Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintza Bartzelonako Security Forum azokan izan da “Orain zerbitzua ematen, etorkizuna eraikiz” goiburupean

2019.eko maiatzak 30

 
Finalista izan da I+G+b modalitateko sari batean, ekitaldi handietako ebakuazio-proiektu batean egindako lanarengatik

“Orain zerbitzua ematen, etorkizuna eraikiz” goiburupean parte hartu du aurten ere Ertzaintzak Security Forum segurtasun-azokan. Hitzordua Bartzelonan izan da maiatzaren 28an eta 29an, eta segurtasunaren munduko enpresak, organismoak eta erakundeak izan dira bertan. Ertzaintza finalista izan da azokako I+G+b sarietan, jendetza pilatzen den ekitaldietarako denbora errealeko ebakuazio-sistemei buruzko RTE-Tool proiektuan egindako lanarengatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila ordezkatuz Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Rodrigo Gartzia, izan da. 
Bartzelonako Nazioarteko Biltzarren Zentroan urtero antolatzen den azokaren zazpigarren edizioa izan da aurtengoa, eta Ertzaintzak parte hartzen duen seigarren aldia izan da hau.  Foro horretan guztira 100 erakusketari elkartu dira, eta zazpi bat mila bisitari hurbilduko zirela aurreikusten zen. Azokan segurtasunaren arloko aurrerapen teknologikoekin eta prebentzioarekin erlazionatutako materialen erakusketa zabala egin da, eta, horrez gainera, aditu-taldeen zikloa eta espezialisten hitzaldiak ere antolatu dira. Jardunaldietako bat segurtasun globalari buruzkoa izan da, eta beste bat zibersegurtasunari buruzkoa. Horrez gainera, ekitaldian bi kategoriatako sariak banatu dira: I+G+b eta Segurtasun Proiektu Onena, eta Ertzaintza lehenengo kategorian izan da finalista.
Bestalde, Ertzaintzak stand bat jarri du azokan, eta bertatik jendearen, batez ere profesionalen, galderei erantzun diete euskal poliziaren ordezkaritzako agenteek, eta segurtasun publikoarekin eta pribatuarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko topaketetan ere parte hartu dute.
Standaren goiburua “Orain zerbitzua ematen, etorkizuna eraikiz” izan da, eta jendeari nolabait ere helarazi nahi izan zaio Ertzaintzak herritarrei zerbitzua ematean oso gogoan duela etorkizuna eta bere lana segurtasunaren arloko berrikuntzetara egokituta egiten duela. Eta, beste alde batetik, hainbat bideo bata bestearen atzetik proiektatu dira erakunde honen polizia-zerbitzu guztiak eta giza eta material baliabideak erakusteko, era horretara erakundearen irudia sustatuz.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila ordezkatuz Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Rodrigo Gartzia, izan da.  Ertzaintzaren standa antolatu eta bi egunetan horren ardura hartu duena Ertzaintzaren Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzua izan da, Lucio A. Cobos intendente buruak zuzenduta.
 
I+G+b errekonozimendua
Ertzaintza finalista izan da Security Forum Sarien VII. edizioan, I+G+b kategorian, denbora errealeko ebakuazio-sistemei buruzko RTE-Tool proiektuarekin. Erakundea, Kantabriako Unibertsitatearekin lankidetzan, jendetza pilatzen den ekitaldietan segurtasun-eredu bat ezartzeko lantzen ari den proiektua da. Aplikazioarekin orain dela hainbat hilabete egin zuten proba Bilbon egindako bi ekitaldi handitan: UEFAko partidetan eta errugbiko finaletan. Saria jaso duen lana Europar Batasunak jendetza pilatzen den ekitaldietan herritarrak babesteko segurtasun estrategia bateratu batean aurrera egiteko sustatutako LETSCROWD programaren baitan egin da. Europako berrikuntza-programa horretan Ertzaintza ordezkatzen duen Iosu Alonso komisarioak jaso zuen saria, eta azokako hitzaldietako batean lan horren laburpen bat egin zuen Kantabriako Unibertsitateko ikertzaile batekin batera.
Bestalde, Ertzaintzako Segurtasun Pribatuaren Ataleko buruak, Francisco Llaneza komisarioak, azokaren barruan eta “Qué es y qué representa el Jefe de Seguridad Pública y Privada en España” izenburupean egin zen Segurtasun Pribatuaren III. Biltzarreko mahai inguruan parte hartu zuen Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren eta Esquadra Mossoen ordezkariekin batera.
Segurtasunaren arloko berritasun nagusiak erakusten dituen eta mundu osoko gaiko adituak elkartzen dituen Security Forum 2019an parte hartzea aukera ezin hobea da Ertzaintzarentzat informazioa trukatzeko eta Euskadiko segurtasun publikoaren mesederako diren ezagutzen eta aurrerapenen berri izateko.
Security Forum Estatuan segurtasunaren arloan egiten den azoka nagusietako bat da dagoeneko, eta polizia-erakundeetako, segurtasun pribatuaren arloko eta babes, prebentzio eta segurtasun publikoekin zerikusia duten enpresetako profesionalen erreferentziako hitzordua da. 
 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak