko dituzte: osasun- azterketa, balorazio-elkarrizketa, emango zaien laguntzari buruzko informazioa, telefono-kargagailuak, wifi guneak, senideei deitzeko laguntza, eta lehen mokadu bat.
  • Iragaitzazko migratzaileak gertuen dagoen eta leku libreak dituen aterpetxera eramango dira. Aterpetxeetan bananduta egongo dira gizonentzako eta emakumeentzako guneak. Lehentasun-hurrenkera ezarri da eriondo dauden pertsonentzat eta emakumeentzat (adin txikikoekin zein gabe); bakoitzaren egoeraren arabera, beste zentroetara bideratu ahal izango dituzte. Lekurik dagoen bitartean, aterpetxeko egonaldia bost egunekoa izango da, gehienez ere. Epe hori luzatzerik izango da premia bereziko egoerarik bada.
  • Aterpetxeetan artatutako pertsonek zerbitzu hauek jasoko dituzte: bertan gaua ematekoa, gosaria, bazkaria, afaria, medikuak agindutako botiken gastuak, jantziak, norberaren garbiketa eta profesionalen arreta elkarrizketetarako eta laguntza indibidualizaturako.
  • Aterpetxeak 20:00etatik 09:00etara egongo dira irekita. Salbuespen gisa, ordutegi hori luzatu ahal izango da. Zerbitzu hori eguneko zentroko zerbitzuekin osatuko da Bilbon eta Irunen.
  • Kontingentzia-plan honek aukera ematen du pertsona hauei elkartasunezko zerbitzuak eskaintzen lagundu nahi duten erakunde sozial edo pribatuekin. Lankidetza-esparru horrek goiburutzat behar du koordinazio-logika Erakundeen arteko Lan-mahaiarekin.
  • Elkartasunezko ekimen sozial edo pribatuek laguntza ekonomikoak edo beste era batekoak jaso ahalko dituzte, baldin eta ezaugarri hauek dituen arreta humanitarioko testuinguru batean garatzen badira: kalitate-estandarrak, gardentasuna eta zorroztasuna.
  • Erakundeen arteko Lan-mahaiaren Batzorde iraunkorrari komunikatu behar zaizkio gorabeherak, arazoak edo salaketak. Honen kudeaketak erantzun azkarrak, konpartituak eta oinarrituak eskaintzen saiatuko da. Kasu bereziki konplexurik gertatuz gero, Erakundeen arteko Lan-mahaiari helarazi ahalko dira.

Nahitaezko baldintza bat elkartasunezko erantzuna optimizatzeko

Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak nabarmendu du “erantzun egokia ematen jarraitzea –eta hobetzea– hau da, erantzun gizatiar, orekatu, jasangarri eta elkartasunezkoa” dela Planaren helburua. Gainera, Jonan Fernándezek azpimarratu du zerikusia duten erakundeen arteko lankidetza, orobat erakunde publikoen eta gizarte-erakundeen artekoa, zenbat eta estuago eta eraikitzaileago, orduan eta hobeago eskainitako zerbitzua alderdi guztietan.

Hau hórrela, bi datu azpimarratu ditu Fernándezek. Lehendabizikoa, iaz Euskadin maila handiko lankidetza ehuntzen asmatu zen, erakundeen eta elkarteen artean, eta horri esker, “denok batera jardun genuen”. Bigarrena, Euskadin ez da modu agerikoan adierazten migratzaileekiko beldurra pizten duen diskurtso arrazista edo xenofoborik, inguruan ugaritzen ari diren arren. “Zaindu egin behar dira ezaugarri horiek biak, aparteko balioa dutelako bizikidetza eta gizarte-kohesiorako”, esan du.

Era berean, Jonan Fernándezen ustez, kontuan izan behar da migrazioa edo haren adierazpen desberdinekiko erantzunak arazo bihurtzen duen guztia aukera ezin hobea dela migrazioei buruzko zurrumurru, faltsukeria eta beldurren kontura demagogia egin nahi edo onura politikoa edo hauteskundeetan abantaila lortu nahi duen ororentzat.

“Erakundeen arteko lana eta diskurtso sozial eta politiko inklusiboa zaintzeko modurik onena erakundeen arteko eta erakundeen eta entitate sozialen arteko lankidetza-esparruetan sakontzea da. Horrela jokatuta, iragaitzazko migratzaileei eman beharreko erantzuna optimizatu ez ezik, bidea irekitzen dugu euskal gizarteak migrazioa arazotzat har ez dezan, prozesu positibo eta konstruktibotzat baizik”, nabarmendu du Jonan Fernándezek.

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiaren iritziz, esparru horretan dagokigu, beste inon baino gehiago, elkarrekin jardutea, batzen gaituena aintzat hartuta. “Elkartzen gaituen hori baita, kasu honetan, funtsezkoena: erantzun gizatiar, proportzionatu, jasangarri eta elkartasunezkoa eskaintzea”, amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak