Gorka Álvarez Aranburuk Buenos Aires-eko probintziako euskal etxeak bisitatu ditu
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria Gorka Álvarez Aranburuk Argentinara bidaiatu zuen Buenos Airesek Euskal Herria Ospagai ekitaldian parte hartzeko eta, bide batez, Argentinako euskal etxe batzuk bisitatzeko, berton euskal etxe asko daude eta. Dagoeneko Gorka Álvarez Aranburu bueltatu da Argentinako bidaiatik. Bertan ondorengo euskal etxeak bisitatu zituen, Euskadiko ordezkaria Argentinan Sara Pagolarekin batera: Las Flores, Azul, Rauch, Olavarría, Tandil, Bahía Blanca eta La Plata.
Buenos Aires-en Juan de Garay Enparantzan egin zen ekitaldi batean parte hartu zuen, omenaldia egiteko duela ehun urte landatu zen Gernikako Arbolaren kimuari. Horrez gain, Buenos Aireseko hirian ere “Hotel de Inmigrantes” izeneko eraikina bisitatu zuen. Lehen hotela zen eta gaur egun Buenos Aireseko portuan kokatzen den immigrazio museoa. Berton aurrera eramandako esperientzi ezberdinen berri izan zuen zuzendariak, helburua baita esperientzi horiek gero gauzatzea Euskal Diasporaren Artxibategiaren proiektuan.
Buenos Airesen halaber Argentinako Euskal Etxeen Federakuntza, FEVA, bisitatu zuen, Laurak Bat eta Euskal Kultur Etxea euskal etxeak eta herrialde australeko euskal diasporaren historiko bat, Mikel Ezkerro.
Buenos Aires hiritik kanpo zuzendariaren eta Sara Pagola ordezkariaren lehenengo geldialdia probintziaren barnean izan zen. “Loreta´ko Euskaldunak” euskal etxean, Las Flores udalerrian hain zuzen ere. Bigarrena Azul-en, bertan hango euskal komunitatearekin bilera bat izan zuen. Hirugarren geldialdi Rauch-en izan zen, non hiri horretako Kultur Etxeko lorategian dagoen Gernikako Arbolaren kimua bisitatu zuten. Horien ondoren Olavarrían (herri horretan akademiako arduradunekin ere bilera bat izan zuen zuzendariak) eta Tandil-en izan ziren.
Bahía Blanca-ko euskal etxera egin zuten bisita mesedegarria izan zen ezagutzeko Unión Vasca, bertoko euskal etxea, egiten ari den lana Argentinako Euskal Aste Nazionala antolatzeko. Aurten ospakizun hori euskal etxearen 120. urteurrenarekin batera egingo da. Bestalde, La Platan hiriko euskal etxearen 75. urteurrenaren ekitaldi nagusian hartu zuen parte, non Lehendakariaren hitz maitagarri batzuk irakurri zituen eta opari bat eman zuen bere izenean.