Birikietako Minbiziaren Europako Astea
Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Bingen Zupiria sailburuak Eusko Jaurlaritzak Germán Guardia Jaéni egindako omenaldian parte hartu du, Panaman, Agirre Lehendakariari erbestean eskaini zion laguntza eskertzeko

2019-05-30
  • "Guardia Jaénen eskuzabaltasunari esker, Lehendakaria Estatu Batuetara erbesteratu ahal izan zen eta, era horretan, Lehendakariak lan politiko nekaezina egin ahal izan zuen ondorengo urteotan”, adierazi du Zupiriak omenaldiaren ondoren

Gasteiz, 2019/05/30          

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Germán Guardia Jaéni Eusko Jaurlaritzak egindako omenaldian parte hartu zuen atzo Panama Hirian. Guardia Jaén Panamaren Anberesko  kontsula izan zen eta, Gerra Zibilaren ondoren, II. Mundu Gerra hasten ari zenean, Jose Antonio Agirre Lehendakariari Amerikako Estatu Batuetara erbesteratzen lagundu zion. Hitzordu horretara, Laurentino Guardia Jaén bertaratu zen, kontsularen semea, eta emaztea eta alaba izan zituen lagun.

Atzo Euskal Selekzioak Panamako selekzioaren kontrako partida jokatuko zuela baliatuz, Eusko Jaurlaritzak  Guardia Jaén familiaren omenaldia antolatu zuen, pertsona haren konpromisoa eskertzeko eta Euskadiko historiako pasarte hori gogora ekartzeko. Zupiriak, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak lagunduta, hainbat opari eman zizkion Guardia Jaéni, Iñigo Urkullu Lehendakariaren izenean, eta aitortza hitzak izan zituen zendutako kontsularen alde.

“Euskal Selekzioaren eta Panamakoaren arteko partidaren testuinguruan Eusko Jaurlaritzak Guardia Jaénen omenaldia antolatu zuen unean, Agirre Lehendakariaren hainbat eskuizkribu agertu dira Manuel Intxaustik Euskadiko Artxibo Historikoari dohaintzan utzitako dokumentuen artean, eta harreman zuzena dute Lehendakariaren Gerra Zibil ondorengo erbestearekin eta 40ko urteen hasieran Europatik Estatu Batuetara egin zuen ihesarekin. Agirrek ordurako New Yorken finkatutako Manuel Intxaustiri idatzitako gutun horietan, gure Lehendakariak nazionalsozialismoak okupatutako Europatik ateratzen laguntzeko Germán Guardia Jaének jokatu zuen rolaren garrantzia nabarmentzen du behin eta berriz, baita haren gizalegea ere. Panamaren kontsulak identitate faltsu bat eman zion, baita panamar nazionalitatea ere, eta, Guardia Jaénen eskuzabaltasunari esker, Estatu Batuetara erbesteratu ahal izan zen. Herrialde horretan, Lehendakariak lan politiko nekaezina egin zuen”, gogorarazi du Zupiriak.

Era berean, sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela gure iragana gogoratzea Euskadiren oraina eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko: “Eusko Jaurlaritzak, beraz, zor bat zuen Guardia Jaén familiarekin, omenaldia hunkiduraz hartu duena. Behar-beharrezkoa da gure iragana gogoratzea Euskadi eraikitzen jarraitzeko. Hain zuzen, Euskal Selekzioaren partida batek, Agirre Lehendakariak urte horietan askatasun eta demokraziaren alde Eusko Jaurlaritzak zeraman borroka ezagutzera emateko sortutako Euskadiko selekzioarenak, zor hori kitatzeko balio izan digu”.

Guardia Jaénen omenaldia Casa Urrutian egin zen, Panamako hiriburuko euskal familia batek zuzendutako jatetxe ezagun batean, eta bertan izan ziren Euskadiko Futbol Federakundeko kideak ere; haiek Euskal Selekzioaren kamiseta bat eman zioten familiari. Omenaldiaren ondoren, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzari esker, Guardia Jaén familiak Euskal Selekzioaren eta Panamaren arteko partidaren buru izateko aukera izan zuten agintarien palkotik.   

Guardia Jaénen omenaldiaz gain, Zupiria sailburuak hainbat bilkuratan parte hartu zuen Panamako politika eta kiroleko hainbat erakundetako ordezkariekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)