Berriak Lehendakaritza
Eu

III. Heziketa Topaketa antolatu dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Hezkuntza Sailak

2019.eko maiatzak 29
  • Topaketa 9:30etik 14:00etara izango da Iurreta LHIIn

Datorren maiatzaren 31n, ostirala, Iurreta Lanbide Heziketa Institutuan Heziketa Topaketako hirugarren edizioa egingo da. Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (GLEA) eta Hezkuntza Sailak antolatua, jardunaldiak hezkuntzaren munduko eragileen eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKEE) arteko esperientzien elkartrukea sustatuko du.   

“Estrategia eta praktika parte-hartzaileak: hurbilketak eta esperientziak” izenburupean, Heziketa Topaketak metodologiei buruzko esperientziak partekatzeko eta metodologiak gaineratzeko ikaskuntzak, orientabideak eta erreferentziak sortzeko balioko du.

Jardunaldia hamabost minutuko esku-hartzeekin hasiko da. Nélida Zaitegi Euskadiko Eskola Kontseiluaren lehendakariak hezkuntza arloan dauden parte hartzeko egiturak azalduko ditu eta Jose Alberto Vicente Boluntariotzaren Euskal Kontseiluko kideak boluntariotza eta parte hartze sozialaz hitz egingo du. Carlos Angulo Vitoria-Gasteizko Udal Hezkuntza zerbitzuko kideak bere aldetik, hiri hezitzaileez arituko da.

GLEAk “Mundua eskolan. Eskola munduan” elkartasun-senean hezteko modulu didaktikoa aurkeztuko du. Proposamen honen xedea da esperientzia pilotu baterako oinarri izatea eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza nagusiaren, GLEAren eta Hezkuntza Sailaren lankidetzaren emaitza da. 

Ondoren, La Salle Deustok, Somorrostro Ikastetxeak, Portugaleteko Santa María Ikastetxeak eta Portugaleteko Aisialdi Sareak euren esperientziak partekatuko dituzte kultur artekotasunean, elkartasunean eta gazteen parte hartzea sustatzean, besteak beste.

Aurreko edizioak

Heziketa Topaketak 2017an hasi ziren eta oraingoa hirugarrena izango da. Lehenengo biak hezkidetzarako metodologia eta praktika inklusiboak jorratu zituzten eta

GKEEk, ikastetxeek, aisialdiko taldeek zein hezkuntza arloko instituzioek ere parte hartu zuten.

Topaketa hauek GLEAko GOLDATU 2017-2020 Ekintza Planaren barnean daude, plan horrek (H)ABIAN 2030 gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren estrategian onartutako konpromisoei erantzuten baitie.

Informazio gehiago nahi izanez gero www.elankidetza.euskadi.eus webgunean aurkitu daiteke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak